Saturnino Erauskin


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altza'ko bertsolari zaarrak »  Saturnino Erauskin

Antonio Zavala. Alza’ko Bertsolari Zaarrak



XATURDINO ERAUSKIN

(1874-1950)



Saturnino Erauskin





Bertsolari onetzaz emen jarri diran itz guziak, azkeneko bertso bat izan ezik, beraren illoba dan Jose Ramon Erauskin Lujanbio’k idatziak dira. Onen aita ta bertsolari au, anaiak ziran.

Txirrita, ere, Jose Ramon onen osaba zan; beraren ama ta Txirrita, anai-arrebak.

Saturnino, bere jaiot-etxean, Alza’ko Gazteluene’n bizi zan; Txirrita, berriz, etxe ontara bildu zan bere azkeneko urteak pasatzeko. Etxe batean bi bertsolari, beraz.

«Xaturdino, 1874’ngo Maiatzaren 21’an Alza’ko Gazteluene’n jaio zan. Orrengatik, Gaxtelu deitzen zioten, bere anaiari bezela.

Entzun izan dedanez, Pasai San Juan’en bataiatua omen zan. (1)

Bere denboran oso gizon ona ta zuzena izandu zan. Pasai’ko portuan ibiltzen zan arotz-lanian, osasunak lagundu zion artean.

Etzan ezkondu, bañan bere illoba eta illoba etziran askoren aita-jauna izan zan. Oso maitea eta ixtimatua izan zan beti bere illoba guziakgandik.

Bertsotako apizio aundia izan zuan, eta oso ederki egiten zuan, bada jendea oso gustora edukitzen zekien, bertsotan ari zanean.

Urte askoan Txirrita eta biak elkarrekin bizitu ziran, eta askotan aritzen ziran kantari, eta len jakin ez balu ere, arek geiago erakutsiko ziola uste degu.

Oraindik gogoratzen dira bere illobak Eguberri-jai batzuetan zer saio ederra egin zuten. Lenbizi Txirrita aspertu zan, eta ala ere Xaturdinok kantatzen segitzen zion; eta Txirrita, oiera zijoala, eskalleretatik jira ta onela bukatzen zan bertso au kantatu zion:

...auxen da lana, au: neronek erakutsi ta menderatuko nau!


Etzan ibiltzen erriz-erri festetan kantatzen, baña ala ere bein edo bein Txirritarekin juan izan zan, onek eraman-azita; bañan naiago izaten zuen bere lanean jarraitu, bertsoetako ibilliari utzita.

Bertsoak jartzen etzan aritzen, bañan ez etzekielako. Txirritarengana bertso jartzera etortzen zanari, bazekien tartean politak jartzen, naiz gero Txirritak jarriak bezela eraman.

Onela, bein batean, Errenteri’ko gizon bat obran erori ta min artu zuen; eta etzutela ondo sendatu, eta bertsoak jartzera etorri zan; eta aietako bi bertso, gutxienez, Xaturdinok jarriak dira. Auek dira:

Frontala altxatzen ari giñala
aldamiyotik jausita,
penagarriya gelditu nitzan
espalda-ezurra ausita;
mediku bati egin dizkiyot
makiñatxo bat bisita,
ez ote naizen ondo jarriko
geldituba naiz etsita.


Baten biotza lertu liteke
ez baldin bada arriya,
itzegin nai ta itzegin ezin,
auxe da nere larriya!
espalda autsita aldrebes daukat
mediku batek jarriya,
orain ostera egin biarra
operaziyo berriya,
oiek danak nik sufritu biar,
au mundu penagarriya!


