3.7. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  3.7. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Zazpigarren Irudia



VII

Lehengoak eta Joxpakiña.



JOXPAKIÑA (Baserritik atereaz) Hau etxearen hondamendia!

JOXE RAMON Zer duzu, Joxpakiña?

JOXPAKIÑA Hiru zahagi garbitu dizkigute, eta laugarrena hasia. Bi urdaiazpikotik sokamuturrak besterik ez dituzte utzi. Ogitan, arrautzetan, lukainketan, ez dakit zer hondamena egin duten. Nola burua jaso, nola!

JOXE RAMON Lanaren bitartez, Joxpakiña, lanaren bitartez; eta ez jokotik. Oker hauek guztiak lanak zuzenduko ditu.

JOXPAKIÑA Baina, honenbesterainoko galerak…

JOXE RAMON Ikaskizuntzat hartzen baditugu, oraindik irabazian aterako gara.

JOXPAKIÑA Bai, bai. Gure Jaungoikoak ere ez digu loterian askorik lagundu behintzat.

JOXE RAMON Arestian entzun bazenie gazte hauei, gure oinordeko izan behar duten hauei, nirekin batean esango zenuen: gure Jaungoiko onak bidaltzen digun loteria hau baino ederragorik zertarako?

JOXPAKIÑA Zerbaiten beharra izango dugu.

JOXE RAMON Eta, aurrerako ere, ez gara hain gaizki gelditzen. (Txamarrako sakelan bilatuaz) Oraindik ere, kondarren bat izan behar duela uste dut; hemen izan behar dut nonbait… Hemen da. (Joxe Ramonek mila pezetako bat ateratzen du, eta Joxpakiñak begiratzen dio alde guzietatik)

JOXPAKIÑA Mila pezetakoa!

JOXE RAMON Bai, mila pezetakoa da.

JOXPAKIÑA (Billeteari gehiago begiratu ondoren) Oi! Tantarrantan!

TIBURTXIO ETA MARTXELA Tantarrantan?

JOXE RAMON Bai; hauxe da hainbeste buruhauste eman dizun tantarrantan.

JOXPAKIÑA Nola ordea?

JOXE RAMON Loteriako dendara joan nintzen. Esan nizun numeroa zintzilik hantxe zegoen. Bi aldiz sartzera egin nuen… baina ez nuen kemenik izan.

MARTXELA Jainkoari eskerrak.

JOXE RAMON Bai, alaba; Jainkoari eskerrak. (Joxpakiñari). Billetea Donostian utzi nuela esan nizun; baina, esan ez nizuna da dendan bertan, zegoen tokian, utzi nuela.

JOXPAKIÑA Azkenean ere, horra gure tantarrantan azaldu.

JOXE RAMON Bai, Joxpakiña. Gordetzen dena azaltzen da; jokatzen dena, ez. Eta nik, diru hau sakelan gordetzeko ordez, aurrera kutxa batean, caja de ahorros batean jarri izan banu, diru honetaz gainera zer edo zer gehiago izango genuen. Eta hori da bihar, eguna argitzen duen bezalaxe, egingo dudana: Donostiara joan eta aurrera kutxa batean, caja de ahorros batean jarri. Eta hori izango da, entzun ezazu ondo, Joxpakiña; ikasi zuek ere gazteak: hori izango da egiazko loteria; egiazko Tantarrantan.

Ezkuta-zapia jaisten da.



AMAIA













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org