Gerra


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Gerra

Bartolo Ayerbe

GERRA



Gu ezkondu ta andik zazpi urtera sortu zan gerra zibilia edo zalako ura; eta gu emen, erdian, oso gaizki pasatu genituan iru bat egun, etxetik irteteko bildurrez. Kuarteletik militarrak eta San Marko’tik gorriak, tiraka kañoiak. Gu erdian.

Gose ederrak pasa genituan geuk eta baita ganaduak ere. Zer janik ez ta marruka gaixoak.

Gero, kuartelak errenditu ziran ta gorriak nagusi jarri ziran.

Gorriak edo zuriak, aien mende egon bear. Lengoak txarrak baziran, aiek ere besteen antzekoak guretzat, edo txarragoak noski. Txekor kozkor bat eraman zuten gure etxetikan ere, gero ordaintzekotan. Len justuan zebillenentzat alderdi ederra orduan ere, gaitza berriak egiteko.

Guretzat beti eziña ugaritu. Batekin edo bestearekin, guretzat galera eta laguntza gutxi. Ala igaro genituan ia bi illabete.

Reketeak San Markos’en sartu ziranean, orduan aldegin zuten gorriak edo zuriak Bilbao aldera, emen etxeak utzita askok. Urrena itzuli ziranean kontuak. Etxeak ondatuak askok. Berriro asi bear berri-berri bizimoduan, eta orra gerrako kontu tristeak.

Bilbao artu arte, atake gogorrak anaiak anaiari tiraka. Ala iraun zuan bi urte ta geiagoan, kintak eraman da eraman. Eta iritxi zan gure txanda ere, ta orduan ziran kontuak gure etxeetan.

Solteroak eraman egin zituzten aurrera. Gu, ezkonduak, emen Loiola’n gelditu giñan.
Baiña ura gauza tristea zan gogotik familirako.

Guk iru aur genituan ordurako. Zarrenak bost urte edo sei zituan, eta amagiarreba oian gaixorik. Aitagiarreba oraindik bastante bizkorra, baiña urte askokoa ura ere.

Morroia artu genduan, mutil gazte bat, ezer egingo bazan, aitonari laguntzeko.

Ni etxera etortzen nintzan gabean, guardirik etzanean. Baiña guardia maiz egin bear, kuartelean jende gutxi zegoan-da.

Neri egunero galdezka aritzen zitzaidan amagiarreba:

Noiz bukatuko da gerra?

Nik esaten nion:

Oraintxe laister.

Ainbeste maite ninduan ni gaixoak; eta bera, gerra bukatu zan egunean il zan.

Ura il zan ta aurrak txikiak. Bazan zer egiñik asko gure pamilian.

Morroia eduki genduan. Baiña ura ere zerbait eman gabe ezin eduki, ta naiko komeriak, diruarekin ere justu samar ibiltzen giñan-ta. Ezin askorik ordaindu guk eta etxera joan zan.

Segi aurrera, al zan moduan. Gure umeak lujo aundi gabe aziak dira.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org