 |
|
 |
 |
|
Toribio Alzaga
I
Iruditegiak gela apain bat aurkeztatuko du. Atzian ate aundi-xamar bat. Ezker-eskuitan ere atiak. Eskuian ixpillu bat. Mai ta alki politak eta abar.
Estalkia igotakoan, Esteban eta Andres, exerita, izketan.
Esteban Alaxen da bada.
Andres Beraz, zure illoba Xixili, ¿emaztearen aldekoa da?
Esteban Bai. Gurasuak il eta umezurtz gelditu zanian, guregana ekarri genuen.
Andres ¡Gaxua! Ondo nexka polita da.
Esteban Polita, azkarra, ona ta langillia. Bañan, alare, etzion iñork arpegira begiratzen. Diruik etzuela usandu zuten nonbait, eta jakiña dago: «txanponik ez bada, gaurko eguneko gizasementzat emakumerik ez dago».
Andres Egiya diyozu.
Esteban Ontan, izan genduben Alberto’ren il-berriya. Alberto ori, nere emaztearen anaya zan; gizarajuak oso egos-gogorra izan biar zuben; ta, ala, bere berririk ez genduben izaten. Bizi zala-re, doi-doi genekigun. Mancha alde artan, meatz, mina batzuen jabe zala bagenekigun, aberats zegolare bai...
Andres ¡Izugarri!
Esteban Ta, beste ezertxo’re ez. Il-berriyaren ondoren, zerbait adierazi ziguten, gure illoba Xixili’rentzat diru ondotxo utziya izan biar zubela... ta, ¡arrigarrizko gauza! guk baño len jakin zuten kanpuan. Erri guziyan zabaldu zan Xixili’ren aberastasuna.
Andres Ala gertatzen da.
Esteban Ta beriala asi ziran Xixili’ren ondotik. Ordu arte iñork begiratu ez baziyon, bazeukan ordubantxe nork begiratuba. Ezin txanda artu, gizona. Batek onla, bestiak ala.. (Imintziyuak egiñaz) ¡A zer kankarreko miña eraman biar zuten batzubek! Eta, guztitatik bazan: itxurazkuak, itxura txarrekuak, apañak, arlotiak, gaztiak... azkenian, agure bat ere bai, piper-morrua zirudien sudurrarekin, or egoten zan ¡a!... (Imintziyua egiñaz) bere ortz ustelak erakutsiyaz.
Andres ¡Ikustekua egongo zan!
Esteban Alarguna omen da, zortzi seme-alaben aita; ta izan gogua, kirten arrek, neskatxai begira egoteko.
Andres Bazeukan bada etxian zeri begiratuba.
Esteban Bai, bai; obe ziyon oliyo-txarruari ondo begiratu.
Andres Ez da gezurra.
Esteban Eskutitzez artzen zuben berriz Xixili’k... ¡Egunian sei errial ez genituben aski karteruentzako!
Andres Txinixten det.
Esteban Ta alako aukera izan emakumiak, eta, geyenetan gertatzen dan bezela, txarrenarekin gelditu zan.
Andres Gizona, gizona...
Esteban ¡Txarrabeta jotzallia! ¡Biolinterua! ¡Txokolaterua izan bazan alare!
Andres Bai, gizona.
Esteban Ikusi dezun mutillik txoruena. Txibiribiri deitzen diot nik. (Altxiaz) ¡Jostallu utsa da, geldirik ez dago une batian, beti dantzan dabillela diruri! ¡Kaxkariñik izan bada, orixen da kaxkarin jatorra!
Andres Eta neskatxak nai...
Esteban Txoraturik dago bere orrekin. Gure esanak alperrik izan dira. Ez dakit nik, Xixili dan azkarrarekin, nola xalta-periko orretzaz zaletu dan.
Andres Izan ere.
Esteban Ikusiko bazenitu biyak emen panpantxo daudenian, zer txorakeriyak, zer ametsak... Uste dute osabak utzi ditubela ikaragarrizko dirutzak.
Andres Utzi ditu... utzi ditu...
Esteban Utzi biarko zituben. Etzituben noski berekin eramango, bañan...
Andres Larogei ta amar milla durotik gora izango dira.
Esteban Ez da auntzaren gaberdiko eztula.
Andres Ez.
Esteban Bada, esan bezela, beren diru oyekin ametsetan zebiltzan; eta ontan ¡zapla! zure eskutitza artu genduen, adieraziaz, osabaren ontasunaz Xixili’k jabetu nai bazuben, bere lengusu Jenaro’rekin ezkondu biarko zubela.
Andres Ala da.
Esteban Bai, ala izango da; baña ¿zer egin biar du orain Xixili’k bere Txibiribiri orrekin?
Andres (Altxiaz) Gai ortan, argi ta garbi azaltzen da azken-naya. Alberto jaunaren ontasun guziyak, bere illoba Jenaro ta Xixili’rentzat izan biar dute, abek biyak alkarrekin ezkontzen badira. Biyetako bat ukatuko balitz, ukatzen ez danarentzat izango dira ontasun guziyak.
Esteban ¿Eta biyak ukatzen badira?
Andres Beartsu-etxetarako.
Esteban Bañan, ¿nola nai dezu Xixili’k Txibiribiri uztia?
Andres Utzi ditzala bada, osabaren ontasunak.
Esteban Eta... ¿nola nai dezu, osabaren ontasunak uztia, bere ayen ondotik badabil Txibiribiri dalako ori?
Andres Ez dauka bada beste biderik. Gaur arratsaldeko labetan, Jenaro ta Xixili’k biyak, aitortu biar dute nere aurrian, osabaren aginduba betetzeko gertu dauden ala ez. Jenaro’k idatzi dit ordurako egongo dala. Zubek ikustera, uste det lenago etorriko dala.
Esteban Noski...
Andres Badakizu bada: labetarako dijuala Xixili nere etxera, ta an... deizkiyona esango du.
Esteban Ez da asmatzen errexa.
Andres Ori adieraztera etorri naiz, eta orrenbesterekin banua. (Eskua eman eta ate-aldera juanaz)
Esteban Arratsalde arte bada.
Andres Bai... (Bat-batetan biurtuaz) ¡A! Ta aztuta nijoan. Emaztia gaxo daukazula esan didate.
Esteban Bai, baña, obeto dago.
Andres Atsegin det. (Ate-aldera juanaz)
Esteban Eskerrik asko.
Andres (Berriro biurtuaz) ¿Jeikiko da ordia?
Esteban Oraindik ez; baña bigar edo etzi jeikiko dala uste det.
Andres Nere eskumuñak emango dizkiozu.
Esteban Atsegin izango du. (Biyak atzetik juaten dira)
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |