3.2. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  3.2. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Bigarren Irudia



II

Narxixo eta Antton Miel



(Narxixo atzeko ezkerretik azaltzen da)



NARXIXO Hemengoak ere isilik daude. Joxpakiña gaixoa; bere joan den egunetako harrokeriak jaitsiko zitzaizkion honezkero. Izan ere, hemen gertatu dena ez da inon gertatu. (Antton Miel atzeko ezkerretik sartzen da)

ANTTON MIEL Kaixo Narxixo!

NARXIXO Hemen dugu ba, akulumendi hau ere.

ANTTON MIEL (Narxixori besoak bizkar gainera boteaz) Hire ondotik etorri nauk.

NARXIXO Hago geldirik, hago geldirik.

ANTTON MIEL Errekaburuko gainetik ikusi diat estratan zetorrela bat beintizinko baino dotoreago, eta… Zein ote dugu hori? esan diat, eta Narxixo! (Narxixori estualdi bat emanaz)

NARXIXO Ito behar nauk! Utz nazak!

ANTTON MIEL Makallon krixketa! Hi haiz, hi, gizon politta… (Narxixori heltzera egiten du, baina honek atzerarazten du)

NARXIXO Esti! Esti atzera!

ANTTON MIEL Hi baino polittagorik ez zegok bat herrian.

NARXIXO (Zer ote dakar honek, koipe horrekin guziarekin?).

ANTTON MIEL Ez duk oraingoa. Beti esan diat nik… sinistu hezake, Narxixo.

NARXIXO Bai, bai…

ANTTON MIEL Ez hi aurrean hagoelako, baina hi bezalako gizon bat ez zeukaagu herrian. Ez noski: herrian aita santu bat behar bagenu, hik izan beharko huke.

NARXIXO Zurikeria horiekin, ik zerbait badakark ba…

ANTTON MIEL Ekarri, ez motell; zerbait eramateko asmoa… Narxixo! (Berriz ere Narxixori heltzen dio; honek atzerarazten du)

NARXIXO Hago geldirik! Hitz egin behar baduk, mingainarekin egin ezak; ez bi besoekin.

ANTTON MIEL Barrenak ematen duena duk hori.

NARXIXO Barrenean gorde ezak, ba.

ANTTON MIEL Hi bezalako gizon zintzo, prestu, zuzenekin aurkitzean, makallon krixketa! ezin egona sartzen zaidak gorputz guzian.

NARXIXO Niri, berriz, hire ondotik itzuri egin nahia.

ANTTON MIEL Eta marruskatzeko gogo bat sortzen zaidak… Izan ere, Narxixo! Ez zegok hi bezalako mutilik bost behatzean. (Berriro Narxixori heltzera egiten dio, baina honek uxatzen du)

NARXIXO Geldirik egongo al haiz! Zerbait esan behar baduk, esan ezak, baina eduki itzak besoak geldirik.

ANTTON MIEL Hiri, bai; hiri esango diat. Beste bati ez niokek esango, ezta, ezta… Badakik ni mingaina dantzatzeko zalea ez naizela.

NARXIXO Ez; hi, besoak dantzatzeko zalea haiz.

ANTTON MIEL Baina, hiri bai, hiri esango diat… hiri ez diat ba esango… Hi haiz hemen den gizonik trebeena eta jatorrena, eta hiri ez esan?… makallon krixketa! (Berriz ere Narxixori heldu nahi dio; eta honek ez dio uzten)

NARXIXO Besoak ez dantzatzeko!

ANTTON MIEL Hiri esango diat, bai. Nire andreari ez zioat esan. Baina, Narxixo, hi haiz nire ama, hi haiz nire amona…

NARXIXO Zer izan behar diat nik!…

ANTTON MIEL Hi beste gizon uste osokorik ez zegok hemen.

NARXIXO Bai; eta horrekin guziarekin zer duk?

ANTTON MIEL Esango diat… (Alde guzietara begiratu ondoren eta isil antzean) Pentsua.

NARXIXO A, bai. Hik pentsu asko beharko duk.

ANTTON MIEL Gure ukuilura begiratu besterik ez zegok. Han dagoen adina abere!

NARXIXO Eta abererik handiena herorri.

ANTTON MIEL Badakik… Pixka bat atzeratu egin nauk. Ez duk gauza handia: bi mila erreal… baina, Narxixo, hi haiz gizon politta, eta azkarra, eta bizia, eta… (Narxixori heldu nahian)

NARXIXO Geldirik egoteko! Zer da abere hau berriz!

ANTTON MIEL Alferrik duk! Gauza hauetako hi besterik ez zegok.

NARXIXO Eta, zer behar duk ba?

ANTTON MIEL Bi mila errealak.

NARXIXO Bi mila erreal? Artaburuan jaiotzen direla uste al duk?

ANTTON MIEL Ez; hemengo atso honek, nola diruz laster lehertu behar duen, hire bitartez, bi mila erreal horiek emango zizkiguk.

NARXIXO E? Ordu onean etorri haiz.

ANTTON MIEL Hi horretarako azkarra eta, bizkorra eta, bizia haiz eta Narxixo!

NARXIXO Hago, hago. Hik ez dakik zer gertatzen den hemen.

ANTTON MIEL Jakingo ez diat ba. Premio maiorra erori zitzaiola eta…

NARXIXO Hori haizeak eraman zian.

ANTTON MIEL Haizeak?

NARXIXO Bai, Antton Miel: hemengo berrietan oso atzera habil.

ANTTON MIEL Atzera nabilela?

NARXIXO Pentsuetan bezalaxe.

ANTTON MIEL Baina, hi, makallon krixketa! perretxiko xamarra haiz eta, aterako dizkiok… hik… baita…

NARXIXO Ez baldin badu, nola aterako zioat?

ANTTON MIEL Baina, premio maiorra erorita…

NARXIXO Ez zaiola erori ez premio maiorrik eta ez besterik. Jokatutako mila pezetak gutxiago. Hori atera dik loteriatik.

ANTTON MIEL Nola izan litekek ordea?…

NARXIXO Hori ez zekiat. Axeria ibili duk tartean, eta horrek jakingo dik.

ANTTON MIEL Gizon kaxkarra duk hori. (Atzeko eskuinetik Axeria azaltzen da).

NARXIXO Hemen duk bera.

ANTTON MIEL Hori ez duk hi bezalakoa, Narxixo. (Antton Miel ezkerrean ezkutatzen da).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org