Nere aurtzaroa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Nere aurtzaroa

Bartolo Ayerbe

NERE AURTZAROA



Ni 1906’garren urtean jaio nintzan, Goierri’ko Gaintza’n, Artxueta baserrian. Gu zazpi senide giñan; eta ni azkenekoa, txikiena.

Gure guraso aiek oso onak ziran benetan. Sinismen aundikoak eta zuzenak. Oso beartsuak munduko ondasunetan, baiña aberatsak animako gauzetan.

Orduko basarri zarretan, ia egunero, errosario santua errezatzen zan, edo geienean bai beintzat. Orduko oitura ala zan. Bestela, ez ziran konformatzen aiton-amonak eta gure gurasoak.
Orduko euskal errietako sukalde zar aiek elizatxo batzuk ziran, edo unibertsidadeak esango nuke nik. Ez zan garai aietan irratirik, eta telebistarik ain gutxiago. Baiña bai elizako liburuak eta bertsopapera asko gure sukalde zarrean, eta bai bertsoak ikasi ere garai aietan, orain baiño geiago.

Nik neronek ere ikasi nuan pranko. Oraindik gogoan dauzkat bastante, eta uste del Txirritak jarria dala onoko au, gure aurreko guraso aieri:


Gure aurreko guraso zarrak
aspaldi samar il zian,
guk ainbeste bat faltatu gabe
fede santuko itzian.
Izar tartetik begira daude
jendia nola bizi’an,
negar-malkuak dariotela
fueruak ofenditzian,
zer kontatua izango dute
Josepetara biltzian.


Ordutik onera sinismena oztu egin zaigu, eta ez goaz batere obeto gure euskal erriak, gaiñerako gauzetan ere. Errespeto gutxiago noski.

Gertatzen dana, nere iritziz, orain ondo bizi gaitezen eta geroko uzten ditugula beste gauzak: animako lanak eta betikotasunaren etorkizuna. Aurrena egin bear lirakenak, azkenerako utzi.

Azken ori noiz ta nola izango degun ez dakigu emen iñork. Baiña bai egunetik egunera gero ta alderago degula mundua uzteko ordua danok.

Esan bezela, gu zazpi senide giñan, eta ni bakarrik nabil munduan. Besteak izkutatu ziran emendik. Baiña nik badaukat itxaropena, gure guraso ta senideak guri laguntzen digutela zeru goitik, gero alkarrekin bildu gaitezen. Ala gerta dedilla.

Orduko basarri zar aietatik, ta kaletik ere bai, zenbat erlijioso eta erlijiosa sortzen ziran! Eta bai bestelako gizon jator asko ere. Gaur oraindik ere badegu oien bearra emen, eta mundu zabalean ere bai, gure sinismenak iraungo badu, nere ustez beintzat.

Nik amabost urte nituala, eta ni bezela orduan gaiñerakoak ere berdin, San Frantziskoren Ordenan sartzen ziran, da Ama Birjiña Karmengoaren Ordenan ere bai, gu an giñan garaian, Gaintza’n.

Illean bein, jai-arratsaldean, prozesioa egiten zan San Frantziskoren irudiarekin, gure guraso eta baita besteak ere berdin, garai aietan esateko erri guztia. Obligazioa zala ura egitea illean bein, guri ala esaten ziguten.

Elizkizuna bukatzen zanean, erriari bertan egiten genduan erromeria, gaztedia dana bertan gelditzen baitzan garai aietan, negu-partean beintzat.

Soiñua bear dantzatzeko. Nik neronek askotan jotzen nuan aoko soiñua, jendea dantzatu zedin.

Dirua pranko ematen zidaten eta ni pozik gelditzen nintzan.

Illunabarrean, amizkilla jotzean, ixildu egin bear, eta dirua zuana tabernara eta ez zuana etxera.

Geroxeago sortu zan eskuko soiñu-jole bat errian bertan, eta uran naiago eta nere irabaziak orduan bukatu ziran. Baiña dantza asko gustatzen zitzaidan. Egiten genituan saio ederrak.

Udara-garaian, inguruko errietako pestak ziranean, gaztedia auzo-errietara joaten giñan dantzan egitearren, naiz-ta urrutitxo egon beste erri oiek. An baziran eskuko soiñu-jole pranko, eta aiek ikustea ere neri asko gustatzen. Neri eta bai besteai ere.

Orduan asi ziran soiñu-joleak ugaritzen, Goierri aldean behintzat.

Alaxe disfrutatzen genduan orduko gaztediak, erri aundietara joan gabe, erri txiki aietan behintzat.

Gure basarri zar ura basarri ona zala esaten zuan orduko jende askok. Baiña toki destierroan zan; erritik azkenekoa. Urrutiena ta oso zoko batean. Alde guzietara beetik gora atera bear, iñora joango bazan.

