Gauzik ederrena


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Arzak Antonio »  Gauzik ederrena

Antonio Arzak



Gauzik ederrena



Amoriozkoa izanik gu egin gaituen Jainkoa, gure sustraia amorioa da, eta onek anaitzen gaitu gizon guztiok, guztion asiera ta buka dan Jaun amoriotsu artan, gorputz, odol, erri eta gañerako azaletik berezitzen gaituzten banaita edo diferentziak, iturri batetik batera ta bestera irtetzen diran urak, batera jo baño len beren bideetan daramatziten orbel bat edo beste bezela baizik ez dirala. Ala, zer da geren odol edo gorputz izatea, zer eriotza bera, amorioarentzat? Aztu zaigun zeiñ izan zan gure lenbiziko itza? “Ama!”... izandu zan au; baña odolaren gaiñ amorioa dagoelako, “ama!” esaten dio amik gabeko umezurtz txikiak ere, aren ordeintzak egiten dizkanari, ama baten ordeintzak egin al balitez!... Dakigu, alaberean, amorioak ez duela ezagutzen eriotzik, da esatea, ez duela onek beñere ura iltzen, eta bai askotan piztu ta sendotzen, irazeki ta sutzen, maite ditugunak obiratzen zaizkigunean.

Da, bada, amorioa, gurekin jaiotzen dan baña iltzen ez dan gauza; da animaren anima: eta gizonak, deserri ontan arkitzen dituen gauzak ikusirik amorio onen trabes, kristal baten atzetik bezela, maite ditu asko, amorio oni erantzunik, bere Jaunaganontz, Amoriozko iturri aren alderontz, bialtzen dutenak. Au gertatzen zaio euskaldunari.

O nere Euskal-Erria!... Zergatik zera zorionekoa zure doakabeen erdian? Zure umeak Jaunari bialtzen dizkatzulako. Bai! Alde batetik dauzkatzu zerurañoko mendiak, beren kolkoetan ermita konsolagarriak gordetzen dituztela; bestetik erakusten dizkigutzu itsaso eder orren bagak, aditzera eman nairik mundu ontako joan-etorrien ezereztasuna; jartzen dizkigutzu aurrean, lotsaturik bezela, ai!,... lengo zure seme leial gure guraso maiteen Lege zarra, kondaira onragarria, fede osoa, antziñeko oitura garbiak, eta, batez ere, oek guztiak baño geiago balio duten gaurko eguneko penak! A!... Zorioneko penak, bai!, lurretik zerura altxatzen gaituztenak! Eta... nola ez gaituzte altxatuko? Ikusirik gure aitonen legeak pusketan, oiturak erdi galduan, kondaira aztua, itxasoa etxeak negarrez betetzen, mendiak gorroto madarikatuak gure anaien obitan biurturik, non gaude? Nora begiratu genezake? A!... Bakar-bakarrik ermitatxo umill ura dago len bezela, ta egongo da, zut-zutik, mundu triste au bera igaro arte. Goazen ara! Erleak lorearen motaixka edo mimikutik ateratzen duen eztia, aterako degu guk artatik, gure samintasunak gozatzeko. Goazen! Zer ageri da barrenen? Gurutzeal...

O gauza parerik gabekoa, gizonen esperantza bakarra! Nik ikusten detanean gizon gaixoa sufrimentuan mugik gabeko martirio ikaragarrian, Zuri begira bere bizia pozik ematen; ikusten detanean misio-egillea, eriotz izugarri baten aurrez-aurre, Zuregatikan, far-irri atsegin batekin, bizia emateko prest jarria; ikusten detanean pekatari umill damutua Zure aurrean bere etsai guztientzat eta beretzat barkazioa biotzetik eskatzen, bearbada ontarako bere bizia eskeñtzen dizula; ikusten detanean eritegi batean monja karidadekoa eri gaixoen zauri nazkagarriak sendatzen, oetan ikusirik Gurutzean ageri diran zauri maitati sekulan aski bedeinkatuko ez ditugunen itzal txoragarri bat bezela; ikusten detanean, ez bakarrik salbatu zenuela gizona, baizik aunditu eta edertu, berari ekarririkan egiazko Libertade bakar santua, lengo illunbea, naspilla eta lotsa eguzkiak lañoa bezela kendurik: ikusten ditudanean munduko begi guztiak Zuri begira, beste gauza bat bakarrari ez bezela, eta anima askok egiten dizkitzun begiratze maite, eskertsu, kupigarriak; ikusten ditudanean itxu gaixoak, zure billa dabiltzala; pensatzen detanean zure dotriña illezkor miragarrian, ikusirik alde guztietara amorioa, barkazioa eta zoriona baizik etzerala, nik esaten det nere Euskal-Erri biotzekoan ez degula ezer galdu, ez!,... gure elizetan, ermitetan, eskoletan, bide bazterretan, etxeetan eta, guzien gañ, biotzetan, Zu gurekin zerala; nik esaten det biotz osoz eta ao betez: Zu zera gauzik ederrena!!

1883-ko Martxoan.
Euskal-Erria, 1883.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org