Iparragirre!


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Arzak Antonio »  Iparragirre!

Antonio Arzak



Iparragirre!(1)



Jaunak:
Arrotz batek, erri batera datorrenean, lenbiziko galdetzen duena da:

Nola bizi da emen jendia? Zer sentitzen du? Zer sinisten? Zer adoratzen? Zer maite?

Jaungoikoa eta Fueroak! ―erantzungo du, mundua irago arte, euskaldunak.

Da esango balu bezela:

Bi arbola: gurutzekoa eta Gernikakoa.

Gurutzekoa, emen geran artean eta gero, gizon guztiak anaiturik, gure zoriontasuna egiten duena.

Gernikakoa, lenbizikotik zuzen-zuzen datorrena, bere zañetik sortua ta beragatik illezkorra, beti biziko dana, gizon gaixo batzuek ala ez uste arren, ta oraindikan, naiz gaur makurtua egon, usterik gutxienean altxatuko dana, euskaldunok zentzurik badegu, euskaldunok euskaldun izaten bagera!

Ta zeiñ da gure artean arbol orri gaiñ-gañez, beste iñork ez bezela, kantatu diona? Iparragirre! Ta “zeiñ zan?” galdetuko dute mundurik mundu gizaldi guztiak; eta beti, euskal mendi tarteko oiartzun baten boza balitz bezela, entzungo dute jendiak: Iparragirre!

A!... Non jaio, non ibilli, nola bizi ta nola ill zan, denok dakigu; dira, itz batean, gizonaren munduko gora-berak; baña denok ez deguna, ta izan bear genukena, da Iparragirreren biotza, beti amorioz sutua bere lurrarentzat, egun alai eta tristeetan, ala nola zeruko izarra beti dan bat bera, diztiatzen duenean edo odei beltzez estalirik ageri ez danean.

Atsegiñ aundiz aitortzen det erri noble eta leial ontako semea zala, txikitan artzai-mutilla, gero Amerikara joan ta lurmiñaren(2) indarrak emen ezurrak uztera ekarria; eta argatik edaten det oraiñ erri ontako semeen osasunera, gure mendiyetako artzaienera, ta Ameriketan ditugun anai maiteenera, diosal egiñik lendabizi, errespeto guziarekiñ, iru probintzi aizpen gure diputadu jaun txit goituai; uri ontako Bilguma, Gipuzkoa ainbeste onratzen duenari; Bilbaoko Euskal-Erria deritzaion Elkargoari; talluntza egin duen Font jaunari, ta nere entzule guztiai.

Bukatzera noa. Etzinduzteket aspertu nai; eta, gañera, mingaña dijoakitan beldur naiz.

Euskaldunok nobleak gera: nola ez bigaldu oroitz bat andre alargun eta aur umezurtz, Españiako errege ta erregiñ izanik gaur gure Donostian arkitzen diranai? Guk ez degu iñorentzat gorrotorik; nere biotzeko adiskide Peña eta Goñi jaunak esan duen bezela, amorioa denentzat senti du euskaldunak. Bakarrik nai deguna, ta egun bat eta bestean eskatzen degun ta eskatuko deguna, da justiziya; eta kontu, jaunak: lurrean justiziya galdu baldin bada, justiziya zerutik etorri liteke!

Erritar maiteak: egun aundiya da gaur guretzat; baña egiyaz aundiya izango dana da arbola santua, geiago ez erortzeko, altxatzen dan egun ura. Datorrela lenbailen!

Euskal-Erria, 1890.



(1) Brindis de D. Antonio Arzac, pronunciado por su autor en el banquete oficial celebrado con motivo de la inauguración de la estatua erigida al inmortal bardo euskaro. (Euskal-Erria-ren oarra.)

(2) Lurmiña: nostalgia. No encontrando esta uoz en los diccionarios ni escritos uascos, la introduzco sin pretensión de imponerla. (Antonio Arzak jaunaren oarra.)





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org