Amalaudunak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Arzak Antonio »  Amalaudunak

Antonio Arzak



Amalaudunak



O biotzeko txoria!



Erretxinol bat zegoen kantari
joan dan gaubean nere lurrean,
eta ni, ixillik, arren atzean,
erregutuaz Jaungoikoari.
Galdeturikan txoritxoari
penikan zeukan bere biotzean,
erantzun zion Euskal-lurrean
beti penetan bizi danari:
Ez nazu izutzen, aldera zaitez,
ikusi zazu zeñen dolorez
mintzatutzen dan erretxinola;
Zure erria, nere kabia,
biontzat dago negargarria,
biontzat illik euskal arbola!


Euskal-Erria, 1882.






Urikalduak!



Ederra zera, o itsasoa!
Baña zu baño ederragoa
da zuregatik alargunari
ixurtzen zaion malko tantoa!
Sendoa guztiz dezu orroa,
baña neretzat sendoagoa
da zuregatik umezurtzari
jaiotzen zaion zizpurutxoa!
Garratza dezu zurrunbilloa,
baña au baño garratzagoa
da gurasoak, semerik gabe!,
botatzen duten antsi eroa!
O Jaungoikoa! Zuk dezu, bai, zuk
oek ainbeste maitetakoa.
Itsaso bagak etzuten ito
ark egin zizun orazioa.
An... ur azpitik bialdu zizun
gaixoak bere biotz osoa,
Gurutze Santu Lezokoari
erreguturik barkazioa!
Aur, emazte ta gurasoentzat
eskaturikan konsueloa!
O Jaungoikoa!... Aita zera ta
eman zenion zure koIkoa,
eta lurrean zabaltzen dezu
karidadeen usai gozoa!
Poztu gaitezen!... Zeruan dago
gure betiko amorioa!


1882-ko Abenduan.
Euskal-Erria, 1882.





Gora!... Gora!...



O zenbat gauza euskaldunari
iltzen zaizkion mundu onetan!
O zenbat gauza bere penetan
esaten dizkan bere lurrari!
Beiratzen dio zeru ederrari
dizdizaria dagon gaubetan,
eta malkoa bi begietan
ekartzen dio lur maiteari!
Bere biotza, zauriz betea,
lur triste onek dauka gordea;
orla bizi da gaur euskalduna!
Baña goietan du bere erria,
goietan bere bizi guztia,
zabal zaitea,... zeru kutuna!


Euskal-Erria, 1883.





Katibu!



Ikusirik, txikitan, aritz arbolan,
kabitik aterea txorikumea,
otzak erdi illean, indar gabea,
goroldiotan sartu nuen kaiolan.
Kartzel onetan txit maiz mintzatutzen zan,
etortzen ziran aitak berarengana,
eta txio ta txio, emanik jana,
nere txori gaixoa an azitzen zan.
Aunditurik, ari zan beti kantari,
baña entzunik libre... bizi zanari,
onek pozturik, ark penatzen ninduen.
Nork esan bear zuen, denbora joanik
kant’ura bera izango nuela nik?
Euskaldun batena da; zer antza duen!


Euskal doakabearen 7-garren urtean!... 1883.an.
Euskal-Erria, 1883.





Ku-ku!



Biotz berako tortollotxoa
zegon urrungaz txara batean,
non bere kabi guztiz gozoa
aritz mardulak zeukan gordea.
Itur-burutxo jostallutxoa
ala arkitzen zan bere oñean
nola bildotstxo txuri gaixoa
lo-lo txit umill garo tartean.
Lanbro intza zan. Udaberria!...
Zeñen eztia dagon mendia!
Artzai mutilla: irrintz uju-ju!
1 baño obeto bizi dana dek
kale gizona, aberats badek?
Artzaia ixill: txoriak: Ku-ku!


1883-ko Maiatzean.
Euskal-Erria, 1883.





Ama baten argia



Ez da eguzkia, ez ere illargia,
da aurraren anima dizdizaria;
zerutik etorria ara dijoa
ega txoragarrian aingerutxoa!...
Negar egiten dezu, ama tristea?
Txuka zazu agudo, poztu zaitea!
Bakar, seaska otza, besoak utsik,
begira zazu an gora emen lurretik!
Ez dezu an ikusten Jauna adoratzen,
Jesusekin jostatzen, eta eskatzen
zuretzat zoriona beti-betiko?
O ama, ama! Zer dezu malko ori?
Argi egiten duen ur tanto ori?
Semearen laztan bat, ez det utziko!


