Elduaingo Sales baserrian jaio zen 1885eko apirilaren 26an. Egun horretan bertan Antonio Sasiain Santa Cruz-ek, apaiz gerrillari famatuaren osabak, bataiatu zuen Juan Bautista Amundarainen eta Teresa Antonia Garmendiaren seme gazteena. 13 eta 16 urteak bitartean Baliarraingo eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta bertan ardura eta seriotasun handia erakutsi zuen. Handik Gasteizko apaizgaitegira joan zen 1901eko udazkenean eta bertan Teologia ikasketak amaitu zituen.
1909ko garizuman diakono ordenatu zuten eta urte hartako abenduaren 19an apaiz. Bere lehen meza Arantzazuko santutegian, pribatuan, eman zuen. Aita-amekin hilabete eginik Arabako Barojara joan zen, han bizi ziren ehun eta gutxi eliztarren erretore. Denbora gutxi egin zuen bertan, urtebete, baina ez alferrik joana, herrira iritsi eta handik gutxira kanpandorrea goitik behera erori baitzen. Handik joan zeneko, eliza berriturik zegoen ordea.
Gero Zumaiara joatekoa zen baina Santillanako markes jaunak, garai hartan berrehun eta berrogeita hamar bat apaizen aurkezteko eskubidea zuenak, beto jarri zion eta ondorioz Zumaiara joan ezinik gertatu zen. Orduan apezpikuak Zumarragara bidali zuen Mesedetako mojen komentuko eta bertako ospitaleko eta babes-etxeko kapilau. Lan gutxi zeukanez, parrokian laguntzen hasi zen eta eskualdean predikari aritu zen. Euskaraz ongi predikatzen baitzuen, eskaera asko izaten zuen herriz herri ibiltzeko.1917an Zumarragako apaiz lagunkide izendatu zuten. Handik bi urtera, 1919ko maiatzaren 18an gotzainak apaiz lagunkidearen destinoa eman zion Donostiako Santa Maria parrokian.
1925eko otsailaren 2an, Santa Maria elizako Koruko Amaren gelatxoan "Mariaren bidez Jesusengan Batasuna" obra sortu zuen. Denborarekin lau mila lagun izatera iritsi da batasun hau mundu zabalean.
1925eko abenduaren 19an Groseko San Ignazio parrokiara joan zen apaiz lagunkide. Santa Marian gertatu zitzaion bezala, hemen ere lanean gogotsu aritzearen ondorioz, osasun-arazoak izan zituen. Halako moldez gaixotu zuen non 1929an Mateo Mujika gotzainak Zumarragako erretore izendatu baitzuen, bertan Antonioren anaia Jose Maria emaztea eta seme-alabekin bizi zelako, eta han, lasaitasunean eta famili giroan bere onera etorriko zelakoan. Ama ekarri zuen Elduaindik eta apaiz-etxe berria eraiki zuen. Baina osatu beharrean okerrera egin zuen.
1931n Ezkion ustezko amabirjinaren agerraldiak gertatu zirenean, gertaerak bete-betean harrapatu zuen Antonio. Lehenbizi haur igarleak ekarri zizkioten Ezkioko erretorearekin proba egin eta porrot egin ondoren. Ezkioko erretorea ez zen esperientzia mistikoak erraz sinesten dituzten horietakoa, baina bestelakoa zen Amundarain, horrelako gauzetan sinesbera. Eta Antoniorengana jo zuten. Berak sinesgarritasun osoa eman zien gertaerei. Bere izaera zen bezala, buru-belarri lotu zitzaion agerraldiari. Hasieratik antolamendua bere gain hartu zuen. Erromesei kandela bana eramateko esaten zien, arrosarioa noiz errezatu, salbea noiz kantatu, eta abar. Astebetean jendea oldeka zetorren Ezkiora. Hasierako igarle gaztetxo haiek ezkutatu ziren eta beste batzuk, kameraren aurrean hobeto ematen zutenak, hasi ziren agertzen baina halere Antoniok berean jarraitu zuen. Prentsan ohar bat ere idatzi zuen Batzorde ofizialaren izenean, Ezkiora zihoan jendearen jarrera nolakoa behar zuen-eta adieraziz. Horren ondorioz, gotzaindegiak isilarazi zuen Antonio, batzorde ofizialik ez zegoela
argudiatuz, baina badirudi benetako arrazoia agerraldiekin hartu zuen gehiegizko inplikazioa etetea zela. Gertaerak gainezka egin zion erretoreari.
