|
Antonio Arzak
Jesus Biotza!(1)
Jaunak: Ala nola eguzkia atera zaigun gaur gorputzeko begiakin ikusi dezagun festa pozgarri au, ala berean datorkigu Mendiburu oiartzuar illezkoarraren oroitza, animako begiak zabaldurik, gure gurasoen beti-betiko fede eder sekulan baño beroago daukagunarekin, begiratu zaiogun, emen lurreko gauza utzi bear ditugunak azturik, ura salbatutako gu salbatu bear gaituen gauza bakar orri: Jesus Biotzari! Bai!... Guztia da biotza Jesus gurea! Eta ala, gizonari, Berak egiña dalako bere antzera, ez dio eskatzen beretzat biotza baizik.
Atozte Nigana, penatuak eta nekez beteak arkitzen zeraten guztiak; Ni izango naiz zuen gozaera ―esaten digu; eta zeiñ da penatua arkitzen ez dan euskalduna?
O euskaldunak! Gure izate guztia, lengoa, oraingoa, gerokoa, betikoa,
betiraunde edo eternidade guztikoa, dago Biotz artan gordea, da Biotz ura; eta, au jakiñik, ez gaitezela izan zentzu gabeak; Biotz artara eraman zagun gure biotza, eta Argandik gure lagun urko edo projimoaren biotzera ekarririk, ill arteraño elkar maitatuaz, elkarri lagunduaz, bizi gaitean deserri onetan. A!... Irakur ditzagun Mendiburu gogargituak izkribatutako liburu miragarriak, Biotz arren edertasun ugariak txoraturik, eta bertatik maiteko degu Jesus! O euskaldunen Biotza! Zeiñek esan lezake gaur, Mendiburuk atzo esan zuen eraraz, nolakoa zeran?... Izkribatzalleak? Biursariak? Baliteke, baña ez da segurua. Menturaz, menturaz, ordu oetan gutaz aztuena mendian arkitzen dan gaixoren batek, iñork baño geiago onek maite izatea gerta litekelako; zergatikan nola jakin lezake amorioa zer dan, maite ez duenak? Eta... o mirarien miraria! Jesus arkitzen dalako, denbora berean, ala erregeren etxandian nola ikazkiñaren txaolan!
O!... Jesus zer dan jakiteko, alde batera utzirik, ala nai bada, gizon argiak Mendiburu buru dutela izkribatutako gauz ederrak, irakur zagun gure biziaren liburua bera. Zer esaten digu jaiotzetik iltzeraño? Zer azkeneko orrian, bizia daukagunean ala nola Azaroan ostoa arbolean? A!... Ikusi zagun eriotz latzak arrapatutako gizon gaixoa, menturaz usterik gutxienean, ala nola miruak kantari dagoen txoria. Orduan, ai!, batere denborik eta ezaguerarik gelditzen bazaio, maite nai du Jesus, maite nai du asko eta damu du bere biotz guztitik len ez maite izandua. Au ikusten degu egunero, eta geok ontaratu bear degula jakiñik, maite degu gure alegiñ guztian?
Gaur eun urte Jaunari kontu eman zion Mendiburuk; non dira orduan bizi ziran gizon txiki ta andiak? Emendik eun urtera gaur baño obeto festa au bera egingo dala deitzat; gu non izango gera? Noski Jesusen kolko parerik gabekoan izan naiko degu; bada Jesusekin bizi bear degu.
Bai!... Bai! Jarrait zaiogun Mendiburu onaren ejenplo birtutezkoari; erakutsi zaiogun gure aurrai Jesus izen santua bedeinkatzen, adoratzen, maitatzen, eta beren biotz txikiakin bere oñetako zauri maitagarri aeri muñ ematen, gure guraso euskaldun zar, gaur zeruan gure zai daudenak, guri erakutsi ziguten bezela, txikiak giñanean; eta... o euskaldunak! Ez daiela sekulan, Mendibururen lur ontan, blasfemiako edo arneguzko pekaturik egiñ. Ez!...
Ez, Jesus gure Biotza! Gurutzearen oñean belaunikaturik, eskatzen dizugu biotz guzti-guztitik ordutik ordura zureagoa izan dedilla gure izatea, eta azken amesetako ordu estu ura izan dezagula lasaiena, gozoena, ederrena, txoragarriena, ikusirik aurrean Aita Biotza, besoak zabaldurik bere ume gaixoa laztandu naiean, eta atzean mundu ontako nekeen buka!...
O Jesus!... Maite zaitu Euskal-Erri zureak! Bete ditzatzu gure biotzak zure amorio utsez, Mendibururena bezela; eta munduan egiten ditugun festa oek ez ditezela izan Zureganonzko gure maitagoaren agiria baizik!
Oiartzuarrak, euskaldunak eta gizon guztiak!
Maite dezagun elkar, Jesus Biotza maiterik!
Oiartzunen, 1882-ko Uztaren 14-ean.
Euskal-Erria, 1882.
(1) Discurso leido por su autor en el Sesión literaria en honor del P. Mendiburu, celebrada en la Casa Consistorial del Valle de Oyarzun, la tarde del 14 de julio de 1882.
|