Korrika-apustura


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Altza'ko bertsolari zaarrak »  Korrika-apustura

Antonio Zavala. Alza’ko Bertsolari Zaarrak



Korrika-Apustura



Korrika-apustu onen korrikalariak, onako auek izan ziran:

Bata, zarra, Joakin Ibarburu, 75 urtekoa; Uba’ko ermitatik laister dagoan Plazentzi baserrikoa zalako, Joakin Plaxentxi esaten zioten. Alza’ko ayuntamentuan konzejal izan zan urte askoan.

Bestea, gaztea, 23 urtekoa; Sanson edo Xantxon zuan izengoitia. Gizajo bat zan.

Apustua zuten Otxoki baserria ta Ametz-gaña bitartean: zarra, goitik beera, Ametz-gaña’tik Otxoki’ra; gaztea, beetik gora, Otxoki’tik Ametz-gaña’ra.

Trabesa, duro bat zuten. Xantxoni bestek osatu zioten duro ori. Oietako bat, Joxe Garmendia izan zan. Pezeta jarri zuan onek.

Joxek Ametz-gaña’n egon bear zuan, Xantxon noiz irixten zan, Otxoki baserrian zeuden erloju-zaleai pistola-tiro batez adierazteko. Bañan etzan tiro bearrik izan. Orra zergatik:

Abiatu ziran korrikalariak egiñalean, ta, alkarren parean irixtean, zarrak gazteari onela esan zion, geldi-arazita:

Nora oa, aluki?

Ta gizajo ura, itz oiekin ikaratuta-edo, igo gabe gelditu zan. Ala, zarrak irabazi zuan apustua, ta Joxek pezeta galdu. Gero, bertsoak jarri zituan onek.

Garai artan, Otxoki taberna ta sagardotegia zan, ta jai-arratsaldeetan olako broma asko egiten zan. Umore-faltik etzan izaten. (1)

1
Korrika-apustura bat
izan degu Alza’n,
orain nago penetan
metituba salsan;
makiña bat persona
ikustera juan zan,
sekulako istillua
egun artan an zan.
2
Asi naizen kasuan
esango det dena,
Apirillaren biyan
artu degun tema;
ixilik egotiak
ematen dit pena
onra zabaldu gabe
aitona batena.


3
Bostetako biltzeko
zuten itzegiña,
esandako orduba
etzan utsegiña;
Joakiñ izanik orren
gizon atsegiña,
pena det bere kontra
trabesa egiña.
4
Pezeta bat zan trabes
nere interesa,
publikatzen asteko
gauza ezereza;
gizonak biartu nau
estu eta presa,
au egiya da, Joakin,
sinistatu beza.


5
Irurogei ta amabost urtetan
dago iritxiya,
bestiak ogei ta iru,
zer diferentziya!
Gaztiak artu degu
esperientziya,
biba agure zarra,
Joakin Plazentziya!
6
Ametz-gañian nitzan
testigu jarriya,
diretore ta guzi
Sansonen guardiya;
ain zan salerosua
Joakiñen abiya,
baziruriyen kabitik
zijuan erbiya.


7
Tirua aditzian
zuten partiera,
Sanson Ametz-gañera,
Joakiñ andik bera;
ikusi degunian
orren allaera,
egundañoko danok
arrituak gera.
8
Joakiñek zerbait esan
ziyola birian,
allegatu zanian
Sansonen parian;
beriala jarri zan
bildurrak aidian,
nik eztakit oiek
zer material dian.


9
Apustura orretan
onelako lanik
ez nuen esperatzen
gertatuko zanik;
pezeta galdutziak
ez dit eman penik,
bañan bai gelditziak
iyo gabetanik.
10
Sentimentuba badet
naizen arteraño,
Sanson juan eztalako
bere markaraño;
amak egiten gaitu
zenbait seme ñaño,
mozkortzian pizkorrago
tientuan baño!


11
Sansonen apustura
gure kalterako,
eskarmentatu gaitu
beste baterako;
ezta kapaz geiago
lagun arterako,
orrekiñ gizonikan
ezta aterako.
12
Beste diretore bat
bagendun kuadrillan,
Sanson au konsejatzen
jaun ori zebillan;
soziedade ortatik
aurtengo Apirillan
nik ezik eztu lanik
jasotzen partillan.


13
Biba aitona zarra,
galtza ta gerriko,
zure kontra ez gera
geiago jarriko;
panparroi jetxiya da
salto eta brinko,
Joakin Plazentzi ezta
onezkero ilko.
14
Oraiñ ere bota du
berriz desafiyo,
bere buruagana
guztiz dago fiyo;
au jesten dan lekutik
arek biar iyo,
probintziyatik bada
etortzeko diyo. (2)




(1) Migel Garmendia ta Patxi Lazkano; Joxeren illobak. Doñua, Patxi Lazkano’k kantatu, magnetofonoz jaso ta Anbrosio Zatarain jaunak paperean idatzia.
(2) Alza’ko Otxoki baserriko Patxi Lazkano’ren libreta batetik artuak.
Argia, 1931
V
24. Aldaketak: 3/5: aren; 5/1: Irurogei ta amabost; 6/1: Ametzigañan nitzan; 6/7: bazirudin; 7/4: ta Joakin bera; 7/6: arren allegera; 9/1: apostua orretan; ta 10’gn. bertsoa ez dakar.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org