|
Pepe Artola. Ustez Laguna Detan
|
Zugatik Naiz Ilko
Dama Bati
|
1
Dama gazte bat bada
gure Donostiyan
igualik ez dubena
Españi guztiyan,
milla grazi daduzka
bere arpegiyan,
artuko nuke pozik
besuen erdiyan.
|
2
Aingeru ori maite
det aspaldi onetan,
zeñaz ikusten dedan
jai arratsaldetan;
berak pentsatzen ez du
zertsu min daukatan, (1)
sendatuko lirake
baleki zer detan.
|
3
Ain da ikusgarriya
dama gazte ori,
bista kendutzen baitu
beiratzian ari;
Donostiyan ez dira
orrelakoxe bi,
zerutik jetxitako
izarra diruri.
|
4
Gorputz liraña dauka
arpegi txit fiña,
gerriyak badiruri
moldian egiña;
biziro oiñ politak
pausua ariña,
ezin fama liteke
ark merezi diña.
|
5
Buruan ille beltza
diz-dizka darama,
ibilleran (2) ere ark
du guztizko fama;
¿nork eztu maitatuko
orrelako dama?
biotzak arengana
ni beintzat narama.
|
6
Ezin bizi naiz ondo
ni mundu onetan,
biziro suerte txarra
det gauza denetan;
bada eskatzen dizut
erreguz benetan,
ez eruki-azteko
luzaro penetan.
|
7
Izar guztiz argiya
goitik amildua,
zuregatikan daukat
biotza sutua;
gañera arkitzen naiz
oso argaldua,
amoriyuak nauka
onela galdua.
|
8
Egiya esaten det
sentimentuakin,
ezkondu nai dedala
betiko zurekin;
izango giñake gu
ondo elkarrekin,
¡zeñek ez izan ditxa
aingeruarekin!
|
9
Zerutik jetxitako
izarra zera zu,
argiya begitikan
bigaldutzen nazu,
plant txarrian nago,
arren ar nazazu,
eta biotz sutua
itzalduko nazu.
|
10
Nitzaz kupiturikan
ar nazu betiko,
zu gabe ez det bada
munduan etsiko,
zuk artzen ez banazu
jarko naiz tisiko,
eta penaturikan
zugatik naiz ilko. (3)
|
4 Mayo, 83
(1) zer miñ klase detan
(2)saleruan
(3) eta izugarrizko
penetan naiz ilko.
|