3.07 saioa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Amundarain Antonio »  Lore bat lohitan »  3.07 saioa

Antonio Amundarain. Lore bat loitan

7garren saioa

Ama Frantziska, Simona, Pilar, Karmen, Teresa eta Nati



(Lehenengo agertu behar dute Teresak eta Natik, eta ondoren Ama Frantziskak besarkatuaz ekarriko du bere albora Karmen, esanaz...)

Ama Frantziska.- Tira, Karmen, hemen ere bihozbera eta ongileak badira, eta ez zara izutu behar... (Karmen agertuko da jantzi nabarmen eta erdi desegina eramanaz, munduaren kutsua dakarrena bezala, hondatua, ile nahastua, aurpegia zikin itxuran, burua makur, apal eta lotsa handia balu bezala. Eseri, bada, hementxe, Karmen, eta laster beste etxeko alaben antzera jantziko zaitugu.

Pilar.- Beharra dauka gaixoak.

Ama Frantziska.- Horrela etortzen dira gehienak eta nabarmenago ere bai.

Teresa.- Munduan ibiltzen diren eran.

Ama Frantziska.- Burutik oinetara jantzi behar izaten ditugu asko.

Pilar.- Munduak baztertzen dituen orbainak, zer ekarriko dute, bada, hona?

Teresa.- Jantziak urratuak eta arima lohituak.

Ama Frantziska.- Horixe... (Karmenek burua oso makurtuta lurrera begira egon behar du.) Tira, Karmen, horra hor zure ama, begira iezaiozu, agur ez al du merezi?

Karmen.- (Mugitu gabe.) Nik ez dut amarik; horregatik nago gaur hemen.

Simona.- (Negarrez.) Ai, Karmen! Nire barrena nola dagoen bazeneki, ez zenuke hori esango... Ai zoritxarreko ordua!

Karmen.- (Burua altxatuta, haserre). Berorri ama izan balitz, ni alaba izango nintzen. Aurrena berorrek amatasuna ahaztu zuen, eta gero nik alabatasuna, eta orain ez dago hemen ez amarik eta ez alabarik.

Ama Frantziska.- (Laztanduaz). Karmen, ez samindu bihotzik, eta lehenak ahaztu.

Simona.- (Negarrez). Ama izan ez banintz, eta amaren bihotza min-mina hemen eduki ez banu, ez nintzen zure bila ibiliko.

Karmen.- Berandu dabil, ordu txarreko zotinak dira horiek.

Pilar.- Ez da, bada, hau ordu ona?

Karmen.- Garaian zuk bezala begiratu balit, ez zuen orain bila ibili beharrik...

Ama Frantziska.- Nekez bada ere aurkitu zaitu.

Karmen.- Aiii!... Lorea galdu zuen... eta orbela aurkitu du!

Simona.- (Negarrez eskuekin burua estaliaz). Ai, Karmen, ez nazazula hil!

Atezaina.- (Zalapartaz). Ama, Ama! Andre arrotz hori hor ikusi dut...

Ama Frantziska.- (Altxatuta). Non da? (Irtengo da).

Pilar.- Axentxi! Infernuak ere txarregiz bota behar zaitu. (Irtengo da).

Teresa.- Goazen gu ere.

Nati.- Goazen bada. (Irtengo dira.)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org