Fermin Imaz ta Txirritak, asarretu ta elkarri bertsoak jarri zizkiotenean ere, Imaz’i jarri zionetako politenetako bat ere Xaturdinok jarria zan:

Errenteriya’n ziñan
kantari azaldu,
nere kontra paperak
ziñuen saldu;
beste batzuek berriz
mozkortuta galdu,
aldrebestasunian
oi zeñek igualdu?
memoriya auldu,
izketa moteldu,
neri artzen kargu,
lotsarik bai al du?
motibuak badauka
nundikan eldu! (2)


Etxean sagardoa zegoen batean, Ernani’ko Olegario bertsolaria etorri zan beste gabe Xaturnino ta Txirritarekin bertsotan aritzearren. Illunabar guzia kantari pasa eta oeratu ziran. Urrengo goizean, aiek lo zeudela, lanera joan bear izan zuen Xaturdinok, eta eguardian bazkariarekin joan zan illoba, eta berarekin bertso au bialdu zioten goizean lotan utzi zituen bertsolariai; lendabizi illobari erakutsi, gero illobak aitari erakutsi, eta onek Olegario ta Txirritari kantatzeko:

Lanera etorri naiz
erdi negarrian,
lagunak lo utzita
patxara ederrian;
Txirrita ta Olegario
daude indarrian,
allegatuko dira
leku biarrian,
nik konponduko
ditut illunabarrian!


Beste jai batean, Xaturdino ikusi zuen Txirritak triku bat larrutzen ari zala, eta galdetu zion:

Zer pasa zaio orri, Xaturdino?

Eta onek onako bertso onekin erantzun zion:

Juan dan astian goiz alde batez
etxe azpiko lintzuan,
zakurra zaunkaz ari zan eta
juan nitzan aber zein zuan;
triku triste bat zeukan mendian,
gizaraxuak min zuan,
txapelan artu, etxera ekarri
ta gero zer egin zuan?
tapaki txarra jarri nion ta
gabian otzak il zuan.


Beraz, bertso gutxi dakizkigu berak kantatu eta jarriak, baña sagardotegira edo lagun-artera juaten zanean, bertso polit asko ta asko kantatzen zituan. Argatik jendea ainbeste saiatzen zan bera kantari jarri-erazten.

Oraindik zaartu. baño len, gaitz triste eta luze batek arrapatu zuen, eta lanera joateari utzi egin bear izan zion, eta andik aurrera etxean baserri-lanean aritu zan, bere gaitza pazientzi aundi batekin eramanaz; eta bere umore ona ala ere etzuen galdu.

Gero, azken aldera, zaartu zanean, askotan egon izan zan miñez, eta bi edo iru aldiz elizakoak egin zituen, oso elizkoia eta fedetsua baitzan.

Atzeneko artu zituenean, apaizak, extremaunzioa eta beste otoitzak egin ondoren, onela esan zion gaxoari:

Xaturdino, zerura joaten zeranean, neretzat erregutu!

Ta Xaturdinok onela erantzun zion:

Al baldin badet, bai!

Eta apaiza andik atera eta irureun bat metro bidean joan zanerako, bere anima Jaungoikoaren eskuetan utzi zuen, 1950’garreneko Agostuaren 28’an, arratsaldeko lau ta erdietan, irurogei ta amasei urte zituala, Alza’ko Gazteluene’n, Txirrita il zan etxe berean.» (3)



San Inazio egun batean, topo egin omen zuten alkarrekin, Alza’ko Irazuene-goi baserriaren atarian, Xaturdino ta Saiburu bertsolariak. Lenengo onek kantatu omen zuen bertsoa, ta Xaturdinok onela erantzun omen zion:

Irurogei ta amasei urte
ni jaio nitzala,
geroztikan egin det
munduan itzala;
banekien betiko
etorri ez nitzala,
Aingeru Guardakuak
guardatu gaitzala!


(1) Ez Alza’n beintzat. Emengo bataio-agiri-liburuak dionez, gerragatik eliza Gobernuak bere, soldaduentzat artua zegoan, eta 1873’gn. urtetik 1876’gn. urteraño etzan Alza’ko parrokian bataiorik izan, Aurrak auzoko errietara eramango zituzten.
(2) Imaz ta Txirritaren asarre-aldi ontako bertso guziak, Auspoa’ren 24’garren zenbakian arkituko ditu irakurleak.
(3) Oneraño Xaturdinoren illobak idatzitakoa. Ondoren jarri degun bertsoa, Irazuene-goi baserriko Manuel Sarriegi’ri jasoa da.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org