Bertso Berriak aita zar batek jarriak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altza'ko bertsolari zaarrak »  Bertso Berriak aita zar batek jarriak

Antonio Zavala. Alza’ko Bertsolari Zaarrak



Bertso Berriak
Aita Zar Batek Jarriak





Patxikoren osaba bat, Prantxisko, Artzaka baserrian bizi zan. Bi etxeak, Amueder ta Artzaka, alkarren bistan daude, eju eginda aditzeko moduan.

Prantxiskok, zergatik ez dakigula, beia il ta zuloan sartu bear zuan. Lan ori egiteko, illobai deitu zien. Etorri ziran auek, eta beia tiraka zeramatela, soka autsi zuten, ta osabak soka kobratu egin zien illobai. Patxikok etzuan ori ontzat artu, ta bertsoak jarri zizkion osabari. Berri auek, Alza’ko Otxoki baserriko Inazio ta Patxi Lazkano anaiengandik jakin ditugu.

Bertsoak, berriz, «Imp. y lit. de V. Iraola»-n inprentatua dagoan eta Oxford’ko Bodleyan Library’tik mikrofilmez eskuratua degun bertso-paper batetik kopiatuak ditugu.

1
Gaztetandikan ikasi nuben
kantu-laneko platikan,
deskuidatzia gauz erreza da
zerbait jakiñagatikan;
jolas-bide bat izandu degu
Altza’ko Artzaka’tikan,
Franzisko, kantak jartzera nua,
ez egiñ nere faltikan.
2
Illobak artu omen dizute,
Franzisko, beia iltzeko,
zutikan eziñ egon zala ta
bertan larruba kentzeko;
sangratu eta esan omen du
kanpora ateratzeko...
orrelakuak bear dirade
moda berriya jartzeko


3
Bizirik etzan mugitzen eta
ilda nai zuben joatia,
ezagun da oraiñ zenbateraño
zedukan borondatia;
faborerikan ez du egin nai,
al baldin bada kaltia,
leku txarrian ibilliko da
orrekin inozentia.
4
Kondiziyuak itzegin ziran
biar bezela salmentan,
amairu duro egin zituben
etxeko sotuan bertan;
aragi ori iñork nai badu
kilua iru pezetan,
biyar goizian jartzera nua
anunziyua gazetan.


5
Jateko onik ematen ez da
txarra nai ezik lajia,
estomagua debilla zeukan,
tripatik zuben ajia;
munduban asko persegitutzen
zuben enfermedadia,
obe litzake orlako gaitzak (1)
atajatuko balia.
6
Illiarekin tapatu zaizka
begiyak eta adarrak,
aurreko aldetik indarrik ez da
atziak oso baldarrak;
nork daki zenbat malamentian
egiñ dituben negarrak,
penik geiena ematen ziyon
mundu au utzi biarrak.


7
Iñork tiraka atera ez balu
an egongo zan oraindik,
buruba zeukan lurrian eta
ezin zabaldu begirik;
Europa’n ez da sekulan egiñ
korrida ederragorik,
pikadoriak ez dute izan
toriadore biarrik.
8
Nere denboran etzat aztuko
orren salida kuadratik,
zeñek elduba etzuben falta
atzetik eta aurretik;
sokan artzeko esan ziguten
nagusiyaren partetik,
tiraka autsi gendubela ta
pagatu degu larrutik.


9
Kuerda fiñ orrek izan biar du
belarra ero lastua,
buelua franko bazuben baño
materiala bastua;
orrekiñ ere eman diguzu
zortzi pezetan gastua, (2)
auzuan estimatu liteke (3)
orlako gizon prestua. (4)
10
Motiborikan gabetandikan
ez gera inkomodatu,
mundu guziyak jakin dezala
il nola geraden gertatu;
auzuak ondo ikusi baño
naiago luke urkatu,
orra illobak osabarekiñ
ederki eskarmentatu.


11
Jose Migel da Marzial ziran,
Santiago eta Agustin,
labak illobak inkomodatu
osaba Franziskurekin;
Jose Leon da Luzio berriz,
Inazio zan arakin...
amak egiñik seme oberik
ez da izango beñipin.
12
Errespetua guardatzen degu (5)
izanagatik gaztiak,
apenas geran persona zarra
gaizki tratatu zaliak;
bere buruba abiltzat dauka
tonto eginda bestiak,
zenbaiti orrela juaten zaizka
munduko egun tristiak.


13
Orgullua ta banidadiak
gizona askotan galtzen du,
gaztia dala okertzen bada
zartu eta eziñ zuzendu;
besteri burla egiteko ere
etzera txarra izandu,
obe zenuke zere etxera
begiratuko bazendu.
14
Munduban danik gaitzik txarrena
iñor ezin ikusiya,
ene Franzisku, ala dijua
zure denbora guziya;
aiñ da amablia desonratzeko
Jaungoikuaren graziya,
iruritzen zait ote zauden (6)
burutik oso jantziya.


15
Zure moruko buru-gogorrak
lenago ere bazian, (7)
justubak baño kobardiago
eriyotzeko trantzian,
Jangoikuari barkaziyoka
errendituta jartzian...
ikusiko da nola geraden
denbora allegatzian.
16
Usua egan bezela dator
munduko errematia,
nere anaia biyotzekuak,
utzi gorrotidadia;
orrengatikan len ere dago
infernu dana betia,
komeni bada guarda gaitzatzu,
gure Jangoiko maitia!
(1) Paperean orrelako dago.
(2) Paperean pezetaren dago.
(3) Paperean estima dago.
(4) Paperean orrelako dago.
(5) Paperean guardatutzen dago.
(6) Paperean iruitzen dago.
(7) Paperean baziran dago.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org