Euskara!


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Arzak Antonio »  Euskara!

Antonio Arzak



Euskara!(1)



(A. Larramendiri)



Zer esan, jaunak, zer itz donkitu, nere izkeran, maisuen maisuari?

Ala nola eguzkia irtetzean izarrak ezkutatzen diran, ala ikusten ditut gaur euskal izkribatzalle argienak Larramendiren aurrean, eta nik nitaz aitortzen det ez nezaketala beste gauzik egiñ, ezpada aurrak bere aitarekiñ egiten duena, esaten dizkanean besterentzat balio ez duten itz-erditxo banakak, amoriozko begiratu batean gozoro bildurik.

Denok dakigu gure Aitaren bizia eta obrak dirala: gloria zeruan, euskara lurrean.

Euskara!... Ia ill dala entzuten nago aspaldian, baña ez da illko. Jaio; amak euskaraz erakutsi; azi ta gizon egiñ euskararen musika entzunik; A. Larramendi bezelako gidari bat bidean arkitu, eta gero, eguna arratsaldean illtzen dijoan bezela, obirontz alderatzen ari geranean, geren buruak ukatu ta ill? Ez da geren buruak ukatzea euskaldunak ez gerala esatea? Eta nola esan euskaldunak gerala euskaraz itz egiten ezpadegu? Beren izkuntzak aztuko balituzte, izango litzake gaztelau, frantzes edo ingelesik? Norbaitek esango du ez duela oraiñ euskarak beste izkuntzak ainbat balio ogia eta dirua irabazteko; ez det ukatzen. Baña nik dakitana da ez dala gizona ogiz eta diruz bakarrik bizitzeko Jainkoak egiña, eta ez dala, eziñ izan litekela gauz egokia ta zuzena gure gurasoak zituzten izkuntza ta oituretaz aztutzea, beretaz ernegaturik bezela. Nik ez, euskaldunak, bakarrik geldituko banaiz ere. Burni-bide eta gañerako aurreramenduak, Elizak bedeinkaturik denborak dakartzienak, ongi etorriak izan bitez, beren bitartez erri guztiak bat bezela egiñik; baña onegatik itzali bear degu gure erriari, etxeari eta familiari diogun amorioa?

Euskara!... Eri dago, bai!, baña ez da illko; ta sendatu liteke, euskaldunok ala nai badegu. Euskara ill... ez! Eziñ! Eta illtzen utziko bagenu ere, ez litzake illko, bada itz itsusi, erneguzko eta blasfemiazkorik ezagutzen ez duen eta sekulan beretaz kutsutu ez liteken izkuntza garbiari eziñ falta lekioke zeruko laguntza; zerua onratzeko biziko da beti gure mendi-kolkoetan. Gañera, zabalduko da munduan: alde guztietako gizon jakintsuak ari dira gaur bera ikasi eta miresten, eta emendik, Andoain, Larramendiren seaskatik, bigal zaizkategun orain eskerrik beroenak.

Euskara!... Zenbat edertasun gordetzen dituzun! Eta au da bat: nork adierazi lezake nolako eta norañokoa dan gure mendiyetako kantetan banatu dezun likurt gozoa?... A!... Kontu aundiarekiñ egondu izan naiz frankotan beste erriyetako mintzo eta jolasak entzuten, baña batean ere ez det nik arkitu zure atsegintasun paregabea. Egia da: nere lurretik kanpora, txorien kantak berak legorrak bezela iruditzen zaizkit.

Euskara!... Biziko da, ta biziko da gure etxean, elizan, eskolan, mendi ta zelaietan, kale eta plazetan, emen, Ameriketan, euskaldun bat bizi dan alde guztietan.

Onra dezagun, bai!, A. Larramendi, baña ez bakarrik gaur, ez bakarrik emen; baizik non-nai ta beti. Nola? Onraturik euskara.

(1) Discurso de D. Antonio Arzac, leído por su autor en la Sesión literaria en honor del P. Larramendi, celebrada en la Casa Consistorial de Andoain la tarde del 28 de Diciembre de 1890.

(Euskal-Erria-ren oarra.)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org