2.05 saioa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Amundarain Antonio »  Lore bat lohitan »  2.05 saioa

Antonio Amundarain. Lore bat loitan

5garren saioa

Lehengoak, Pilar; gero Ama





Pilar.- (Atean.) Sartuko al naiz?

Karmen.- (Bultzaka.) Ez, ez, ez daiteke; atzera, kanpora, kanpora, ez daiteke; Ama! Ama! (Axentxik aurpegia estali eta Pilar sartzen denean ihes egingo du.)

Pilar.- Zer ez, eta zer bai, eta zer ama, eta zer amona…? (Pilar jarriko da gelaren erdian eta Karmen joango da ihesi). Guztiok ihesi? Ez zaituzte horrek asko goratzen. Aurpegia agertu nahi ez duenak ez dauka bihotza garbia. Ai, Axentxi, Axentxi! Oraindik agertu behar dira zure ezkutu nahastu horiek; Jainkoari ez dio inork beti barre egingo.

Simona.- (Sarreran). Zein dugu hemen?

Pilar.- Simona; ez joan ihesi, besteak bezala; ez nator inoren kaltean. Zuk ezagutzen nauzu, ahaztu ez bazara. Zure alabak ezagutu nau, baita bere atzetik bere kaltean dabilen sorgin horrek ere.

Simona.- Hitzera ezagutzen zaitut; izena ahaztu zait baina; harritzekoa ere ez da-eta. Urtea izango da ikusi ez garela.

Pilar.- Ni naiz bada zure alabaren alde oso zinez saiatu nintzen Pilar, Dotrinako irakasle haietako bat.

Simona.- Ai orduan bezala bagina! Negar egiteko aldaketak dira gure etxean! Ez zenuke gure Karmen ezagutuko. Alferkeriari eman dio; lotsagabekerian ito behar nau berriz, eta ernegatua bizi naiz. Ez dakit nora joko duen eta non geldituko den.

Pilar.- Ai, Simona! Daraman itsuaurreko horrek nora eraman lezake? Jainkoaren beldur gabeko andre nahastu horrek bide onik erakutsiko ez ziola jakin behar zenuen. Gure artetik aterata horren eskuetan utzi zenuen. Guk gora begira bezala horrek behera begira jarri du; eta munduaren irakasgaiek aldatu dute zure alaba.

Simona.- Aldatu? Esango nuke! Hori orain urtebete ikusi eta gaur ikusi, ez da berdin. Nire aurrean begi bat ez zuen altxatzen; gaur ijitoa baino lotsagabeago da.

Pilar.- Eta guztia zuk oraindik ez dakizu. Etxean zer egiten duen ikusten duzu; baino kanpoan?...

Simona.- Bakarrik ez da, bada, ateratzen eta...

Pilar.- Bakarrik? Hobe zuen bakarrik beti ibili balitz eta ez zaindari horrekin. A zer laguna bera! Ordu onean jakin nuen andre gaizto horren asmo galdua; harrezkero nire bihotza Karmen dela eta ez dela zurea baino saminagoa dago. Zuk ez dakizu oraindik andre hori zein den.

Simona.- Zer gaitz ikusi diozu bada? Nik badakit ez dela beste asko bezain elizkoi eta apaiz zalea, baina... behintzat...

Pilar.- Tira, Simona; bart alaba zer garaitan etxeratu zen?

Simona.- Ez dizut esango, ez naiz ohartu; giltza berekin zuen-eta isilik ibilia da.

Pilar.- Eta non ibili den esango zenuke?

Simona.- Nola esango dut bada? Hori Axentxik esan beharko du; eta egia esan, ez zait bururatu galdetzerik.

Pilar.- Ez galdetu, Simona; berdin izango da-eta.

Simona.- Zer bada?

Pilar.- Ai tristea! Axentxik zu hobeki ezagutzen zaitu, zuk Axentxi baino. Hark badaki zuri zer esan eta zer gorde.

Simona.- Emakumea, ez nazazula jar zalantza txarrean.

Pilar.- Lehen jarri behar zinen, eta benturaz ez zenuen orduan zure alaba, orain ikusten duzun eran ikusiko. Jainkoak nahi ez zuen gauza bat egin zenuen, eta bere zigorra hasi dela uste dut zure gainean.

Simona.- Jainkoak nahi ez zuena... nahi ez zuena... horixe da bada... zera...

Pilar.- Begira, Simona; horrela ez dugu ezer egiten. Zure alaba har ezazu estu, oso estu... eta ea zer dioen. Ni banoa...

Simona.- Etorriko zara, ordea?

Pilar.- Bai, etorriko naiz; eta ekarriko ditut lagunak. (Joango da).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org