Elizara joateko ere, ordu erdi bat gutxienez sasoikoak, eta zarrak ia ordu bete. Baiña alare ez ziran joan gabe geldituko orduko zarrak eta gazteak.

Eta eskola ere berdin. Guk eskola etxean ikasi genduan bastante. Anai zarrena Salbatierra'n egon zan bastante denboran, eta eskola ona ikasi zuan garai artarako. Erderaz ere puska bat bai. Eta neguko gau luzeetan, egunean ordu bete bat danok, bata bestea lagunduz, zerbait ikasi egiten genduan.

Eskolara, eguraldi txarretan eta neguan geiena. Bazkaltzera etxera joateko urruti, ta bertan gelditu askotan. Amar zentimoko opilla jan da pelotan ibilli, ta ostera eskolara. Andik etxera joatean, gose ederra izaten zan. Talo otzik bazegoan sobraturik, gozoa zan orduan.

Ogia gutxitan izaten zan. Gogor samarra izanda ere, guk jango bai garai artan.

Baiña asetzen giñan otorduan zerbaitekin. Ez genduan ainbesteko goserik pasatzen. Beti edo geienean, jaten berdiña: babarruna, urdaia edo lukainka, ta taloa ta esnea.

Ura poza gaztaiñak eltzeko! Egiten genituan jan-aldi ederrak. Orduan gaztaiña asko zan euskal errietan, eta iru edo lau illabete irauten zuten.

Perira eramaten ziran anega batzuk. Baiña diru gutxi balio izaten zuan garai aietan. Gaztiñik onena eraman da alare, zortzi edo amar pezta anega saltzen zan Billafranka'ko perian, eta astoak anega bat naikoa gure etxetik eramateko. Ain ziran bide txarrak, eta Billafranka urruti gelditzen.

Ara joan bear, salduko bazan ezer gauzik. Babarruna asko izaten zan garai aietan; ta lakari bat edo bi ta dozena pare bat arrautza edo iru baziran, ordurako tratu polita.

Gero asi giñan mantekilla egiten, ta gero esnea aulagoa artu bear, mantekilla kendutakoa. Baiña ama gaixoak peritik zerbait ekartzeko, ondo etortzen zitzaion, eta ala segitzen genduan.

Urte batzutan beintzat, gure arnak ibilli txar asko egin zuan Billafranka’ra, batez ere negu-partean. Ain urruti baitzan gure basarri zar ura. Askotan illundu ta etxera ageri ez. Ta parolarekin joaten giñan bidera.

Gero, alaba asi zanean, biak joaten ziran, da beste animo bat alkarren anparoan.

Aita zana ere oso perizalea zan. Baiña geienean goiz bazkaldu ta arratsaldean joaten zan. Jakiña, ura bide lasterretik. Bide erdia ere ez noski arentzako. Baiña ez zion bein ere laguntzen etxera etortzen amari. Ama gaixoak astoa lagun; eta aita, lagunakin meriendatuta igual bapo etxera.

Gure aita zana langille izugarria zan eta burutsua. Lan aundiak egin zituan arek basarri zar artan. Sagardi aundia jarri, len otadiak ziran lurretan. Tolare eta barrikak ere berak egin zituan etxean, gu azi giñanerako.
Bazan sagar-pilla ederrik, eta urte guzian sagardoaren paltik ere ez zan gure etxean.

Sagardoa saltzen ere jarri genduan. Baiña iñor gutxi joaten zan. Errialean litroko, ezin diru asko artu. Eta geroxeago enbotellatua, iru txakur aundian. Lana egin da diru gutxi.

Sagar-pilla galantak usteldu ta an gelditzen ziran sagastian bertan. Andik ezin eraman iñora. Ain urruti eta bide txarrak. Sagar-denbora iristen zanerako, loi izugarriak ango bideetan.

Ganbaran ere asko sartzen genduan etxean jateko, ta asko balio familirako, naiz erreta eta gordiñik. Denbora askoan irauten zuten sagarrak ganbaran. Saldu ere bai onenak perian neguan, baiña gutxi.

Negu-partean egun onak ere pasatzen genituan. Baiña astoarekin errotara joan bearrak ematen zituan lan txarrak. Ango bideetan ez zan giro ibiltzen. Baiña nai ta nai ez joan egin bear, taloa ta esnea ta beste gauzak jango baziran. Gutxienez lau ordu bear ziran buelta egiten. Ango loiak izugarriak izaten baitziran neguan.

Txandaka joaten giñan anaiak, aste batean bat eta urrengoan bestea. Neri gertatu zitzaidan, egun batez, asto gaixoa lokatzetan sartu ta ezin atera, ta astoa erori ta bertan gelditu.

Nik bakarrik ezin ezer egin, artean gaztea bainintzan, eta aldeen zegoan basarrira joan nintzan. Naiko urruti ura ere. Baiña oso ondo lagundu zidan ango gizonak, sasoikoa baitzan. Esan zidan:

Asto ori etzegok ateratzerik, zakua kendu gabe.

