1.01 saioa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Amundarain Antonio »  Lore bat lohitan »  1.01 saioa

Antonio Amundarain. Lore bat loitan

Lore Bat Lohitan

Antzerki-gela.— Dotrinako ikasgela, nahi den eran. Neskatila talde bat eta hiru irakasle: Pilar, Teresa eta Nati hiru sailetan dotrina erakusten. Zatitxo batean jardun eta...



LEHENENGO EKINALDIA

Lehendabiziko saioa



Pilar.- (Karameluak ematen. Neskatilek zalaparta handia atera behar dute; iskanbilan esanaz: niri ere bai: niri, niri: niri ez dit eman: bota, bota: hona ere bai...) Jarri orain biribilean (korruan). Kondaira polit bat esango dizuet, eta atarira.

Neskatila.- (Eskuak igurtziaz). Hau poza!

Batek.- Polita izan dadila, e?

Pilar.- Guztizkoa; oso ederra eta egokia zuentzat.

Beste bat.- Tira bada: agudo, agudo.

Pilar.- Isilik bada guztiok... Antzinako...

Bat.- Utz iezadazu tokia, nik ere ikusi behar dut.

Pilar.- Ixo; bestela banoa... Antzinako egun batean, Jesus, gure Jauna, oinez tapa-tapa Sidon aldean zebilela, farisau batek bazkaritera deitu zuen. Jesusek ez zion ukatu; bazekien gogo txarrez egiten ziotela; baina joan zen. Eseri ziren eta ekin zioten jaten. Eta horra, laster jan tokian agertu zen emakume gazte bat, oso apaina.

Agur eginaz, begiratu zorrotz bat bota zuen, eta Jesus ezagutu zuenean, zuzen bere oinetara joan eta, hitz bat esan gabe, ahuspeztu eta negarrez bere oinei musuka ekin zion. Negar zerion benetan, malkoz Jesusen oinak busti eta bere buruko ileaz igurtzi eta lehortzen zizkiola.

Badakizue gazte hori zein zen?

(Neskatoak elkarri begira, ez dute erantzungo.) (Pilarrek jarraituko du).

Hara bada. Jerusalendik laster dagoen herri polit batean, hiru senide, guraso gabe, bizi ziren. Oso jainkozko sendia zen hau gurasoak zituzten arte. Hain txintxo, apal, zuzen eta garbi ibili ohi ziren guztiak... Baina gurasoak hil ziren, eta gurasoen itzala bukatu zen, eta ahizpa gazteenari laster igarri zitzaion.

Mundua polita zela-eta, munduzaletu zen, eta egunetik egunera harrotzen eta harrotzen zihoan; aberatsa zen berriz, eta nahi zuen erara, modara, nabarmentxo jantzi eta lurreko atseginetara makurtu zen.

Egunetik egunera aldatzen zihoan gure gazte hau; etxe inguruko biziera laburtxo egin zitzaion, zabaltzeko gogoa geroz eta gehiago, ezin egon, bere senideen lokarriak min ematen zion, eta horra... egun zorigaiztoko batean etxetik ihes egin zuen. Ardi galduaren antzera, belar goxoaren zale, herri batetik bestera, eta handik bestera, eta bestetik bestera bazebilen, zituen diru eta izen ona bidean galduaz.

Ezin ase zen, ase beharra!, bihotza bete nahi, eta asegaia behar eta ezin aurkitu.

Honetan oso okertu zen, izen txarra zabaldu zitzaion, galdu zen, eta urrutiko uri zabal batean lotsagabeko bizitza lizuna egin zuen.

Horra, etxean neskatila txintxoa eta garbia izan zena, orain bere burua guztiz lohitu eta deabru bat eginik.

Baina... gure bihotza ez baita lurrerako, zerurako baizik; gaiztakeriak ase ez bazuen ere, nazkatu bai benetan; gero arimako harra hozkaka zirakien. Mila bider damutu zen! Errukarria zen gaixoa.

Jesus, artzain ona, ardi galduaren bila uri hartara hurreratu zen; honek laster jakin zuen, aurkitu zuen lehen esan dugun bezala, eta bere oinetan garbitu zen...

Orain gazte hura zein zen asmatuko ote duzue?

Guztiak.- Magdalena, Maria Magdalena.

Pilar.- Berbera, eta santa handia, ordu ezkero Jesusen maitalerik handiena bera izan zelako. Munduko atsegintasunak baino Jesusen maitetasunak gehiago atsegindu zuen.

Eta zuek, nire neskatoak, Magdalenak bezala, bide gaiztoak eraman nahi dituzue?

Guztiak.- Ez, ez dugu nahi.

Pilar.- Zer bide nahi dituzue bada?

Guztiak.- Bide zuzenak.

Pilar.- Eta bide zuzena zein da?

Guztiak.- Jesus da bidea.

Pilar.- Eta Jesus non ikasten da?

Guztiak.- Dotrinan.

Pilar.- Beraz, zuek Jesusi jarraitu nahi diozue, ezta?

Guztiak.- Bai, andrea.

Pilar.- Munduko dantza, eta zine, eta musikak ere politak izango dira bada?

Txiki batek.- Bai, andrea.

Handi batek.- Ez, andrea. Orain gutxi, gero gutxiago, geroago bat ere ez... eta azkenean?

Txikiak.- Azkenean, azken gabeko infernua.

Pilar.- Ederki, nire txiki. Munduak gauza handiak agintzen ditu eta txikiak eman; asko agindu eta gutxi eman; ederrak agindu eta ustelak eman. Barrua ustela duen sagar musu gorria bezala da mundua, aurrena arima kutsatzen du eta gero askotan gorputza. Zuek, bada, Jesusekin ibili; bakar-bakarrik Jesusekin.

Neskatil.- Bai, andrea.

Pilar.- Berarekin zoazte, bada.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org