|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
V
Joxpakiña. Gero Narxixo eta Tiburtxio. Azkenean Martxela.
(Joxpakiña baserritik ateratzen da)
JOXPAKIÑA Gure nexkak urtu behar du. Urtu behar du. Narxixok Tiburtxio ekarriko ahal du; bestela ez dakit zer gertatu behar duen gure etxean. Errazago bidali nuen. Jakin izan banu, loteria edo loteria ondo, hemen gelditu beharko zuen. Ai! Ondo damutu zait. Ez dut ikusiko berehalakoan nire begien aurrean. Nahi bezain laster ez behintzat. (Narxixo atzeko eskuinetik azaltzen da. Ondoren dator Tiburtxio)
NARXIXO Hator aurrera. (Joxpakiñari) Hona hemen, Tiburtxio.
JOXPAKIÑA Zure zain nengoen; hemen al zara, Tiburtxio?
TIBURTXIO Martxelarengatik nator; bestela ez nintzen etorriko.
JOXPAKIÑA Ez, noski. Nik ere Martxelarengatik nahi nian. Gaixoa, negar eta negar hor zegok.
TIBURTXIO Atsekabe horrek negar egin beharko zuen bai; berorrek ez behintzat.
NARXIXO Ez dezaala uste, Joxpakiñak ere malkoak zintzilik zeuzkaan.
JOXPAKIÑA Gizajo horrek ez dakik nire barrena nola dagoen.
NARXIXO Hi etorri arte gajo hau ez zuan bizi.
JOXPAKIÑA Ez noski. Hi etorri arteko orduak ez dituk joan nik nahi bezain laster.
TIBURTXIO Amak esan dit, berorri esateko, ez naukatela ni ukuiluan lotuta edukitzeko.
JOXPAKIÑA Ez horixe. Esan iezaiok hire amari, etxeko gelarik ederrenean edukiko haugula. Bai horixe.
NARXIXO Ukuilu eta barbuileria horiek Axeriaren egitekoak dituk.
JOXPAKIÑA Hark bazter guziak nahastu ditik.
NARXIXO Hura izan ez bazen, ez zen hemen ezeren okerrik.
JOXPAKIÑA Ez, bada; etxeko guztiak txoraturik geunden gure Tiburtxiorekin.
NARXIXO Nik, behintzat, beti baba darizuela aurkitu zaituztet.
JOXPAKIÑA Gure nexka… (Bat-batetan baserriko atera joan eta deika) Martxela! (Besteengana bihurtzen da) Gure nexka, honekin ikustean, zoraturik egoten ginen.
NARXIXO Hik ez dakik, Tiburtxio, zenbat maite hauten hemen.
TIBURTXIO Martxelak bai.
JOXPAKIÑA Baita beste guztiek ere.
NARXIXO Nik uste diat Joxpakiñak Martxelak baino ere gehiago maite hauela.
JOXPAKIÑA Ez nuke ezetz esango.
TIBURTXIO Nik bai.
NARXIXO Hik, bai; hik esango duk gertatu zaianagatik; baina, oroitu hadi, Axeriaren gauzak izan direla, haren astakeriak.
JOXPAKIÑA Gizon horrexek oker guziak ekarri dizkigu.
NARXIXO Axeria ardi zain jarriz gero, jakina zen zer gertatu behar zuen.
JOXPAKIÑA Bai ondo ere. Gure nexka… (Bat-batean baserriko atera joan eta deika) Martxela! (Besteengana bihurtzen da) Gure nexka negarrez ikusten dudan bakoitzean, barrenak jira egiten dit. Eta guzia, Axeria, gizon zarpail horrengatik.
NARXIXO Esan hezake axeriaren atzaparretatik itzuri egin duala.
JOXPAKIÑA Ordu onean. Eta gure nexka… (Bat-batetan baserriko atera joan eta deika) Martxela! (Besteengana bihurtzen da) ...zalantzaz beterik, bere arditxoa eraman ziotenean. Baina, zer egiten du horrek etorri gabe? Zuloren batean sartuta hor egongo da. (Joxpakiña baserrira joaten hasten da eta Narxixok geldiarazten du)
NARXIXO Zaude. Ikusiko duzu, nola nik zulotik ateraraziko dudan. (Narxixok baserriko atetik oihu egiten du) Tiburtxio hemen da!
MARTXELA (Baserriko atean azalduaz) Tiburtxio?
NARXIXO (Joxpakiñari) Ikusten?
TIBURTXIO Martxela!
MARTXELA Tiburtxio!
JOXPAKIÑA Niri eskerrak hemen duzu.
MARTXELA Berorri eskerrak joan ere egin zen.
JOXPAKIÑA Hori, ez; Axeriarengatik. Ez da hala, Narxixo?
NARXIXO Hemen egin diren gauza txar guziak, Axeriarenak izan dira. Onak berriz, Joxpakiñarenak.
JOXPAKIÑA Esango nuke.
NARXIXO Eta nire egitekoak hemen bukatu dira, eta beste bat arte.
JOXPAKIÑA Ba al zoaz?
NARXIXO Berriz ere, zerbait bada, agindu. Baina, ez dadila Tiburtxioren bila joateko izan.
JOXPAKIÑA Ez; oraingoan ez dit mutilak ihesik egingo.
NARXIXO Agur ba, Joxpakiña.
JOXPAKIÑA Zoaz ondo. Eta egin duzun guziagatik eskerrak ugari.
NARXIXO Ez da zeri. (Narxixo atzeko eskuinetik joaten da).
JOXPAKIÑA (Tiburtxio eta Martxelari) Zuek horrela ikusteaz ez dakizue nire barrena zenbat zabaltzen den.
MARTXELA Berorrek estutu ez bagintu, gu, lehen ere, zabal asko egongo ginen.
JOXPAKIÑA Lehengoak ahaztu egin behar dituzue. Ez da hala, Tiburtxio?
TIBURTXIO Berorrek hala dio.
JOXPAKIÑA Bai, bai. Zuek horrela ikusteaz, ez dakizue zenbat pozten naizen. Jarrai ezazue bada, haserrerik gabe…
MARTXELA Lehen ere ez ginen gu haserretu.
TIBURTXIO Ez, noski.
JOXPAKIÑA Ez, bada. Eta horrengatik ez duzue ba, haserretu behar. Nik uzten zaituztet, e? eta elkarri zuen gauzatxoak esanaz, ea pixka bat alaitzen zareten. (Baserri aldera joanaz) (Honetaratu garenean ez naiz haserre). (Baserrian sartzen da)
|