|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
10garren saioa
Karmen eta Axentxi; gero Simona
Axentxi.- (Gelatik aterata.) Ederki, Karmen, ederki; ez utzi nire hitza, aspertuko dira-eta.
Karmen.- Ez dago beldurrik, Axentxi; setan ez dit inork eramango.
Axentxi.- Entzun duzu? Zatar zahar bat bezala jarriko naute; baina...
Karmen.- Zerutik aingeru bat etortzen bazait ere, ni zurekin.
Axentxi.- Ederki, Karmen. Laztan bat. (Laztanduaz). Nire izar ederra!
Simona.- (Bat-batean.) Baina zer da hau?
Axentxi.- Galdu gara, Karmen.
Karmen.- (Ihesi.) Agur!...
Simona.- (Guztiz haserre.) Nondik sartu zara zu hona eta noiz?
Axentxi.- Ez haserretu, Simona.
Simona.- Ez haserretu? Beste biderik lehendik ez banu, hau nahikoa da haserretzeko, noiz sartu zara zu hona?
Axentxi.- Gogoak eman didanean; zer arraie! Oraindaino etxe honetan niretzat ateak zabal-zabalik egon dira, eta inork ez dit sarreran “billeterik” eskatu.
Simona.- Eta horrek harrotu zaitu nire alabarekin nahi adina guztia egiteko?
Axentxi.- Zerorrek aginduta, Simona, zerorrek aginduta.
Simona.- Badakit. Zorigaiztoko nire agindua!
Axentxi.- Tira bada...
Simona.- Baina zu nire agindua baino aurrerago zoaz; niri gauza bat esan eta alabari beste bat; niri bide bat jarri eta alaba beste batetik eraman.
Axentxi.- Nork esan du hori?
Simona.- Nik esan dut hori... Eta gainera zu espioi gaizto bat besterik ez zara.
Axentxi.- Ni ez naiz behin ere espioia izan.
Simona.- Zu espioia, bai, zu; hor, gelan gordeta egon zara gure hemengo hitzak jasotzen.
Axentxi.- Gezurra da hori.
Simona.- Egia, egia eta egia. Zoaz nire begien aurretik; ez zaitut gehiago nire etxean eta kalean ikusi nahi.
Axentxi.- Hau irain handi bat da... banoa behar den tokira.
Simona.- Zoaz infernura, nahi baduzu.
|