Gerra ondoren


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Gerra ondoren

Bartolo Ayerbe

GERRA ONDOREN



Gerra ondoren oso gaizki ibilli giñan jatekoarekin ere, batez ere ogiarekin beintzat. Ogi gutxi ta txarra ibilli zan bolara batean. Taloak egin bear, familia aseko bazan. Gure bi seme zarrenak, berak erre taloak, eta taloa ta esnea janda joaten ziran eskolara.

Jantzi ere, al zan bezela. Eta oiñetakoak, automobillaren erruberakin egiñak ibiltzen zituzten. Ez oso txukunak, baiña fuerteak izaten ziran oso.

Gaur bezela ez ziran jazten orduko umeak. Erropa zarrak konpondu egin bear al zan moduan; eta neroni ere aritzen nintzan, emakumeak oiera joan da gero, erropak konpontzen, zulorik aundienak ixten edo tapatzen. Ez zan garai artan gaur bezelako erropa aukerik gure etxean. Ez besteetan ere noski.

Baziran, orduan ere, modu geiago zutenak eta dotoreago jazten ziranak, dirua iristen zan moduan, nik uste.

Guk pamilia errez azi genduala neri iruditzen zait. Aitagiarrebak asko lagundu zigun. Gure seme zarrena soldadu zegoan garaian il zan, larogei ta lau urterekin. Ordurako pamila azi samarra genduan, ta bagenduan laguntza etxean, lana egiteko.

Gure semeak gazterik ikasi zuten kanpoko lanetan. Amabost urtetarako, berak sega pikatu ta belarra ebakitzen zuten, aitak bezin ondo, esateko. Ez zuten agindu bearrik. Ain ziran langilleak len, eta orain ere berdin.

Pamilia azitzen zijoan bezela, baita ere ni joaten nintzan auzokoai lagutitzera. Askotan, bei pare ona edukitzen genduan geienean, ta batera-bestera ibiltzen giñan bastante aldiz,. Baiña ez jornalean, duan baizik.

Emen, auzoan, bagenduan senar-emazte beartsu batzuk, eta gure parienteak ziran gaiñera. Ez zuten pamilirik eta gizona gaixotu ta enbalido jarri zitzaion, eta guk asko lagundu genion matrimonio ari. Ez nago damutan. Aiek il ziran ta basarria desegin zan.

Baita ere joaten nintzan auzoko beste pamili bati laguntzera. Landarbaso’raiño iñistorra ebakitzera ta baita ere ekartzera, ganaduakin. Amar urtean segitu nuan ari laguntzen. Bailia aiek ez ziran aztutzen nitzaz. Laguntzen zidaten gero belarra ebakitzen eta abar.

Aiek anai-arrebak ziran, solteroak, baiña dirua zutenak.
Ta etxea ere beiena, ta basarria saldu ta kalera joan ziran. Urte batzuk pasa zituzten onak. Baiña ez ziran oso zartuta il. Zeruan egon ditezela danak gure zai. Ala bedi.

Aiek bazituzten tolareak eta an egiten genituan guk ere sagardoak. Garai artan baziran sagarra txikitzeko makinak, baiña arek ez zuan erosi. Pisoiakin aritzen giñan sagarra jotzen. Ordu asko pasatzen genituan lan artan. Baiña arek, makina baiño obea zala esaten zuan.

Sagardoa ere saltzen edukitzen zuan. Bai sagardo ederrak. Upela dana saltzen zuan, enbotellatzeko, etxetik kanpora norabait ere. Orduan bazan aukera inguru auetan sagardoz eta sagarrez.

Guk ere sagar asko genduan garai artan, eta saldu egiten genduan. Gogoratzen naiz, urte batean, gerra aurretik, Loiola’ra nola eraman genituan, kargako ogei peztan, tolarera.

Garai artan diru gutxik asko balio zuan. Baiña ezin egin pilla aundirik, lan artan arituta ere.

Gauza aprobetxatu egiten zala, ta segi aurrera geroko pozean.

Garai artan gauzak merkeak ziran oso. Esnea, bi erreal litroko. Aragia, txekor-aragi onena, larogei erreal erraldeko. Orduan errealekin ibiltzen giñan. Erraldeak bost kilo ditu, eta bost kilo aragi ogei pezta. Ezin diru asko artu.

Ondo gogoan det, ni onera etorri ta laster, txekor dezentea eraman mataderira ta errenta pagatzeko dirurik iritxi gabe gelditu nintzala urte batean; garai artan zortzireun pezta zeukan etxeak errenta, ta nik txekorrarekin zazpireun inguru artu nituala. Ta beste ogei duro osatu egin bear. Etxean baldin bazan, konforme. Izatea ditxa.

Beste urte batean gertatu zitzaidan beste kaso au ere. Beia geneukan mataderira eramateko saldua, errenta pagatzeko, kentzeko esanda. Arakiña gaixorik jarri ta beirik ez zuten eraman mataderira, eta or gelditu nintzan dirurik gabe errenta pagatzeko.

Bazegoan gure etxean apopillo mutil jator bat, ta esan nion zer pasatzen zitzaidan eta aber dirurik bazuan, neri emateko moduan, errenta pagatzeko. Ta bai geiago ere; bear banuan, ernango zidala. Ta ala enian zidan bear nuana.

Jakiña, arek gure etxeko berri ondo zekian; eta, beia kendu genduanean, bueltatu eman zidan diruaren ordaiña eta aurrera.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org