(De la Revista Euskara)
Euskal-Erria, 1883.





Antsi tartean!



(Nere anai frantzes euskaldunai)



Bidasoa ertzean, Irun aldean,
zuengana begira, arratsaldean,
arkitzen nitzan atzo, eztakit nola
burura igorikan nuen odola.
Zan nere begietan Euskal-Erria
pusketan arkitzen zan txori-kabia;
eta kabi ontako ume tristeak
Frantzi-Españiaren ugatz-semeak!
Zenbat senti zituen nere barrenak
familirik gabeko senide penak
eztizutet esango, ez, paperean.
Xarmangarria, Urzo xuria ziran
ni poztutzera etorri; ta beren jiran
biotza utzi nizuten ur bazterrean!


1884-ko Ilbeltzaren 16.ean.
Euskal-Erria, 1884.





Negar zurekiñ!



Neukan anima pekatuz estalirik,
arantza luze batek zuen zulatzen;
baña “Jauna, barka nazazu!” esaten
eziñ jarri nitzan! Ai, ez nuen indarrik!
Etzala aski iduritzen zitzaidan
Jaunaren ontasuna ni barkatzeko,
Jesus baten odola ni salbatzeko.
Zer lañoa aurrean jartzen zitzaidan!
Ordu pisuak, mintasunez beteak,
ziran pekatuaren frutu tristeak;
ta nola kendu? Konfesio on batekin.
“O Ama ―esan nuen―, kupi zaitea!”
Birjiñak erantzunik: “Nere semea!
Atoz!... Nik egingo det negar zurekiñ”.


1883-ko Martxoan.
Euskal-Erria, 1884.







Usoa ta euskalduna

(On Jose Umaran jaunari)



Bi uso bizi ziran Euskal-Errian
elkar maiterik guztiz zorionian,
biak kabi batean jaiotakoak,
biak amatxo batek azitakoak.
Bat botarik ekaitzak itsasoz arontz,
gelditu zan laguna itsasoz onontz;
eta geroztik bien urrungatxoak
ziruriten, ai, antsi dolorezkoak!
Egatzen ziran elkar ikusi nairik,
baña alferrik; ta beiñ lurra utzirik
joan ziran zuzen gora an bildutzera.
Gu non bilduko gera? O euskaldunak!
Guk ta Amerikako gure lagunak
ega dezagun, ega, zeru aldera!


Euskal-Erria, 1885.





Arantzazu-ko Ama laztana, atoz gugana!



Eri dagoen baten gela tristean,
arrats luzean, an... ixiltasunean!
Argi txiki bat doi-doi dago pizturik,
bere errañuz zure itxura inguraturik.
Ala berean, Ama, nik, euskalduna,
ikusten det gaur zure Arantz kutuna,
mendi tartetik nere euskal lurrean
illargia gaubean ateratzean.
“Senda nazazu, arren! ―dio eriak―.
Salba nazazu!”. Eta... bere arpegiak
billatzen du zurea, Ama laztana!
Au da nere esana, o Erregiña!
Ta ezpagera Zu koroitzeko diña,
barkaturikan igo, igo zugana!


Euskal-Erria, 1886.





Gaixoak!



Urikalduak, itxas ta legorrean,
badirudi obitik gaur datozela,
esanaz: “Begira or, gure etxean,
zuen aurrean agertutzen dan gela!
Emakume bat belauniko lurrean,
aurrak besoetatik daukazkiela,
“Non da aitatxo, ama?” galdetutzean,
“Ogiya, ama!” eskatzen diotela.
O!... Korri! Korri zagun konsolatzera
alargun-umezurtzak! Ta esatera:
“Emen gatoz gu zuei laguntzera!”
Zerbaitengatik zera, bai!, Donostia,
nere erri kutun ta paregabia,
karidadeak duen kabi maitia!


Euskal-Erria, 1888.





Okendo



Or... Ulia mendiko itsas ertzian
mundura jaio ziñan, zorionian,
gloriyaz betetzeko gure erriya,
Kantauriako perla dan Donostiya.
Pernanbukon, Las Dunas, alde danetan
gizon paregabia ontzi gudetan.
Kondairak deitzen dizu: Garaiteziña!
Nor zan zure aurrean jartzeko diña?
Bagak eta antxetak seaskatikan
ikusi zenituen; denborak joanik,
gaur ere or dabiltza zure ondotik,
gau ta egun talluntz ingurutikan
kantari beti!... Zer gauz ederragorik?
Zurriolako jabe zera osorik!


Euskal-Erria, 1895.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org