|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
IV
Axeria eta Antton Miel.
(Joxpakiña joatean Antton Miel ezkerretik isilik sartzen da)
ANTTON MIEL Gixon kaxkarra!
AXERIA Hirugarrena!
ANTTON MIEL Gixon petrala, zirtzila, zarpaila. Hi bezalako txatxuei azkazal tartean hartu eta plast! egin behar litzaiekek arkakusoei bezala.
AXERIA Zer edan duk hik gaur?
ANTTON MIEL Hik utzitako kondorik ez behintzat.
AXERIA Horren minik ez diat nik edaten.
ANTTON MIEL Hik? Bestek emanez gero, sulimana ere bai.
AXERIA Baina, zer duk hik gaur?
ANTTON MIEL Pentsuak ditiat, pentsuak.
AXERIA Saltzeko?
ANTTON MIEL Ez; hiri ahoko zulotik sartzeko.
AXERIA Ez diat pentsurik jaten.
ANTTON MIEL Nik emanez gero, jango huke.
AXERIA Ez; oilaskoak nahiago ditiat.
ANTTON MIEL Hiretzat zeudek. Halako ederki guzia taxutua neukana, eta, txatxu honek purrukatu dit.
AXERIA Nik?
ANTTON MIEL Hiregatik bi mila erreal galtzen ditiat. Txiki-txiki eginda ere ez haiz ordaintzen.
AXERIA Baina, nik zer egin diat hiri?
ANTTON MIEL Hutsa; hemen ibilarazi tantarrantan! tantarrantan! tantarrantan! Likits alaena; non duk orain ttanttarranttan, ttanttarranttan, ttanttarranttan?
AXERIA Zerean, kolkoan sartuta.
ANTTON MIEL Makallon krixketa! Hainbeste premio maior, eta hainbeste milioi… eta, orain… ttanttarranttan?
AXERIA Eta nik zer egingo diat?
ANTTON MIEL Zer egingo duan?… Iskinoso alaena… nire pentsuak ordaindu.
AXERIA Nireek ere lana nahikoa ematen zidatek.
ANTTON MIEL Hiregatik gelditzen nauk ni, bi mila erreal gabe.
AXERIA Niregatik?
ANTTON MIEL Hiregatik, bai. Bi mila errealak hiri, hesteetatik atera behar nizkikek, hesteetatik.
AXERIA Zer uste duk hik? Hesteetan bankuren bat daukadala edo zer?
ANTTON MIEL Bankua, hik? Tupi zaharren bat bai. Eta karrakatua bera.
AXERIA Karrakatua ez badago ere, hire ziplakekin karrakatuko duk.
ANTTON MIEL Ziplakak? Zapladak eman behar nizkikek hiri. Bi gorosti zigor hartu eta…
AXERIA Loentxok bat eta hik bi?
ANTTON MIEL Bi, bai. Eta haiekintxe hire buru kankarrean jo behar nikek xalaparta.
AXERIA Antton Miel: lehenago ere nahiko zalaparta atera duk, eta utz nazak bakean.
ANTTON MIEL Zalaparta gehiago atera huen, hire tantarrantanekin.
AXERIA Hura joan zuan, Antton Miel.
ANTTON MIEL Hura joan bada, hiregatik izan duk, ñaño, ergel, inguma.
AXERIA Ezetz.
ANTTON MIEL Hiregatik galtzen ditiat bi mila erreal.
AXERIA Niregatik?
ANTTON MIEL Hiregatik, pentsuak ordaindu gabe gelditzen zaizkidak.
AXERIA Pentsuak ere bai?
ANTTON MIEL Gixon kaxkarra, giza artean baxoerdi bat edateko gauza ez den gixona; eta bitartean, baserri honetan, haurrak tititik bezala, zahagi muturretik ateratzen ez dena…
AXERIA Bota, bota.
ANTTON MIEL Berriz ere hire andreak dantzatu beharko dik erratzaren kirtena.
AXERIA Hiru astinaldiren ondoren erratzaren kirtena? Ez nauk ari.
ANTTON MIEL Hi ez haiz ariko; baina hire andreak ari beharko dik…
AXERIA Hi ere gehiegi ari haiz, eta oraintxe aspertu nauk. Zer da asto kirten hau berriz! Nahikoa baino gehiago esan duk, eta ez nagok ni hire lerdokeriak entzuteko. (Ate aldera egiten du)
ANTTON MIEL Eta, bazter guziak hondatu ondoren bereak handiagoak.
AXERIA Pentsuetan akatsa baduk, herorrek jan ditualako izango duk.
ANTTON MIEL Ez nauk hi bezalako aberea.
AXERIA Ez noski: ni baino askozaz handiagoa.
ANTTON MIEL Ni adinakoa izan nahiko huke.
AXERIA Horrenbesterainokoa ez nikek izan nahi. Hor gelditzen haiz. (Atzeko ezkerretik joaten da)
ANTTON MIEL (Axeria joan den aldera begira) Hoa bai, hoa: gixon kaxkarra, gixon petrala, gixon txatxua. (Txistua boteaz) Puf!… Makallon krixketa! (Atzeko eskuinetik joaten da).
|