 |
|
 |
 |
|
Antonio Zavala. Alza’ko Bertsolari Zaarrak
Alza’ko Gazteluene baserriko Jose Ramon Erauskin, Txirritaren illobak, onako berri auek idatzi dizkigu Andres Arrieta’z eta urrengo bertso-sallaz:
«Andres Marrus deitzen zitzaion, Marrus izeneko baserrian jaioa zalako, naiz gero ezkonduta Garbera-goi baserrian bizitu.
Gizon aundi ta gorputz ederreko bat zan. Ala kontu egin ere egiten zion bere buruari. Beragatik esaten zan jale edo apetitu aundikoa zala, baña txukun eta poliki-poliki jaten zuala.
Lanari etzion alako amorrurik; naiago zuen lan egiñ baño beste edozer gauza. Orregatik, beti arlote xamar bizitu izan zan, alik eta bere seme bat etxera ezkondu zitzaion arte.
Argatik ainbeste saiatuko zan semeari andregaia billatzen, bai baizijuan urtetan aurrera, eta Andresek pentsatu zuan berak billatzea semeari andregaia eta beretzat erraña.
Bein batean ikusi du Txomiñene deitzen zaion ballarako taberna batean neskatxa bat serbitzen ari dala; asi da poliki-poliki izketan, eta antzeman dio ezkontzeko gogo pixkaren bat badaukala, eta esan dio aber nai duan aren semearekin ezkondu eta bere etxera etxekoandre juan; eta erantzun zion ezin zezakela esan, etzuela ezagutu ere egiten eta.
Orduan esan zion Andresek, jarri zezala apari bat urrengo jai baterako bere seme Joxe Ramon eta aren lagunentzako, eta ura egiñaz ezagutuko zuela. Baita ere ondo artu neskatxak.
Orduan jarri ditu Andresek jakiñaren gañean bere semearen lagunak, esanaz apari bat egin zezatela elkarrekin alako tabernetan, eta olako neskatxari erakutsi zezaiotela bere semea. Baita egin ere. Eta au guzia, bere semeak etzekiela zertarako zan.
Andik ondorengo egun batean juan zan Andres neskatxarengana, eta galdetu zion zer iduritu zitzaion bere semea; eta erantzun zion etziola beste faltarik billatzen zaar xamarra izatea baizik.
Ala ta ere, biak ezkondu ziran eta familia azi zuten, eta oso errañ maitea izan zuen Andresek.»
Erraña oni onako bertso auek jarri zizkion Andresek. Otxoki baserriko Patxi Lazkano’ren eskuz idatzitako kuaderno batetik kopiatuak ditugu:
1
Bertso berriyak jartzera nua,
jendiak artu goguan,
memori ona izanagatik
bariatzen du buruan;
orren igualik ezta izango
beste ume bat munduan,
etxeko erreña ondratu biat
kondesa baten moduan.
|
2
Alegri (y) ortan badet lagun bat,
izena Patxi Larrarte,
berrogei eta zazpi urtian
ez det ikusi gaur arte;
orren illoba neskatx eder bat
etxera ekarri nai nuke,
nere desiua ala litzake
baldiñ berak nai baluke.(1)
|
3
Maria ederra biyotzekua,
nere esan bat aditu,
uste det beintzat badaukagula
gauza ainbeste kreditu;
osasun ona eta lanian
talentu aundiyak ditu,
gure etxera juaten bazera
semiak maiteko zaitu.
|
4
Aurreko aldian zu ikusita
zeiñ ez litake gustatzen?
eskol-umiak plazan bezela
asi litazke jostatzen;
zedorren gauza agindu eta
ezpadiyozu ukatzen,
aren faltarik izango danik
neri etzait iruritzen.
|
5
Alegriyatik Alza’ko errira
neskatx eder bat propiyo,
gure etxerako txit ona da ta
beria aitortu biar zayo;
bajuan dagon dama gaztia
altura nai nuke iyo,
desgustorikan ez dezan izan
gaur ni naizela meriyo.
|
6
Mundu guziyan nere partetik
nai nuke adierazi
irurogei ta zazpi urtian
zer modutan naizen bizi; (1)
antziñakuak esan zutena
goguan artu lenbizi:
famili ederra aziagatik
geienak juan dira igasi.
|
7
Guraso zarren alebiyua
zartuta ezin ikusiya,
ontaz aurrera artu biarko,
al badet, pazientziya;
orain etxian gelditzen danak
baidute konzienziya,
aita eta ama anparatzeko
berak al duten guziya.
|
8
Gauz oiek orla aditutzia
guraso zarrarengandik,
nik ez det uste informe txarrik
etorri danik iñondik;
urte askuan ongi izatia
desiatutzen diyet nik,
esperantzetan bizi gerade
gure Jaungoikuagandik.
|
9
Jose Erramun Arrieta da
Doña Maria Jauregi,
urte askuan ongi izatia
desio zaie biyeri;
aurreko aldian esango diyet
formalidadez berari:
eguzkiyaren onduan dagon
izar eder bat diruri.
|
10
Maria ederra biyotzekua,
gure erraña zu zera,
nere partetik utziko etzaitut,
al baldin badet, galtzera;
kariño onian saiatu zaitez
zarrak anparatutzera,
etxeko gauzak zuretzat dira
ongi portatzen bazera.
|
11
Orain bezela ontaz aurrera
baldin bazera portatzen,
ni ere zerbait pentsamentuan
asi naiz konsideratzen;
famili danak maite zaitugu
ezpazerade muatzen,
osasun ona degun artian
batere ezkera kejatzen.
|
(1) Auek jartzerakoan irurogei ta zazpi urte baldin bazitun, 1856’gn. urtean jaioa zan ezkero, bertso auek 1923’gn. urtekoak dira.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |