Nork daki!


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Arzak Antonio »  Nork daki!

Antonio Arzak



Nork daki!



(Nere adiskide maite Franzisko Lopez ta Alen-i)



Askotan oi bezela,
artsalde batean,
zeiñ pozikan nebillen
euskal lur maitean,
nere nexka nuela, (1)
ai, aldamenean!
Onek ikusi zuen
arbola tartean
kaiola bat zegola
baserri aurrean;
ta... (umiak dutena)
ia zer zegon an
bereala saltoka
galde egiñ ziran.
Gu sentirik, amona
irten zan atera,
t’egiñ zion segiran
galde ura bera.
“Karnabatxuak, aurra,
pollitak alere;
oraindik jaten ondo
ikasi ez dute…”
“Oi? Eta orduan nork
ematen diyote?”
“Gaxua!... Beren ama
etortzen zaiote;
baña iya azi dira,
baleudeke libre;
laster beren arrekiñ
egako lirake”.
Eta txorikumeak,
ama sentitzean,
asten ziran kolpeka
libratu naiean.
Orduan nere nexkak,
daukat aiñ goguan!,
malko aundi batekiñ
begi bakoitzean,
esan zidan: “Oxa... ba,
li...bra...tzia... nai... det”.
Ta, amonari zerbait
eman ta ondoren,
librean utzi bear
izan genituen.
Gero... ai!, nexka ill zan!
Eder egatu zan!
Ta ni nolapait joanik
kanposantura,... an,
bere obi ondoko
arbol adarrean,
karnabatxo batzuek
ai ziran kantari!
Ixo!... Oraindik ere
entzuten nago ni,
ta diot: “Aiek dira?
Nork daki!... Nork daki!”


Euskal-Erria, 1889.



(1) Nexka au leen aitatu degunez, Justa Enrile Arzak da, Antonioren illoba, beraren arrebaren alaba, umetan illa.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org