Euskal-Erriko perlak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Arzak Antonio »  Euskal-Erriko perlak

Antonio Arzak



Euskal-Erriko perlak



(Madame d’Abbadie-ri)





1
Dizdizariak, egiazkoak, Jaunak zerutik botatakoak. odeiak ura daukan bezela euskal biotzak gordetakoak, dira: malkoak!... Ixurtzen ditu gau eta egun mundu osoak, baña neretzat eztira iñon Euskal-Errian bezelakoak!...

2
O erri maite maitagarria, malko iturri guztiz garbia, maitasunaren, sentimentuen eta negarren kabi txikia! Pena bat daukat! Siñista nazu: zuri begira, ai!, etorria, gaur edo bigar zu emen utzirik zeruetara gabe joatia.

3
O Jaun aundia! Zer da Zuretzat zeru ederra onat jaxtia, ikusirikan nere erriak dizun maitasun paregabia; ikusirikan onen fedia dena garretan irazekia, ikusirikan, Aita laztana!, zurea dala guzti-guztia?

4
Begirakitza zeru goietik, zure Ama du bere jabia! Beti elkarrekin izango dira Euskal-Erria eta Maria! Ta lur ontatik Amerikara dijoanean euskal umia, antxen darama bere kolkoan Amatxo onen kutun eztia!

5
An, besoetan, aurtxoa zala, euskaldun amak jarritakoa, erakatsirik bere aurrari Jesus esaten. Izen gozoa! Erreguturik, kristau legean ez bizitzekotz aingerutxoa, ill dedilla, bai!... beso aetan. Egin dezala betiko loa!

6
Orazio au zerura joanik, zerutik dator malko tantoa; eroririkan perla eder onek esnatutzen du ume gaixoa, eta ikusirik amaren negar eta arpegi dolorezkoa, aur txikiari jaiotzen zaio beste perla bat ederragoa!

7
Azitzen dator; beste ama bat irtentzen zaio bere bidera, mundu ontako gauz on guztiak maitagarriro agertutzera, Jaun bat, Lege bat eta Erri bat nola dituen erakustera: mundurik mundu gure artean sekulan illko eztan euskera!

8
O, nere Ama! Etorri zera gaur gu Markinan laztandutzera; etorri zera zure semeak pozaren pozez txoratutzera; etorri zera zure lengoko atsekabeak txit aztutzera; D’Abbadie jaun ta sari emalleak malko batekin eskertutzera!
9
Baña... o Ama! Ama Euskera! Zure semeak goaz iltzera; sufrimentuak bialtzen gaitu zeruan zutaz itz egitera!... Sufritu degu aski, Amatxo! Baldin gaiztoak izan bagera, iltzerakoan zugana gatoz, arren, gauza bat zuri eskatzera.

10
Ama Euskera! Ain ona zera, aditu zazu gure erregua; zure aurrean egiten degu azkenik gure testamentua, paper beltzean, malkoz bustirik, gure eskuak izkribatua, agoniako ordu estuan animatikan jaiotakua.

11
Esan zaiezu gure aurrai, gutaz galdetzen duten orduan, gu ill giñala, ezin bizirik Euskal Legea galdu damuan; Lege santu au daukatela gaur oitura onak beren barruan, ta zu zaudela sekuletako Jaunak jarria oen kontuan.

12
Esan zaiezu ill arteraño bizitzeko, bai, mendi onduan, erakutsirik, Ama garbia, zer usteltasun dagon munduan Esan zaiezu beren biotzak idukitzeko beti zeruan, ixuririkan malko tristeak gure ezurrak diren lekuan!

13
Ama Euskera! Ama Euskera! Orra non diran gure umeak. Zer? Ez dituzu ezagututzen? Negar, gizonak! Negar, andreak! Negar, gizonak, lotsarik gabe, lotsaturikan ez egiteak! Biotza ere igartu digu izandu degun doakabeak?

14
Ez milla bider!... Atoz malkoa! Itzakin eziñ esantakoa, zergatik zeran ixill-ixillik izkuntzen izkuntz gaiñ-gañekoa; zergatik zeran, o ur tantoa, sentimentuen itsas beroa, zeiñaren bagak mugitzen duten gure animen ontzi gaixoa!

15
Atoz!... Zu gabe ontzi gaixo au, ondar leorrez ingurutua, eztakit nola joan al liteken ikututzera zeru-portua; baña badakit, malko batean joaten bazaio umill sartua, besoak zabal datorkiola gure Jaungoiko errukitsua!

16
O nere erritar biotzekoak! Ainbeste negar egintakoak! Azi ditzagun zuzen aurtxoak, erakutsirik gure malkoak! Ederrak dira dolorezkoak! O... eta zeñen baliosoak!... Munduan orla bizitakoak dira zeruan zorionekoak!


Euskal-Erria, IX, 1883.



(1) Moldaera au bialdua izan zan 1883.an Markinan izantako Euskal-itz jostaldietara. (Euskal-Erria-ren oarra.)





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org