1.07 saioa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Amundarain Antonio »  Lore bat lohitan »  1.07 saioa

Antonio Amundarain. Lore bat loitan

7garren saioa

Lehengoak, Pilar, Teresa eta Nati.





Pilar.- Hemen gara, bada. Ea bake-bakean, Simona, gauza on bat egiten dugun.

Teresa.- Etorri zarete, beraz.

Axentxi.- (Losintxaz.) Bai bada. Honi bakarrik deitu diozue, baina... horra... lagunduko diodan esan dit... eta biok gatoz; baina hala behar bada, atera ere...

Simona.- Ez, ez. (Oso haserre.) Hauek ere hiru dira eta gu bi izan gintezke; hala ere, ez gara gehiegi.

Pilar.- Esan dizuet, ez dugula ezkutuan esateko gauza gorderik. Egia da, guk zurekin gauzatxo bat erabaki nahi genuke; baina zure lagun honek entzunda ere ez dio ardurarik.

Simona.- Esan, bada, agudo; nik afaria jartzeko etxean neskamerik ez daukat-eta.

Axentxi.- Pazientzia pixka bat, bada, Simona, pazientzia pixka bat; gauzak apalxeago, apalxeago... ez horren urdurikeria handiarekin hartu.

Simona.- (Haserre bizian.) Zaude isilik nahi baduzu, zu ere nire kalte bazara orain. A zer laguna ekarri dudan nik hona!

Axentxi.- Ni egiaren alde, Simona, ez zu eta ez besteren alde; bakarrik egiaren alde. Arrazoia eta egia behar ditugu.

Pilar.- Hori da; arrazoia, egia eta bakea. Hemen ez gara haserretu behar.

Teresa.- Eseri gaitezen, bada ...eta. (Eseriaz) Jainkoa izan dezagula lagun eta aingeruak gordetzaile.

Pilar.- (Bere artean.) Beharra izango dinagu.

Nati.- Eseri, bada, hortxe, Simona.

Simona.- Ni ez; etxekoandreak esertzen dira berak nahi duten patxadan; gu ez gaude horrela ohituak.

Axentxi.- Andrea, zaude mesedez goxoxeago, eta ez jarri horren zital.

Simona.- (Oso gogor.) Berriketa asko zuk, petral horrek... Esan behar duzuena esan; bestela badakit nondik sartu naizen. Nire alabarekin ezer nahi bazenuten, hara neroni aurreratu esatera, gaurtik badaramadala eta kito.

Teresa.- Egia da beraz? Hori jakin dugu eta ezin sinistu genuen.

Pilar.- Asko harritzen gaitu horrek, Simona.

Simona.- Harritu? Harritzeko gauza al da bada? Betiko sartu al nuen, bada, hemen? Ama baino handiagoa egin dun eta!

Pilar.- Zer galtzen du horrekin?

Teresa.- Igandero ordubete bat zure alabak non hobeki igaro dezake?

Simona.- Ni gutxiagorekin gelditu nintzen, eta hala bizi naiz.

Teresa.- Eta zer horrekin?

Pilar.- (Bere artean.) Ezagun dun, bai.

Nati.- Begira, Simona, zure alabak hemen jaiero ordu bat edo beste igaroarekin ez du ezer galtzen; lagun onak dauzka, asko zokotan hor baino hemen hobe du; gainera, gutxi bada ere, beti zerbait ikasiko du.

Pilar.- Hori guztia lehen zuk ontzat eman zenigun, eta orain zergatik ez?

Teresa.- Gazte baten arriskuak gaur zenbat diren ondo dakizu, bada.

Pilar.- Hemen ongi gordea dago, horretarako gaude gu, hau da gure lana.

Nati.- Tira, Simona, ez diguzu nahigabe hori guri eta zure alabari eman behar.

Axentxi.- Egia esan behar bada, ni horien alde, Simona; zure alabak bere eginbeharrak bete ditzake hemendik atera gabe; laguntzaile onak dituzu emakume hauek; entzun behar zenieke.

Simona.- (Hori guztia entzun behar du lurrera edo bazterrera begira, oso geldi, Gero bat-batean sutan bezala hasiko da.) Baina, zer mila deabru dira sorgintzar hauek? Gauza horien berri ez ote dakit nik? Niri zuek lezioak eman?

Pilar.- (Bere artean.) Premia bai.

Simona.- (Jarraituaz.) Ongi egin diozuela badakit; asmo horretan ekarri nizuen... Baina gaurtik asko du, ia gehiegi ere badaki-eta. Hortik aurrera haurrak txoratu eta txepeldu egiten dira. Laster horretan litzateke nirea ere. Hamasei urte badauzka eta halere kale izkinan gizaseme bat ikusi orduko, ihesi doa.

Axentxi.- Hobe, Simona, hobe; askok hori egingo balute, ez lukete batere galduko.

Teresa.- Mesede handi bat berentzat, eta gurasoentzat ere ez txikia.

Simona.- Bestelako “erregalua”.

Pilar.- Zer bada? Hamasei urte badituela-eta, nahi eta nahi ez zure alaba praka zale egin nahi al duzu?

Simona.- (Isekaz.) Baaaai... eta zuri zer?

Pilar.- Niri zer? Zuk uste adina bai. Ai Simona! Bihotzik gabea naizela uste al duzu? Niri eta nire lagunei ere oso samin zaigu hau biziro.

Simona.- Jakina; zuek hori moja zale izatea nahi; nik berriz ez; nik moja zale baino ijito zale izatea ere nahiago dut.

Pilar.- Horrek on egingo dizu.

Simona.- Zuri ez behinik behin.

Teresa.- Zure alabari ere ez.

Simona.- Niri bai ordea, niri bai; eta hau da beharrena... (Haserretuta.) Noan, ez egitekorik hemen egin baino lehen. (Purrustadan irteten hasiko da. Atean aurkituko du Ana Mari.)













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org