3.7.1. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  3.7.1. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta

Hirugarren Egintza

Zazpigarren laukia

Aztien mende



Eresia 14
Sarrerako eresia

(Estalkiak jasotzerakoan Sorgin-herriko gela apain, ikusgarri bat azaltzen da.)

Hizketa

Lehenengo Irudia



I

Andre Joxepa Tronpeta, Iz-Lamina



(Andre Joxepa Tronpeta, atze aldean, joan etorri dabil.

Iz-Lamina eskuinetik sartzen da, besoak jasoaz eta indartsu hitz eginaz.)

Iz-Lamina: Sorgin-herriko hil-itzal laguntzaileak, zuen begi errukitsuak zabaldu eta, hemengo atsekabe minkaitzak ikusirik, zuen malko xamur, leunak, gure oraingo latz-ikara neketsua gozatu bezate.

A.J. Tronpeta: Zer gertatzen da?

Iz-Lamina: Gerta litekeen zorigaitzik ikaragarriena. Gure aurreko lamina omengarriek behin ere ezagutu ez zuten halako elkaitza. hemengo ganga sendoak dardarka jarri dituen gertaketa laidagarria.

A.J. Tronpeta: Zer ordea?

Iz-Lamina: Nexkaxaharren artalde gozatsuan, otsoa, ardiz jantzita, barreneratu zitzaien... Bihotza porrokatzen didan oroipen oinazgarria!... Ardi gaixoen tartean, berekin bat eginik, otsoa, otso likiskeria bizitu da...! Non egon gara gu, petralkeria hori ez usaintzeko.

A.J. Tronpeta: Nola da hori?

Iz-Lamina: Nexkaxaharretan bizi zen Kattalin... gaurtik izen gorrotagarria!... Kattalin hura... Kattalin ez zen.

A.J. Tronpeta: Zer zen bada?

Iz-Lamina: Potxolo deitzen omen zioten... eta, harritu, txunditu zaitez... gizonezkoa zen! gizonezkoa! eta nexkaxahar gajoen artean, emakume bere burua eginik bizitu da!

A.J. Tronpeta: Erru beltz horrek, bere zigorkada izango du!

Iz-Lamina: Ez du izango!

A.J. Tronpeta: Nola?

Iz-Lamina: Izan duelako.

A.J. Tronpeta: Ondo egina dago.

Iz-Lamina: Herioztegiko hartzuloan, amildegitik behera bota dugu, eta bertako harkaitz mutur zorrotzek, gorputz nardagarri hura betiko txirtxilatu dute. Haren antsi gorrotagarriak gure sumina zerbait apaldu digu.

A.J. Tronpeta: Eta, horrekin gai itzal hau amaitua gelditzen da.

Iz-Lamina: Ez da amaitua gelditzen.

A.J. Tronpeta: Nola ez?

Iz-Lamina: Gaizkidea ere bada. Eta horrena ez da oraindik amaitu.

A.J. Tronpeta: Gaizkide hori nor da?

Iz-Lamina: Ixkira deitzen dioten arlote hori.

A.J. Tronpeta: Ezin liteke. Zertara etorri den hona, inork baino hobeto dakit, eta hemengo bere eginkizunetan neronek lagundu diot. Ixkirak ez du zer ikusirik!

Iz-Lamina: Zer ikusia badu! Zuk esan duzuna, zuk esan bezala izango da; bai, noski. Baina, ez didazu ukatuko: Ixkira, Potxoloren lagun handia zela; berarekin isilka-misilka asko ibiltzen zituela; eta, azkenik, mutilzahar bidean ere, hura bizkar-lagun hartuta joan zela. Ixkira Potxoloren gaizkidea da!

A.J. Tronpeta: Ez dut behin ere sinistuko!

Iz-Lamina: Zuk ez sinistu arren, besteek sinistu dute, eta orain aztien mende dago.

A.J. Tronpeta: Aztien mende erori al da? Gizajoa!

Iz-Lamina: Bai; eta zure laguntzaren itxaropena zuela, ondo agertu du. Estutasun handienetan, oinazerik bizienetan, zarpail horrek deiadarka esaten zuen:



Andre Joxepa Tronpeta
Erreginaren lantzeta!




A.J. Tronpeta: Neronek erakutsia da; eta laguntzera joango nintzaiola agindu nion. Baina, egia esango badut, deiadar horiek entzun ez ditut.

Iz-Lamina: Entzunbidea nik eragotzi dut.

A.J. Tronpeta: Gaizki egin duzu.

Iz-Lamina: Sorgin-herriko bake baretsua lohitu izan nahi duten bihotz beltz horiekin, gaizki eginik ezer ez da. Egin duten kaltea ordaintzeko beren biziak gutxi dira.

A.J. Tronpeta: Horrela usteko duzu zuk baina, ni, nirean nago. Gizaseme, gizajo hori zigortzea erabakia badago, egin bedi; baina ez dut nik behin ere bere erruan sinistuko.

Iz-Lamina: Zigortzea erabakia dago, eta zigorkatuko da... (Atzetik ezkerrera begiratuaz) hemen dakarte...

A.J. Tronpeta: Ez dut ezer ere ikusi nahi. (Aurrean, ezker aldean jartzen da, eta ez dio ezeri begiratzen)

Iz-Lamina: Sorgin-herriko lagun atseginak, poztu zaitezte! Gugan bota izan duten lohikeria gaizkileen buruekin garbituko da. Zorion azti eta neskazaharrak! Zorion Lamina eta Maitagarriak! Zorion guztiak!













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org