3.7.2. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  3.7.2. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta



Bigarren Irudia



II

Lehengoak, Ixkira, Maņu aztia eta Aztiak



(Ixkira, sokaz oso lotua, lau azti jiran dituela, eta Maņu aztia aurrean dela, ezkerretik sartzen dira. Ixkira antsika dator. Aztiek sorgin-txistua joaz jarraitzen diote.)

Iz-Lamina: Hona, hemen, basati sabelgorria. Gogor berarekin!

Ixkira: (Antsika kordea erdi galduan)

Andre Joxepa Tronpeta
Erreginaren lantzeta!




Aztiak: (Ixkiraren jiran dantzatuaz, azkazalekin harramazkatu nahi balute bezala eta leizekoa dirudien ahotsarekin abestuaz)



Upa, labirun-labirun, bera.
Upa, labirun-labirun, be.
Upa, labirun-labirun, bera.
Upa, labirun-labirun, be.




Iz-Lamina: Maņu: zirtzil horren begiak niretzat gorde behar dizkidazu.

Maņu: Zuretzat izango dira.

Iz-Lamina: Badakizu nire zapoa gizon begitara itsutua dela.

Maņu: Bai, bai: zuretzat izango dira.

Iz-Lamina: Baina, hil baino lehen atera behar dizkiozu; bestela minkaiztu egiten dira.

Maņu: Hala da; baina lehenbizi, gorputz guzia sutan pixka bat gorituta.

Iz-Lamina: Bai, bai; lehenbizi bera sutan gal-gal eduki behar da.

Maņu: Berehala. (Ixkirari) Nik gozoro, sutan kiskaliko zaitut. (Aztiak, sorgin-txistua joaz jiran dabilzkio.)

Ixkira: (Antsika, kordea erdi galduan)



Andre Joxepa Tronpeta
Erreginaren lantzeta!




Aztiak: (Ixkiraren jiran dantzatuaz, azkazalekin harramazkatu nahi balute bezala, eta leizekoa dirudien ahotsarekin abestuaz)



Upa, labirun-labirun, bera.
Upa, labirun-labirun, be.
Upa, labirun-labirun, bera.
Upa, labirun-labirun, be.




Maņu: (Iz-laminari) Suaren bila noa. (Ezkerretik joaten da.)

Iz-Lamina: Ekarri, bai; eta suaren indar gartsuak petral horren erru beltzak, betiko garbitu ditzala. Sorgin-herria atseginduko da, Laminak atseden gozoa izango dugu, eta lehengo bake baretsura bihurtuko gara. Hil-itzal adiskideak lagundu, arren gure egipenean!

Maņu: (Su-ontzi sua gal-gal duen bat eskuetan ekarriaz, ezkerretik sartzen da) Hona hemen.

Iz-Lamina: Jarri gainean eta gori-gori egin berehala.

Ixkira: (Antsika) Ai! ai! ai!

Maņu: Hago isilik, ama hordiaren seme ustel madarikatua!

Aztiak: Ixo! Ixo!

Ixkira: Ai! ai! ai!

Maņu: Isilik, tortikaz jositako ume baldar, nazkagarria!

Aztiak: Ixo! Ixo!

Ixkira: Ai! ai! ai!

Maņu: Ez duk isildu nahi? Nik isilaraziko haut! (Iz-Laminari) Mingaina kenduko diot, eta horrela isilduko da. (Maņu ezkerretik joaten da)

Iz-Lamina: Hori da. Mingaina atera, eta ez du gehiago deiadar lotsagaberik egingo. Bere gezurrezko hitzekin ez du gehiago lohituko Sorgin-herriko biziera zintzoa. Bere marru nardagarriekin ez ditu nazkatuko gure belarri argiak.

(Gorrika handi batzuk eskuetan ekarriaz, Maņu, ezkerretik, sartzen da.)

Maņu: Arrantzak egiteko gogoak kenduko dizkiat orain. (Maņuk mingainetik heldu nahi dio baina, Ixkirak burua ibiliaz ez dio uzten.)

Ixkira: Ai! ai!

Maņu: Hago geldirik, madarikatu hori!

Aztiak: Geldi! geldi!

Iz-Lamina: Eutsi, guztien artean! (Aztiek, guztien artean, gogor heltzen diote.)

Maņu: Orain! orain! (Gorrikarekin mingaina kentzen hasten da.)

Ixkira: Ai! ai! ai!













     

euskaraz.net Đ Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org