1.3.5. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  1.3.5. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta



Bosgarren Irudia



V

Ixkira, Txagain eta Hil-aztiak



Ixkira: Asketsi, baina, oso ernegarazi naute; eta zer esan diedan ere ez dakit.

Txagain: Horiexek dira bada: «Donostiyako iru damatxo...»

Ixkira: Bai, badakit:

Donostiyako iru damatxo
Errenteriyan dendari;
josten ere badakite, baña,
ardua eraten obeki.


Horiek ez dute Kaxianaren antzik ere! Bestelakoxea da Kaxiana!

Txagain: Ederki! Horrek adieraztera ematen dit emakumea aukeratzen badakizula. Itxurari baino izanari hobeto begiratzen diozula.

Ixkira: Bai, noski!

Txagain: Horrela ondo zoaz. Baina, ezkondu baino lehen, gizasemeak zer egitera doan jakin behar du; eta horretarako, ezkonduak nola bizi diren jakitera behartua da.

Ixkira: Erraza al da hori?

Txagain: (Hil-azti bati aztikin bat atera, eta Ixkirari emanaz) Nahi duzun etxera begira ezazu honekin, eta barrenean gertatzen den guzia argi eta garbi ikusiko duzu. Ez hori bakarrik. Zure begiak ikusten dituen tokietako hitzak eta hotsak, zure belarriek entzungo dituzte.

Ixkira: Zer gauza harrigarriak Sorgin-herrian ikusten diren!

Txagain: Ez dakizkizu ondo!

Ixkira: Zerera begiratuko dut, Axixkloren etxera. Herenegun ezkondu ziren eta elkar leunki maitatuaz egongo dira. (Aztikinarekin begiratuaz) Oi! Zer ikusten dut! Emaztea negarrez, malkoa dariola; eta Axixklo, berriz, kopeta ilun-ilun jarri, eta zokora begira! (Begiratzeari utzita) eta oraindik, hiru egun, ezkondu direla!... Gezurra dirudi!

Orain; zerari... Martin Ixkintokiri begiratu behar diot. Bere andreagatik hitzerdi bat entzuten badu, zezen-suzkoa bezala jartzen da. Maite du hark andrea, kaian beste inork ez bezala. (Aztikinarekin begiratuaz) Oi! Senar-emazteek ikaragarrizko iskanbila darabilte... E?... Zer?... Ixkintokik ukabila altxatzen dio. (Begiratzeari utzita) Hori ez dago ondo!

Txagain: Emakumeari ukabila altxatzea gizonarentzat lotsagarri da!

Ixkira: Begira zezen-suzkoari!... Nork esan, horrela jarri behar zuela!... A zer nolakoak, Ixkintokiren kukurrukuak!... Gezurra dirudi!

Orain, zera... Tribiliseneko aldamenean bizi den zera... Mendez edo hura. Bibote handiarekin, eta, erriko nagusi balitz bezala, kale guzia bere mende artuta ibiltzen da. Mendez delako nonbait!

Etxetik ateratzen den bakoitzean, emazteari, kaletik, «adios preziosa!» esanaz joaten da. Emazteak berriz, balkoitik, honela egiten dio... (Behatz muturrarekin musuak boteaz) eta ez behin bakarrik... kaletik alde egin arte!... Ikusi behar ditugu horiek ere. Ea, ea... (Aztikinarekin begiratuaz) Oi! Mendez, emazteari ezin itzuri eginik dabil... Emazteak harrapatu du, eta, alpraketa batekin ebain-ebain egiten ari da... Oi! Mendez belaunikatu egin da... eta emazte preziosak geroago eta bizkorrago zatitzen du... Zer dio Mendezek?... A, bai!... «Basta Pepita, basta!» (Aztikiñakin jotzera eginaz) Xaxpiki txepela!

Txagain: (Aztikina kenduaz) Zertara zoaz, gizona!

Ixkira: Horrek, bai, gezurra dirudiela!

Txagain: Donostian ez dago gezurra eta arkakusoa besterik! (Aztikina hil-azti bati ematen dio) Gaitz horiek ikusi ondoren, zure asmoei eusten diezu?

Ixkira: Lehen baino ere bikainago! Kaxiana eta ni ez gara, horiek bezala, ibiliko. Gure arteko jardun, nahigabe eta eztabaidak, nahitasunaren indar atsegintsuak erabakiko ditu.

Txagain: Eta, horrelako nahigabeetan, zeruko urdaiazpikoa gogoratu!

Ixkira: Bai jauna, bai: urdaiazpiko hartaz gogoratzen, igaroko dira gure egunak.

Txagain: Hemen, Kaxianagana iristeko, suzko ibai ikaragarri bat igaro beharko duzu. Alde guzietatik garra biziek, txinpart ezinegonek bizirik erretzeko zorian jarraikatuko zaituzte. Horretarako ahalmenik izango duzu?

Ixkira: Bai; Kaxianagana iristeagatik, guzietarako ahalmena izango dut.

Txagain: Gizon bulartsua, nik txalotzen zaitut! (Hil-aztiei) Kaxiana ageri den begirau

Hil-Aztiak: Rau!

(Hil-aztiak aztikinarekin begiratzen dute)

Txagain: Bada ezer?

Hil-Aztiak: Hordago!... hor dago.

Ixkira: Hor al dago? Ea, ea... (Ixkirak aztikinarekin ikusi nahi du, baina Txagainek eragozten dio)

Txagain: Esan dizut: Kaxiana ikusi nahi baduzu, suzko ibai batetik igaro beharko duzula.

Ixkira: Bai jauna: hala da.

Txagain: Neronek lagunduko dizut. Bateltxo batean joango gara.

Ixkira: Eta batela... nik gidatu behar al dut?

Txagain: Ez! Ni naiz Kapitan-piloto!

Eresia 9
[Ni naiz kapitan-piloto]
Azken eresia



Kapitan Pilotu (Etxeberria - Guimon)



Estalkia gorau!

Hil-Aztiak: Rau!

(Atzeko estalkia igotzen da eta suzko ibaia agertzen da. Aurrean bateltxo bat dago eta bertan Txagain eta Ixkira sartzen dira. Bateltxoa ezkerrean ezkutatzen da. Hil-aztiak beren aztikinarekin bateltxoari begira gelditzen dira. Une batean ibaia su eta gar ikusten da.)



Estalkiak jaisten dira

Ezkuta-zapia jaisten da

Lehenengo Egintzaren Amaia











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org