|
Antonio Arzak
Seaskatik obira
Illun, triste, nagi senti nuen anima, zeru ta lurrak beregan gordetzen dituen kutx eder au. Gauba bere illunbe itzalakiñ, tristura bere samintasun garratzakiñ, argaltasuna bere eziñegon ta naigabeakiñ, zeuden nere animan, ala nola sube nazkagarriak arkitzen diran, iñoiz edo berriz, txori kabietan.
Euskal-Erria, zeiñan nere seaska maitea dalako nere ezur gaixoak utzi nai nituken, ikusten zuen nere animak negar-errian biurtua, eta onek ematen zion dolore aundia, mugik gabeko pena. Ill bear ezpanuen, atera bear izandu nuen etxetik kanpora zerura begiratzera, zeruko ogiaren billa, konsuelo billa. Banebillen, banebillen, zerura begira, nere biotzeko euskal mendietan batetik bestera, eta uste nuen nere menditartean nere txikitako seaskan arkitzen nitzala, mendien goraberuntza seaska artako estalkien desberdintasuna zala, eta nere ibillerak seaskaren kulunpan aurra nintzaneko nere joan-etorriak zirala. Aizearen indarrak dantzaerazitzen zituen aritz adarrak, iduritzen zitzaizkidan nere amaren beso eztiak, neri festak egiten amorio –en indar txoragarriak mugiturik; lar-abereen txintxerriak gogoratzen zizkidaten seask inguruan izaten nituen jostallutxoak; eta azkenik, nere aldamenetik zijoan ibaieko uraren marmariztxoak bazirudien esan nai zidala ixiltxo eta boz erdian, munduaren seaskan sortutako gure izkuntz miragarrian: “Aurra, egizu lo ta lo!”...
Baña ai! Txikitako seaskan negoenean, nik ez nekien non arkitzen nintzan; baña gaur badakit, o nere Jaungoikoa, negar-errian arkitzen naizala, eta negar au edanaz nere egarria ill bear detala! A!... Zerura begiratuaz bakarrik, euskal umia bizi litekela, ikusirik illotzak aurrean bere guraso-lege, usantza eta oitura betiko onak, gaur baño bigar bearragoak, aekin jaioak denboren asieran, gure arraza garbiaren agiria ematen dutenak, eta oraindikan munduko erri guztiak, ondo izan nai badute, ikusi bearko dituztenak, guztientzat onak izanik, Jaunak gizonari emandako Legean zimendatuak daudelako.
Paradisua zirudien arizti batean arkitzen nitzan, eta, andik irtentzearekin batean, ikusi nuen aurre aldeko mendi tontorrean eliza eder bat, bere kanpantorrearekiñ zerua jo naiean bezela, eta ala nola txikia nitzanean joaten nitzan negarrez amaren magalera, ala, nere gaurko penak doi-doi jasorik, abiatu nitzan aldapa gora, lurreko amak egiten dituen Ama on arren alderontz. Allegaturik, sartu nitzan barrena, eta o! An zegoen, argi umill bat aurrean zuela, eguzkiaren egillea!... Aita gure zeruetan dagoena! An, goiz-sentiko argitasuna baño illagoko artan, ikusi nuen, begiak itxirik neuzkala, nere pena guztien buka gozoa! An, ixillik eta bakar, munduaz azturik eta munduak aztua, zegoen nere anima tristea sufrimentuan pensatzen, bere Aitaganako amorioak mantendurik, eta organoa, gure zizpuruak Jaunari bialtzen dizkan oslankai eztitsu ori ixillik zegoelarik, iruditzen zitzaidan entzuten nuela musika miragarri bat. A!... Ixilltasuna da askotan animaren musikik aundiena! Banegoen, bada, eta
eztakit noiz arteraño egongo ote nitzan era onetan, aur negarra aditu ezpanu nere aldean. Begiraturik. ikusi nituen eskutxoak elkarri emanik bi aur txiki belauniko erregutzen, eta oen ondoan emakume beltzez jantzitako bat; zan alargun bat bere biotzeko puxka gaixoakin. Iruak zeuden negarrez! Alargunaren malkoak jotzen zuten lurra umezurtzentzat aita esnatu naiean bezela, eta biltzen zizkaten berenak bere umeai, gorde naiean bezela. Ain ziran ederrak ama tristearentzat! O Jaungoikoa!... Guztien erreguak entzuten badituzu, nola entzungo dituzun alargun eta umezurtzenak!
Irten nitzan elizatik; illunabarra zan; nola ez nekiela pasa zitzaizkidan orduak elizan, eta ez da milagro. Zer da denbora, betiraunde edo eternidadeaz oroitzen geranean? Etxetik urruti arkitzen nitzan, eta erabaki nuen edozeiñ baserritan gauba pasatzen gelditzea.
Mendi egal luze baten bidexigor batetik nijoala, ikusi nituen artzai batzuek, baña ixillik zeuden. Etzan entzuten euskal mendietan denbora bateko uju eta irrintzi pozkidatsurik; eguzkiak agurtzen zuen betiko egun ura: txoriak ixiltzen ziran; illargia ateratzen zan; zerupea apaindu zan; euskal izar dizdizaria aurrean neukan; aritz-ostoak erortzen ziran nere esperantza maite batzuen eraraz; lurgaña loak artzen zuen, eta arkaitz zirrituetatik agertzen ziran urak, ziran, nere anima tristearentzat, nere euskal mendien negarrak! Nere biotza lertuko zan, negarrez asi ezpanitz, aritz ostoakin negar au txukaturik. Gauba nuen gañean, eta zan Azaroko gauba, defuntu gauba, beti izango dana nere gogoan! Intxaur-arbola aundi baten pian ageri zan untzak erdi estaldutako baserri zar bat, gurdi bat eta iñoxtorra pillaka atarian zituela; ateak zeuzkan zabalik.
