1
“Euskal mendiak ikusten ditut
aritz igarrez jantziak,
erdal aizeak igarturikan
beren lengo zaiñ aundiak;
beren arkaitzak ez dira denak
nere negarrak bustiak,
baña arkiturik geien-geienak
anai odolez betiak.
2
Erreak gure jaiotz etxeak,
illak guraso legiak,
nastuak pillan eta borroka
lagunen ezur zuriak,
alargunaren malkoak eta
bere umeen antsiak!”...
O, nere Jauna, negarrez nion
zerura altxarik begiak!
3
Zergatik orla? Eta gis ontan
jarririk pentsamentuan,
illundu zuen nere inguruan
argiturikan zeruan,
eta bakarrik gelditu nitzan
arkaitz maiteen onduan;
zenbat oroitza ote zebiltzan
gauba artan nere buruan!
|
4
“Izar gurea, irten zaitea,
umezurtz gaude munduan”
esanaz neguen, eta illargia
ateratzen zan orduan.
Zer ageri da bere itzalpean
arontzagoko basuan?
Zer ote dago nere aurrean
eriotz estu-estuan?
5
Euskal-Erria, anai maitea,
Euskal-Erria zeguan!
“Elkar zaitezte, arren! ―esanik―;
elkar zaitezte beinguan!
Ara Irlanda nola dabillen
bere burua galduan,
eta Ungria nola dan ondo
bere legeak zaituan”.
6
“Eta nereak non dituzute?”.
“Biotzen barru-barruan”
erantzun nion, ez dakit nola
itorik nere damuan.
Eta aingeruak kantatu zuten:
“Bizi beti uniuan!”.
Ta zu, Lizana, zure kartakiñ
an ziñan nere goguan!
|