 |
|
 |
 |
Hogeita laugarren irudia
XXIV
Agustin eta Inazio.
|
Agustin Inazio, bizi al haiz?
Inazio Ez al nauk ikusten?
Agustin Bai, ia itoan ateratako baten moduko begiak dauzkak! (txuliatzen) Tirabira egin al duk?
Inazio Bai, marea… ia.
Agustin A! Maria! Hau duk komeria! Hi hor egon haizen bitartean goian izan nauk, on Juan erregidorea eta Pedro alaiarekin mokadu bat hartzen, eta kontu ederrik esan ditek hiregatik.
Inazio Zer zioten, bada?
Agustin (jendeari) A zer ikara eman behar diodan!
(orain berari) Mutil… lagun on batengatik esan behar ez direnak.
Inazio Esan iezadak zalantzan eduki gabe.
Agustin Ez al haiz haserretuko egia esanda?
Inazio Egiak ez dik inor ikaratzen.
Agustin Bada… esan ditek; hi tonto bat haizela, neskatxaren ondoan buia baten moduan hagoela, neskatxa horrek bere majoa baduela, eta laster senar aberatsa hartzeko asmoetan dela, tantza lodia jarri behar dela amuan hori harrapatzeko, eta horrelako makina bat gauza; eta haiekin batean zagok beste gizaseme ezkongai bat, lehenago hemen nirekin hizketan egon eta igo duk, mutil…
Inazio Ez duk posible Mariak niri hori egitea; bestela zerbait esango zidaan, eta gainera hain ongi portatu duk nirekin, jatera zihoanetik puska bat eman zidak.
Agustin Hark zer egingo zian, bada? Pux! Denena: sagardoa saltzeagatik datorren guztiari ondo egin. A tontoa! Hik ez dakik hemengo kontua; utz itzak txorakeriak, ez fidatu gonadunekin; denek elkarren antza ditek eta negarra besterik ez ditek ematen. Mutilzahar, mutilzahar, ni bezala, biba mutilzaharrak!, galtzadunak libre, kaioen modura lema jiratu eta nahi den aldera, emakumeak eta katuak sukaldera, baina ez hadi horrengatik tristatu; goazen, edan dezagun eta bakea eman dezagun.
Inazio Ez; gaitz egingo zidak. (esertzen da)
Agustin (jendeari) Hori ziria sartu diodana gizagaixoari; baleki dena gezurra dela eta gainera bere alde denak aritu direla esanaz desiratuko edo poztuko liratekeela biek bat egitea... Bai; gauza guziak zenbat eta neke gehiagorekin eta nahigabe handiagorekin igaroz gero, hala berean gozotasun eta atsegintasun hobeak ondoren izaten dira. Sinistu dit gizagaixoak! Hain da lotsatia eta beldurtia! Orain edatera noa, eta bakarrik badago neska,… horren ordez neronek esango diot ez gehiago sufriarazteko eta goian zer hitz egin duten. (Inaziori) Ba al hator? Ni edatera noak. (Inaziok kasurik ez dio egiten)
Agustin (jendeari) Bai; neskari esango diot horren asmoa, beragatik txoratzen dagoela, eta on Juanek ere nahi duela biak batzea.
(Inaziori berriz) Inazio, mututu egin al haiz?
Inazio (oso lehor) Ez!
Agustin Goazemak, edan dezagun penak ahazteko, orain edaten duanak indartuko ditik kemenak.
Inazio Hoa zori-orduan!
Agustin Ordu erdian ez al da igual?… Goazemak, Maria… behea zagok, bestela bakarrik noak eta bienak edango ditiat. (joaten da)
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |