|
Antonio Arzak
Txanton Piperri-ri
oroitza(1)
Or dabiltza xoxuak
txiru-liru-lira,
goiz-goizetik kantari
sasitik sasira;
eta, aben antzera,
danboliñ txistua
gure mendi tartian
da noski sortua,
gazteriya bildurik
zortziko soñura,
bertan artzen zuela
dantz onek itxura.
Aiziaren indarrez
bian itsasuak
aparrez irakiten
botarik orruak,
ta goian, basuetan,
aritzen adarrak
arrek zatitutzean
egiñik negarrak,
jaio azi zituzten
euskal kanta zarrak.
Ta gero aingeruak,
lur ontan jaiuak,
zeruetara joaten
asi ziranian,
|
bigaldu zizkiguten
neskatxen abora
kanta, ez litezkenak
eraman iñora,
gure Ama Euskara
xarretik kanpora,
itzik gabeko izkuntz
aiñ miragarriyan
bizi gaitian goxo
ill arte guziyan.
Au da, nigan, musika
nere lurrekua,
Txanton Piperri bere
espillu osua;
onen kondaira dago
txit ezagutua:
Biltoki au da kolka
ta Txanton txitua.
Donostiyan, berari
begira geundela,
denok txoratu giñan
iñoiz ez bezela,
ikusirik mutillak
ta gizasemiak
euskarazko lan ontan
aiñ fedez betiak, |
aiñ egoki, aiñ garbi,
aiñ zoragarriak,
azkenik Maritxoren
ezpañak zeudela
guretzako zeruko
intza zeritela!...
Zapirain ta Alzaga(2),
bejundaizutela!
Bilbaon ere anaiak
ditugu, ta ara
eraman zuten Txanton
bizkaitarretara,
ta dator dariyola
pozezko algara!...
Joango dala deritzat
|
laister Iruñara,
andik Bitoriara,
gero Baionara,
gure familiako
Euskal-Frantziara,
t’azkenik, garailari,
Ameriketara.
Oraiñ, aditzalleak,
bukatzerakuan,
biyotzetik gauza bat
nai dizutet esan:
Euskaldunak, betiko
anaitu gaitian,
euskaldun bizirikan
gure Euskal-Errian!(3)
|
Euskal-Erria, 1899.
Euzkadi. 1933-V-25.
(1) Txanton Piperri euskal opera baten izenburua da.
(2) Buenaventura Zapirain musikaren egillea izan zan; Tori-bio Alzaga, berriz, letrarena.
(3) Centro Católico deritzaion Donostiako biltokian irakurri zuen moldaera au bere egilleak. (Euskal-Erria aldizkariaren oarra.)
|