Urrutiko Intxaurrak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Artola Ramon »  Sagardoaren Graziya »  Urrutiko Intxaurrak

Ramon Artola. Sagardoaren grazia eta beste bertso asko



Urrutiko Intxaurrak







Baserritar baten Ameriketatik bere lur maiterako etorrera.



1
Pozez Ameriketara
joan nintzan gazterik,
etzalako iñon lur
oberik besterik;
bañan an desengañuz
ta penaz beterik,
eztakart etxerako
urteak besterik.


2
Zorion billa joanik
ainbeste bidean
urteak etxeratzen
ditut azkenean;
joan baño pobreago
bainator urean,
iru dukat eztira
nere poderean.


3
Ontzi zarrean nator
len berriyan joana,
eta emen txit pozik
detanean lana;
soldatik eztet baña
badaukat zer jana,
Amerikan prankotan
paltatu zaidana.


4
Pobre, an beste asko
oi diranen gisan,
ez naiz portunosoa
Amerikan izan;
nere zori gaiztoan
aruntz joan bainintzan,
ojala lur neretik
irten ezpanintzan.


5
Kontentuz joanak nere
moduban aruntza,
zenbait pozik jirako
lirake onuntza;
bañan nola baitiran
bear iru ontza,
nere gisan arkitzen
zaie poltsa utsa.


6
Irabaz bide gutxi
eta maiz bear jan,
zenbait miseri triste
igaro det nik an;
pozez banintzan ere
Amerikara joan,
zartzerako orra zer
poz andik dakartan.


7
Ezta iya sayatu
ez naizen lanikan,
eta eztet sobratu
ezer lanetikan;
bada ez egiñ amets
danik Amerikan,
eguzkitan ari ta
jaten ogirikan.


8
Bañan ez dira gaizki
ez, an ere denak,
baitira ta ez gutxi
ongi dirarenak;
neri gaizki joan bazait
neretzako penak,
oñazerikan ez du
miñik ezdubenak.


9
Noiz bait naigabeturik
neraman bizitzan,
lur ura utzitzera
erabaki nintzan;
eta eztet damurik,
irten ezpanintzan,
denbora gutxi barru
an ilko bainintzan.


10
Nairikan eragotzi
arako pausoak,
zenbait lan egiñ zuten
nere gurasoak,
baña nik entzun gabez
beren itz gozoak,
nere penaz ziran ill
izandu gaizoak.


11
Bueltan nator urean
diruz ez txit sendo,
eta ez ere nere
osasunaz ondo,
molde onekoa naiz
ontzitik irtengo
ai zer kolpea detan
etxean emango.


12
Ara non dan Frantziya,
ara Españiya,
ara non dan Jaizkibel
deritzon mendiya;
ara Ernio, ara
Aya-ko arriya
ara non dan ni jaio
nintzan baserriya.


13
Ez nabill ametsetan,
ez, dira egiyak,
¡o! zein ederrak dauden
gure alderdiyak;
gaur ikustez pozturik,
malkotan begiyak
jartzen zaizkit errio
bi egiñik biyak.


14
Beti bizitu naiz lur
nerearen miñez,
onera nai ta onuntz
jiratu eziñez;
urik egon ezpalitz,
esaten det ziñez,
lenaztandik nintzala
etorriko oñez.


15
Miratu ditut milla
fama duten lurrak,
bañan an ere daude
alderdi laburrak;
sinisturik dirala
erdiyak gezurrak,
emen nai ditut utzi
nik nere ezurrak.


16
Aruntz joan nintzalarik
toki obe billa,
eztet bat-txo arkitu
miraturik milla;
ala nator etxera
penaz erdi illa,
nitaz eskarmentu bat
gertatu dedilla.


Ikusi:"Euskal-Erria”, XXI, 1889.

(1886’an Soroa’k komeri bat atera zun izen onekin. Gaya ere berbera da. Bertsoak, berriz, 1889’an azaldu ziran"Euskal-Erria”-n. Soroaren komeria izango da, beraz, aurrena, eta Artolak artuko zion oni. Bañan, itxurari begiratuta, ez ote ziran bertso auek Artolaren burutik sortuko"Euskal-Erria”-n azaldu bañon urte batzuk lenago?).









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org