1932ko abenduaren 16an Amundarainek erretore karguari uko egin zion tentsioak eta gaixotasunak eraginda. Eskaera onartu zioten eta Zumarragako parrokian gelditu zen, baina parrokiako erantzukizun guztietatik libre, “Mariaren bidez Jesusengan Batasunean” guztiz aritzeko.
Bere aita Karlos errege-nahiaren alderdian parte hartu zuen gerran, eta bera ere karlista zen baina karlista ez ezik integrista ere bazen. “La Constancia” egunkarian artikuluak idazten zituen. Egunkari horren zuzendari Juan Olazabal zen, antiabertzale garbia. Euzkadi eta La Gaceta del Norte ere irakurtzen zituen, eta Argia astekarian ere idatzi izan zuen.
1935ean ebakuntza bat egin zioten Zumaian eta han egon zen 1936ko maiatza arte, bere onera etorri arte. Gero handik Aginagara joan zen, bere iloba kuttun Teresaren etxera. Han zegoela, jakin zuen Zumaiako alkateak abisatuta, “Batasuneko” kide izandako emakume bat, milizianoz jantzita, ibili zela bere galdezka.
Altxamendua gertatu zenean, beraz, oraindik sendatzeko bidean zegoen. Han, Zumarragan, besteetan bezala, izugarriak gertatu ziren egun haietan. Eskuindarrek abertzale eta ezkerreko jende asko fusilatu zuten eta alkatea bera, Francoren aldeko 34 karlista errepublikazaleengandik babestu ondoren, ihes egin beharrean gertatu zen nazionalek akabatuko ez bazuten. Ez zuten suerte bera haiek babesten ibili ziren herritarrak, asko behintzat hil egin zituzten. Esan liteke altxamendua antolatu zutenak ideologiaz-eta bat zetozela Antoniorekin eta beraz bere pertsona eta gauzak errespetatuko zituztela, baina erreketeak Zumarragara sartu zirenean, sutara bota zizkioten etxean aurkitutako euskarazko paperak, eta bera, guztiarekin ere, ez zen sekulaz horretaz kexu izan.
Hurrengo urtean, 1937an, Donostiako Santa Maria atzean dagoen karmeldar oinutsen komentuko kapilau izendatu zuten. Plaza hau hutsik gelditu zen bertan ari zen apaizak 1936an, nazionalak Donostian sartzean alde egin zuelako, eta Antoniori eskaini zioten.
Madrilera aldatu zen 1946an, berak sortutako obrak hartu zuen tamainak eraginda, handik hobeto zuzendu eta antolatzeko asmoan. Hantxe hil zen santu ustean, 1954ko apirilaren 19an, Aste Santuko Pazko egunean. Geroztik santu bihurtzeko prozedura abiatua da eta horren ondorioz 1984an beneragarri izendatu zuen Aita Santuak.
Euskaraz Elizako hainbat kanta eta antzerki sorta bat egin zuen, eta antzerki hauek beti zuten hondo erlijiotsua, izan ere dotrinako ikasleek egiteko antolatzen zituen. Kanten artean famatuena Ostian bizi zera da, oraindik ere elizetan kantatzen dena, baina guztira 44 eginak ditu. Antzerkiak, berriz, argitaratutakoak lau dira: Bertan goxo (Tolosan saritua 1913an), Uste diñat! ¡Ya lo creo! (1914an argitaratua), Egin zak on… (Donostian saritua 1920an) eta Lore bat loitan (Donostian saritua 1930ean). Beste bakarrizketa bat dauka, 1920 idatzia, baina argitaratu gabea orain arte: Zirt edo zart.
Donostian bi epealdi egin zituen. Lehenbizikoa 1919-1929 bitartekoa eta bigarrena, gerra amaituta, 1937tik 1946ra. Literatur lana gehienbat gaztetan idatzi zuen, Zumarragan eta Donostian. Euskal letretan ia ezezaguna zen gaur arte eta uste dugu hutsune hori konpontzeko bidean jarri dela gure web-gunean bere lanak argitaratuta.
|