Ala egin genduan. Zakua kendu ta astoa atera; ta lokatzik etzegoan tokian jarrita, kargatu berriz eta errotara. Zakua al zan moduan garbitu piska bat eta aurrera.

Zaku onak izaten ziran, artarako propio egiñak. Errota-zakuak esaten zitzaien. Ura ere nekez sartzen zitzaien zaku aieri, euriak arrapatu arren.

Andik aurrera, ura bildurra izaten nuan une artan pasatzeko! Baiña alakorik etzitzaidan pasa geiago.

Etxerakoan, astoa ere aixago etortzen zan. Nere ustez, errotariak ere laka ondo samar kenduko zion noski. Nik ez dakit zergatik, etxerako pozean ni bai beintzat etortzen nintzan; baiña astoari ere artoburu pare bat emateko oitura genduan, ondo mereziak zitualako.

Gero, beste lan bat txarra, txerrikumeak eramatea Billafranka’ra oiñez, beren amarekin. Neguan tokatzen baziran beintzat, lokatzetan ezin atera, eta joan egin bear nola edo ala. Iru-bat illabetekoak izaten ziran. Ta ederki aspertuak, perira iristerako.

Aita an egoten zan tratua egiteko, ura goizago joana, zer prezio egiten ziran jakiteko.

Tratanteak, berriz, zai txerrikumeak al zan merkeena erosteko. Aiek bazekiten txerrikume aiek ez zegoala etxera berriz itzultzerik, leer egiñak egoten baitziran, eta eman egin bear merke, eta aientzat ondo etortzen zan.

Ala, aitak dirua artu ta amari emango zion, bear zituan gauzak erosteko.

Ta gu, zerramari kontu eginda, berriz etxera. Ogia ta txokolatea ematen bazigun, konforme. Askotan, illundu ta etxera iritxi eziñik txerrama.

Astoarekin ta txekorrarekin ere alako moduan ibiltzen giñan. Etxetik goizean illunpetan atera, ta Billafranka’ra iristerako igual amarrak. Arakiñak zai txekorra iltzeko, eta arakiñak bronka igual bota, lenago joan ez giñalako.

Gerora asi zan jendea gurdian eramaten txerrikumeak, ta askoz obeto iruditzen tratanteai ere. Txerrikumeak askoz itxura obeagoarekin iristen ziran perira, ta nekatu gabe gaiñera.

Orrela zan orduko bizimodua. Gure moduan gaiñerakoak ere. Baiña ez giñan ainbeste arritzen, orduan beste biderik ez baitzan ikusten. Eta bide artatik segitu bear, al zan moduan, aurrera.

Udaberrian goiz asten giñan lurrak gorritzen artoak egiteko, sail aundiak egiten baitziran, eta danak laiaz gorritu ere. Ura lan nekosoa ta urria! Eta lur-saillak buztin utsak geienak . Batzuk samurxeagoak, baiña danak naiko zekenak. Tellafabrika omen zan aurreko gizaldian.

Gero, lur aiek puskatu edo maniatzen lanak, artoa ta babarruna ereiteko, ganaduakin atzera ta aurrera. Arria kargatu egin bear asko, ezer egingo bazan. Bi edo iru lagun sokorra jo ta jo.

Orduko bei gaixoak ikusten zituzten gorriak udaberrian, artoak egin artean beintzat.

Egunez bero bazan, gauean igual ibiltzen giñan, illargia bazan. Askotan, gauean ganadua berotan baiño obeto ibiltzen zan. Egunez beroak asko ondatzen zituan bei gaixoak.

Oiduan ez zan idi-ganadurik ango basarrietan iñon ikusten. Danak beiakin egiten ziran. Beiak ere al zan modukoak. Ez oso bikaiñak. Argalak geienean, baiña bai ondo zailduak,

Gero deskantsua izaten zuten, arbiak egiteko garaia arte. Orduan berriz ere lan gogorrak egin bear ango lurra maniatzen, arbiak egiteko moduan lurra jartzeko preparatzen, area, besabea eta lauortza esaten zitzaien erramintakin.

Atzera-aurrera ibilli, autsa piska bat egin arte. Eta gero arbiak egin agoztuan, ta negu guztirako berdea ganaduentzat. An ez zan beste berderik, eta negu luzea izaten zan, eta gogorra garai aietan, orain baiño txarragoa, nere ustez:

Otea txikitu ta ematen ere aritu izan giñan iñoiz, ganadu antzuai emateko eta abar.

Pentsu gutxi ibiltzen zan garai aietan, eta ganadu argalak.

Udaberrian lana egin bear gogotik, artoak egiteko lurrak maneatzen. Baiña nola edo ala egin-egin bear. Artoa ta babarruna asko egin bear urte guzirako. Ez zegoan beste biderik garai aietan. Gosea aseko bazan, egin-egin bear nai ta nai ez.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org