Abe Maria! -euskaldunok etxeetan sartzeko ditugun itz pozgarri oekin, erantzun zien barrendik antsi illun batek; eta bigarren aldian esan nituenean, krisellua eskuan zuela agertu zitzaidan, negar ta negar, emakume bat. Galdetu nion gau artako ostatua emango zidan, eta erantzun zidan ostatu tristean allegatzen nitzala, baña, ala nai banuen, gelditu neiela, eta ezagutzen ninduela. Orduan jakindu nuen zala, ni mendi-bidetik bezela, ura beko gurdi-bidetik bere etxera etorritako, nik elizan aurrakiñ ikusi nuen alargun tristea, zeiñaren senarra azkeneko gerra negargarriak il zuen. An zituen ondotik talo eskaka bere semetxoak, eta, ikusi nituenean, nion nere barruan: “O Jaun aundia! Nolakoa ote da euskaldun txiki oen etorkizuna? Ez ote dute euskaldun ill bear?”
Aita daukat Elizakoak egiñik ―esan zidan;― betor, nai badu, gurekiñ bere gelara.
Sartu nitzan gelan, eta ikusi nuenean aiton errespetagarri ura eriotzeko trantzean gurutzeari laztandua, Jaunari kontu emateko bere azkeneko orduaren zai animaren sosegu gozoan, zar-miñak itxutua baña animako begiak, fedea, esperantza ta karidadea, agertzen zirala bere itzetan beren edertasun guztian, a!... orduan nik eztakit nolako ta norañoko poza sentitu nuen; eta, biurturik alargunagana, esan nion:
Ez da au ostatu tristea, baizik zorioneko ostatua; ostatu tristerik baldin bada, au izango da Jaunak bere eskutik utzitakoren bat; baña eliza txiki bat dan etxea da zorionekoa, da pozgarria, da zeru pixka bat lurrera jatxia.
Andik laster etorri ziran auzoko kristau on batzuek, eta, oen artean, aitonaren bi lagun zar, negarrez bi aur txiki bezela; esan zioten zerbait aitonari,
eta onek erantzun zien:
Utzi nazute ixillik; itz egin degu aski gure denboran, eta orain Jesusekin bakarrik itz egin nai det; aurki esango dizkitzutet nere azkeneko itzak; bitartean, eska zaiozute Ama Bijiñari jabetu dedilla, errukiturik, nere anima gaixoaz, eta bere mantupean arturik eraman dizaiola Jesusi.
Aitona ixildu zanean, bere lau urte inguru izango zituen illoba txikienak egin zuen farra. Zitzaion zerutik guri ez bezelako berri onen bat etorri? Dudik gabe. Zer ote da aingeru izatea!...
Bageunden orazioan, eta... ura izerdi otza, ura asnase larria, ura ikara agertu ziran, bat batean, aitonaren gorputzean! O eriotza! Gauza bat da zutaz itz egitea, eta beste bat gugan zer egiten dezun aldetik ikustea! Baña ez gaituzu izutzen, ez, gurutze bat gurekin degula!
Aiton gaixoak, bizia bazijoakiola ezagutu zuenean, pixka bat altxatzeko esan zigun, eta ondoren, gurutzeari oñean muñ emanik, esan zuen:
Iltzera noa! Jar zaitezte guztiak belauniko, eta ni bezela arkitze arteraño, gogoan izan beti, nere aitari, orain zuek neri bezela, aditu nizkan itz oek: “Negar ez egiñ; eman eskerrak Jaunari; gurasoen Gurasoak deitzen nau gaur. Poztu zaitezte! Bizi zaitezte, beti, Beraren legean!”. Inaxi! ―esan zion errañari―, azi ditzatzu aingerutxo oiek Jaunaren amoriozko beldur santuan, eta ez dira umezurtz izango. Zorionekoak mundu ontako neke eta sufrimentuak! Ez aztu sekulan zerurako zeratela, ez! Zeruan... bildu gaitezela, Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
Au esanik, burukoen gañera erori zitzaion burua, dotriña santua beste libururik ezagutu gabe, nola bizi ta ill zekien buru ura!
Jaso nai izandu zuen, azkeneko aldiz gurutzea agurtzeko; baña bere biotzaren esana eziñ egiñik, au Jaunari bialduaz il zan!
Onela bukatu zituen bere egunak euskaldun zar arrek, difuntuen illeko gau batean, eta ill artan bertan, joanik ni, beste asko bezela, kanposantura, erakutsi zidaten bere obia.
O gaurko euskaldunak! Zuen sufrimentuak pisuegiak badira, zoazte, zoazte eriotzean arkitzen diran gaixoak ikustera, eta andik obi baten ondora; an arinduko zaizkitzute! Bai! Obia, bere ixiltasun, illuntasun, moteltasun eta ar utsakin, da gure egiazko seaska; eta, seask’artan esnatzen geranean, a!... ez da izango geiago Euskal-Erririk!... Baña Jaunaren miserikordiak emango digu betiko Zeru-erria! Eta euskaldunok ez degu naiko gauza bat besterik, bakarrik maitagarria: Jesus!
1882-ko Urrian.
Euskal-Erria, VII, 1882.
|