Joxepak: Zer zabiltza, Bittori?
Bittorik: Hementxe, sagardo bila.
Joxepak: Ni ere mandatuketan nabil; nola jende asko datorren herriko festetara, gure amak nahi du on egin datorren guziari.
Bittorik: Gu ere ez gara gaizki izango kanpotarrekin batean; gure etxean ere prestatzen ari dira, gaur ikusiko ditut pazi zaharrak eta denak garbitzen.
Joxepak: Gurean, berriz, kutxa zaharretik sagar panpandojak atera eta mahaiaren gainean jarriak daude.
Bittorik: Hau poza, Joxepatxo! Amona, berriz, esne arroza egin eta egin ari da.
Joxepak: A zer jatea egingo dugun! Gure auzoko bizar kentzaileak ere leihoan jarriak dauzka hiru pertz bete-beteak esne arrozarekin.
Bittorik: Horrenbeste zertarako dute?
Joxepak: Bada, pentsatzen omen du jendearekin oso ondo egoteagatik, besteetan musuan aparra ematen duten bezala, orain esne arrozarekin igurztea, gozoago ibil daitezen.
Bittorik: Ai gizona banintz!
Joxepak: Zertako?
Bittorik: Mingainarekin dena zupatzeko.
Joxepak: Ja jai... Eta gero minez gelditu.
Bittorik: Joxepatxo, hobe dugu etxera abiatu, bidean estropezu egin gabe; hainbeste jende dabil!
Joxepak: Bai, jendea! Nik ez nuen uste munduan horrenbeste gizon zenik; alde batera joan eta betea, elizan, tabernan, plazan; batzuk piparekin, besteak soineko ederrarekin, non-nahi pila, mahats mordoak dirudite.
Bittorik: Teatroan ere egin behar omen dute funtzioa; hara bai nik joan behar dudala.
Joxepak: Eta teatroan zer funtzio egiten da? Zenbat oineko saltoak egiten dituzte?
Bittorik: Salto ez; bestela, oihuka eta irrintziak.
Joxepak: Eta jira-bueltak ere bai.
Bittorik: Bai noski.
Joxepak: Aufa, hori ederki! Hemen ere jendea nahikoa badago eserita deskantsuan.
Bittorik: Afaltzera etorriko ziren kalean ostaturik bilatu ez eta...
Joxepak: Eta teatroa zein etxetan egiten dute?
Bittorik: Hori ez dakit, baina galdetu hauetako bati.
Joxepak: (Jendeari). Barka bezate, baina berotakoren batek erakutsiko al digu non den funtzio toki edo teatroa?
Bittorik: Erakusten badigute, emango diet nik botila honetatik sagardo pixka bat; paperean bilduta bidaliko diet.
(Barrendik oihuka) Joxepatxo, Bittori, mugituko al zarete?
Biak: O! guri oihuka ari dira; goazen.
Joxepak: Adio, jaunak; nola baitigute deitu...
Bittorik: Etxe aldera behar dugu abiatu.
Joxepak: Ondo bizi guziak.
Bittorik: Asko dibertitu.
Biak: Gaizki esanik bada, mesedez barkatu.
|