|
Antonio Arzak
Itz bi
Luis Karril
ta bere mutillai
Ill onen 2-yan irabazi diyozute ondarruarrai, guztiz ots aundikua izan dan estropara bat.
Asko eta asko itz egiñ eta izkribitu da beraren gañian, ta ez nezaket gai ontan gauza berririk esan; baña nik ere maite zaituztet nere modura, soñu eta zalapartik gabe, eta nere biyotzak eskeiñtzen dizkitzute itz bi.
Beñere ez bezela zegon gure kayia, arraunak altxarik, garailari, zuen etxietara etorri ziñaten arratsalde gogoangarri artan; mereziya zenuten paregabeko ongi-etorri onoretsu ura; atsegiñez beterik aitortzen det.
An arkitzen nitzan ni ere, txoko batetik begira; baña, nai eta nai ez nuela, musika, poza eta zoramen arren guztiyaren erditik, nere begiyak zijoazen Mari illezkorrak daukan aldare txiki artara!... Eta, nere buruarekiñ itzketan jarririk, niyon: “Menturaz usteko du oraiñ norbaitek gizon abek eta ondarruarrak, estroparan berotu diralako, elkarren kontra gorroto pixken bat idukiko dutela. Ez milla bider! Euskaldunak, batzuek eta bestiak, anaiak denak, eta batez ere denak arrantzaliak, izango da gero ere beren artian lengo adiskidetasuna, lengo griña bera elkarri laguntzeko, Mariren gisa besterengatik biziya emateraño!” Ta, ontan pensatzen nuenian,... a!,... zuetako bakoitzian Mari bat agertzen zan nere begiyetan, zerua goian, ura bian, ta bularrian eziñ kabitu alako biyotz banarekiñ! O, bai! Zer aundiya, zer ederra zeran, itxas gizona!
Emen bukatuko nuke, Eguerriyak ezpaletoz; baña begira, Luix: zu ta zure lagunak festa festen gañian datorkizutela arkitzen zerate; zorionian izan deriyela. Denbora berian, ondarruar arrantzalien etxe askotan tristura nabaitzen det: aita batek jokatu ta galdu ditu txalupa ta arrantzako sariak, eta bere familiyan goibel dijuaz eguna ta gaba; etorriko da laister Onentzaro, ta sukaldi artan ez da pozarik izango; ta bigaramonian, Eguerri egun aundiyan, eskatuko ditu nexkak elizara apaiñ-apaiñ juateko amak agindu zizkan zapatak edo soñeko berriya; aitak orduan, latz, gogor, esango ditu itz batzuek, eta nexka... negarrez juango da! Ez da egiya, Luix, obeto egiñ lekiyokela kontra bendabal eta ekaitzik izugarriyenari, nexka gaxu orren malkuai baño? A!... Nik dakitana da, euskaldun guztiyak nobliak diralarik, ez dala iñor donostiarrari irabaziko diyonik biyotzaren samurtasunian, ez!; eta argatik uste det estropa-festa aundi aben errematerik ederrena izango litzakela zuen aurrak Ondarruako aurrai zerbait siñale egitia, guztiyok anaitzeko Jesus Aurra jaio zan egun artarako! Bai! Bizi gaitian elkar maiterik! Festa t’atsegiñ luzienak laburrak dira, kia bezela dijuaz, gurekiñ batian. Gaur bagera, bigar ez; urak edo lurrak laister iritsiko gaitu, eta utsa litzake emengo estropara guztiyak irabaztia, ango estropara galduko bagenu. Boga, mutillak, boga, zeru aldera!
Zuena, erriz ta biyotzez:
Antonio Arzak
Donostiyan, 1890-garren Ama Birjiña Kontzeziyoko egunian.
Euskal-Erria, 1890.
|