2.8. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  2.8. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Zortzigarren Irudia



VIII

Narxixo eta Miel Mai. Azkenean Axeria eta Joxpakiña



(Narxixo eta Miel Mai, biak hizketan atzeko ezkerretik sartzen dira)



MIEL MAI Biga hori nik behar beharrekoa diat. Biga hori salduz gero, zertan gelditzen duk nire ukuilua?

NARXIXO Herorrek gelditu behar huke ukuiluan bigaren ordez.

MIEL MAI Bai, Narxixo; hori hala duk.

NARXIXO Egiten dituan astakeriekin.

MIEL MAI Bai, baina, sinistu nazak; nik biga hori andrea baino beharragoa diat.

NARXIXO Hik andrea baino beharragoak dituk biga, zurruta, jokoa eta beste axerikeria asko. Ez al zekiagu ba zer arropa haizen hi?

MIEL MAI Nahi duan guzia. Baina ezagutu behar duk, ni biga hori saltzera jarri banaiz, leporaino estutu nautelako dela.

NARXIXO Bai, noski. Estutu ez bahindute, hi ez hintzen behintzat estutuko. Hor ibiliko hintzen lasai asko.

MIEL MAI Ni… Zestoako idi apustuak galdu nindian; dema zorigaiztoko hura izan duk nire hondapena.

NARXIXO Ez; hik herorren burua galdu duk; harrokeriaz eta lasaikeriaz.

MIEL MAI Guztiek aho batetik esaten zitean irabazia zegoela, eta irabazia zegoela…

NARXIXO Guztiek?

MIEL MAI Guztiek.

NARXIXO Bikarioarengana ere izan al hintzen?

MIEL MAI Dotrinak jartzen duela usteko duk zer idik irabaziko duten.

NARXIXO Dotrinak, ez. Hori baxo ardoek jartzen ditek. Baxo ardoen jiran jakiten dituk gauza horiek.

MIEL MAI Guztiek hori ziotenean, ni ere berotu ninduan, eta etxe-errentarako nituen diruak, eta batetik eta bestetik atera nituenak, guziak jokatu nitian.

NARXIXO Eta guziak galdu hituen.

MIEL MAI Azkeneko txibotarainokoa.

NARXIXO Eta zer zioten orduan irabazia zegoela esaten zuten haiek guztiek.

MIEL MAI Hutsa. Ardit bat ez gehiago jokatzea, orduan zin egin nian.

NARXIXO Hurrengoa arte.

MIEL MAI Bai, noski; batek eska, eta besteak estu, honek zula, eta besteak ziri hasi zituan, eta nolabait aurrera ateratzen ote ninduan, zulo berriak bilatu eta hurrengo demara joan ninduan.

NARXIXO Eta berriz ere galdu.

MIEL MAI Baina herorrek ezagutu behar duk dema hura adar motzek irabazi behar zutela.

NARXIXO Besteak hankamotzak izan balira, bai.

MIEL MAI Geroztik zer estuasun eman dizkidaten ez diat esan nahi. Azkenekoa etxe jabearena izan duk.

NARXIXO Zer uste huen ba, etxe jabea ere adar motza zela?

MIEL MAI Orduan biga saltzea erabaki nian. Ondo besterik ezinean… baina, bart arratsean, bat-batetan gogoratu ninduan, Joxpakiñak hartu behar dituen dirutzekin, zer liokek horri niri sei bat mila erreal aurreratzea? Nik zorrari erantzungo niokek, eta biga saldu gabe, guzia antolatuko nikek.

NARXIXO Tartean beste demaren bat sortzen ez bada.

MIEL MAI Ez, Narxixo, ez ezakela horrelakorik aitatu ere. Ni honetatik ateratzen banaiz… eta Joxpakiñarentzat zer dituk ba sei mila erreal?

NARXIXO Hutsa…

MIEL MAI Horrengatik ba…

NARXIXO Horrentzat sei mila erreal hiretzat boxt xentimo baino gutxiago dituk.

MIEL MAI Bai, e…?

NARXIXO Bai ba.

MIEL MAI Orduan… sei milaren ordez, zortzi mila eskatuko bagenizkiok?

NARXIXO Horrela igotzen bahoa…

MIEL MAI Jar dezagun ba hamar mila, eta hortik gora ez diat arditik ere nahi.

NARXIXO Bejondeiala.

MIEL MAI Ezta berak eskaintzen bazizkidak ere.

NARXIXO Beha ezak, Miel Mai; sei, zortzi edo hamar mila erreal izango diren, gutxienekoa horixe duk. Hemen okerrenekoa diagu hire jokorako grina hori.

MIEL MAI Sinistu nazak utzi dudala.

NARXIXO Lehen, Joxpakiñari esaten aritu natzaiok; orain izango dituen dirutzak urre bihurtu eta bizi guzian urrea jaten ariko balitz, ez lituzkeela erdiak ere jango. Eta orain esango diat hiri, bizi guzian ezin jan litezkeen urre horiek guziak jokoan galtzeko, boxt minutu nahikoa direla.

MIEL MAI Neronek ere nahikoa galdu ditiat, eta ez zeukaat berriro jokoan sartzeko gogorik.

NARXIXO Nik Joxpakiñari hitz egingo zioat, eta emango dituela uste diat. Baina, jakinaren gainean egon hadi, hemendik aurrera zuzen ibili beharko duala; bestela, neroni izango nauk txarrena. Eta, badakik ni, txarrean txarra naizela.

MIEL MAI Bai, Narxixo, zuzen ibiliko naizela zin egiten diat.

NARXIXO Orain, ez dezaala uste, sartu eta zapla diru horiek eskatuko dizkiodala… ondo datorrenean pixkanaka adieraziaz eta…

MIEL MAI Hori, herorrek inork baino hobeto dakik.

NARXIXO Orduan goazemak txurrut bat hartzera.

MIEL MAI Ez dakik, Narxixo, zer laguntza ematen didaan. (Narxixo eta Miel Mai baserrira doaz. Atera iristean, Axeria atzeko eskuinetik garrasika sartuko da)

AXERIA Ez dela erori! Ez dela erori!

NARXIXO*

MIEL MAI E?

AXERIA Ez dela erori! Joxpakiña! Ez dela erori! (Joxpakiña baserritik ateratzen da)

JOXPAKIÑA Nola?

AXERIA Lehengo numeroa okerrekoa omen zen.

JOXPAKIÑA Okerrekoa?

MIEL MAI Ederra egin diagu!

AXERIA Bata eta bia; eta bia eta bata, eta, ez dakit… Premio maiorra duena omen da, hamazazpi mila…

JOXPAKIÑA Hamazazpi mila!

AXERIA A, ez! Hamar mila… hamar mila bostehun eta hamabi.

JOXPAKIÑA Jaungoiko maitea!

AXERIA Zure numeroak ez du ezer ere.

JOXPAKIÑA Hau hondamena! hau hondamena!

MIEL MAI Nire hamar mila errealak joan dituk.

NARXIXO Orain ere, apustua galdu duk.

AXERIA Ezta kutsurik ere; ezta apurrik ere.

JOXPAKIÑA Ai! ai! ai! (Minak hartzen du, besteak zuhaitz gainean esertzen dute).

NARXIXO Joxpakiña!

AXERIA Tantarrantan!

Ezkuta zapia jaisten da



Bigarren Egintzaren Amaia













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org