2.13 saioa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Amundarain Antonio »  Lore bat lohitan »  2.13 saioa

Antonio Amundarain. Lore bat loitan

13garren saioa

Karmen, Simona, eta Ines





Simona.- (Sarreran). Hona hemen zure lagunik maiteena, Karmen.

Karmen.- (Ikusi eta bazterrera begira) Puf! (Amari begira). Izandua.

Ines.- (Apal, bera, goxo laztanduaz). Eta izango naizena, zuk nahi baduzu.

Simona.- Hori lehengoa da, Karmen.

Karmen.- Ni ez, ordea, eta ez dut izan nahi ere.

Simona.- Elkarrekin zinetenean ez al zineten ondo bizi?

Karmen.- Ez dakit. Orain hobeki bizi naiz. Eta Inesek ni nola bizi naizen baleki, laster bera ni bezala.

Ines.- Eta Karmenek ni nola bizi naizen baleki, laster bera ni bezala.

Simona.- Ordu onean zaudete bada biok elkarri bizitza agertzeko. Hor gelditzen zarete; nik bitartean zereginak baditut. (Simona joango da).

Karmen.- Eseri zaitez, bada, hementxe.

Ines.- Eskerrik asko, Karmen. Baneukan aspalditik zuk emandako aulkian esertzeko gogoa.

Karmen.- Gogoratu egin behar...

Ines.- Karmen!

Karmen.- Ni behintzat, egia esan behar badut, laster ahaztu nintzen, Ines zenik ere...

Ines.- Ni ez, Karmen; egunero gogoratu zaitut. Zuk ni ahazteak ez nau harritzen...

Karmen.- Zergatik bada?

Ines.- Zerk ahaztua erabiliko baitzenuen.

Karmen.- Ezin ukatu.

Ines.- Baina, Karmen; hemen inork ez digu entzuten; bihotzetik bihotzera esan behar didazu: lehengo biziera garbi, goxo, goi-goiko hartaz behin ere ez al zara gogoratu izan?

Karmen.- Behin edo beste... “aburritua” nagoen batean... badaiteke...

Ines.- Eta lehengo bizitzara bihurtzeko gogorik?

Karmen.- Halaxe uste dinat. Lehenago itsasora neure burua. Ai, Ines! Ez dakizu zuk munduaren berri. Kaiolako txoria bezala zarete zuek; ez dakizue hegan zeinen ederki ibiltzen den.

Ines.- Zu hegan bizi al zara?

Karmen.- Nahi badut hegan, nahi badut berriz kaiolan; atea ez baitit amak behin ere itxi izan; giltza neronek daukat. Egunaz jolas-gairik bada, egunaz noa; gauaz ezer bada, hura nahiago.

Ines.- Gauaz ere hegan, Karmen? Gauaz saguzarrak eta hontzak hegan ibili ohi dira.

Karmen.- Utikan! Ni lorategiko mitxirrika naiz-eta; beti loretik lorera nabil. Ines, zer urte ederrak galtzen zoazen!

Ines.- Ai, nire Karmen! Itsutua zaude. Loretik lorera zabiltzala uste duzu eta LOHITIK LOHIRA zabiltza. Ez dakizu, bada, goizeko lore ederra arratsalderako xigortuta lurrera doala? Gero lohitan ibili behar.

Karmen.- Eskerrik asko.

Ines.- Karmen, ni beti kaiolan bizi naiz, eta orain kaiola estuagorako asmoak ditut, horregatik zuri agur egitera nator.

Karmen.- Komentura! Uf! Izenak berak izutzen nau.

Ines.- Ni munduak; eta bere ihes noa. Kaiolan ez daukat ehiztari, edo gau-piztien beldurrik. Han biziko naiz, Karmen.

Karmen.- “Aburritua”.

Ines.- Ez horixe; Jesusen bihotzeko kaiola bezain gauza alairik ez dago. Kaiola horretan atseginez bizitzen da. Gero han goian, kaiola horretatik hegatuko naiz, eta zeru eder hartan mitxirrika bezala ibiliko da Ines, loretik lorera... beti... beti...

Karmen.- Hori urruti dago; ni orain hegan... eta hegan eta hegan... (Axentxi isilik sartuta, atetik keinuka beregana eramango du Karmen, eta eskuekin honen aurpegia igurtziaz, losintxaz eta zurikeriaz hitz egingo dio zerbait. Bitartean Ines jardungo da honela:)

Ines.- Zein ote da emakume hau? Ez dirudi bide onezko gauzarik andre horrek izan dezakeenik. Ai, ene!... Hori da noski, Karmenen kaiola... kaiola ez, espetxea. Karmen gaixoak hegan dabilela uste du eta katez lotua dago. Gaixoa! Hau bere itsumena! (Axentxi musu bat eman eta ihes egingo du. Karmen aurreratuko zaio Inesi oso alai.)

Karmen.- Ni orain ere hegara, hegara, munduko lore guztiak bukatu arte.

Ines.- Eta gero?

Karmen.- Gero?... Gero kaiolara joango naiz...

Ines.- Ai Karmen! Hegoak galduta kaiolara!

Karmen.- Edo galdu baino lehen. Hori nork daki?

Ines.- Arriskuan zabiltza. Munduko loreen atzetik dabilenak, bere bihotzeko lore garbia laster galdu ohi du.

Karmen.- Eta nori zer? Ni orain mundura.

Ines.- Ni komentura.

Karmen.- Ni hegan (besoak zabalduta) hegan, hegan.

Ines.- Zu hegan, goitik behera, ni hegan behetik gora, gora, gora...

Karmen.- Ni orain jolastu egin behar naiz.

Ines.- Nik orain zugatik “penitentzia” negarbide egin behar dut.

Karmen.- Eskerrik asko; lasaiago ibiliko naiz..

Ines.- Erruki zaitut, Karmen.

Karmen.- Erruki? ja, ja, ja, ja!...

Ines.- Goazen biok. (Orain besarkatuko dira eta horrela egongo dira oihala jaitsi arte.)

Karmen.- Nora? Dantzara?

Ines.- Orain Jaunaren laztanera, gero... zerura...

Karmen.- Ni orain... mundura... mundura...

Ines.- Ni Jesusengana Karmen, ni Jesusengana.

Karmen.- Agur, bada, “betiko”.

Ines.- Ai Karmen! (negarrez gora begira) betiko ez, betiko ez. Ez ahaztu lehen esan zenidan hitza.

Karmen.- Zer?

Ines.- Elkarrekin bizi eta elkarrekin hil.

Karmen.- Halaxe da (negarrez gora begira.) Elkarrekin bizi!... ez... ez... Hori ez... Elkarrekin hil!... bai... bai... Elkarrekin hil...



Oihala agudo









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org