Lepotik estutu arren, ez itotzen


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Lepotik estutu arren, ez itotzen

Bartolo Ayerbe

LEPOTIK ESTUTU ARREN,
EZ ITOTZEN



1934’garren urtea zan. Gure etxeko edo gu bizi geran etxe ontako tellatua konpontzen aritu ziran arotzak, Lakatxatarrak. Iru anai ziran. Garai artan, aiek ziran emengo basarrietan geien ibiltzen ziranak. Gaur ez da aietakorik emen ikusten. Mundu ontatik izkutatu ziran. Zeruan izan ditezela. Ala bedi.

Tellatua konpondu zuten, eta tellatua nagusiak pagatzekotan zan. Baiña etxeko sarrerako ateak oso zarrak eta puskatuak zeudela esan zigun arotzak, anai zarrenak, Bixentek. Ala zuan izena.

Ta ala, egin genduan tratua. Bazekian, ikusi zituan, aritz arbola ederrak bazeudela, ta aietako iru aukeratu zituan beretzat, aiek eramateko zerratzera Ernani’ra, ra aien truka egingo zituala ate berriak.

Piñu-olakin egin zituan. Ez zan gaizki aterako Bixente aritz-arbola aiekin. Ni baiño obeto noski.

Ilbeltzaren laua zan egur oiek eramatea tokatu zan eguna. Gogoan izateko moduko eguna, ta gaua ere bai.

Karroa ere fuertea bear zan aiek eramateko. Gure etxean ez zegoan apeajorik puska aiek eramateko modukorik, baiña billatu zuan Bixentek.

Lazunene’n sagardoak egiten ziran garai artan, eta Donosti’ra sagardoak eramaten ibiltzen ziran. Aldiko iru bukoi sagardo eramaten zituzten karroan. Oso fuertea zeukaten. Ura ekarri ta antxe eramatea erabaki genduan.

Kargatu degu al dan bezela, ez errezegi, egur aundiak baitziran. Bei onak zeuden, baiña karga aundiegiak beientzat ere. Artu zuten pasada ederra gure bei oiek, Ernani’ra iristerako.

Gero, aiek zerratuta, berriz Martutene aldera ekarri genituan. Bide-kurutz batean utzi genituan.

An etxe berria egiten ari ziran, eta etxe artarako zituan puska aiek Bixentek.

Zerratu-alean, berriz karroa largatu ta Martutene aldera. Bide-puska batean etorrita, an utzi materialak.

Baiña ni bakarrik utzi ninduan Bixentek. Bera ez dakit nora joan zan. Ura ez zuan ondo egin, nere ustez. Nik ez bainuan bide ura batere ezagutzen. Ez nintzan bein ere pasa bide artan, eta gau illuna. Ordurako baziran zortziak edo geiago, negu-garaia nola zan, Ilbeltzean, aurreneko egunetan. Lan geiegi baitzan, arratsalde batean egiteko, lan ura guzia.

Banator parola txiki bat eskuan, da bizi-bizi ta leial etxe aldera ganaduak, karro utxarekin ta azkar-azkar.

Kamiñoa eta trenbidea alkarren ondoan dira. Iru edo lau metroko tartea, gutxi gorabera.

Antxume baserriko parean nintzala-edo, an erreka pasatzen erriora. Kamiñoa ta trenbide azpitik tunel koskor bat da. Orain ere an egongo da ura. Eta kamiñoa ta trenbide bien tartean zulo aundi bat zegoan, ta illun. Nik ango berri batere ez nekian, da nere bei-parea zulo artan eiori ziran, karroa goian geldituta.
Tunel artan gelditu ziran uretan, bat alde batera, bestea beste aldera jirata, beren uztarrian, ezer puskatu gabe. Nik ez nuan espero bei aiek geiago ondo ikusterik trantze artan.

Ni ojuka asi nintzan laguntza-esk Juntatu ziran beste bi lagun. Lenbiziko, Joxe Anjel Arratole'koa, difuntua. Goian bego. Arek lagundu zidan asko. Urrena etorri zitzaiguna, Barkaiztegi'ko Joxe Irizar, mutil gazte bikaiña. Amazazpi edo emezortzi urte izango zituan.

Orain dala denbora piska bat egon nintzan berarekin, eta berritu genduan orduko gure gertakizuna. Eta ala esan zidan: zerbait gogoan daukala, baiña gutxi gogoratzen dala.

Joxe Anjelek eta Joxe Irizar'ek lagundu zidaten beiak askatu ta kamio azpitik pasa ta legorrera atera ta berriz uztarrian lotzen, ta abar.

Beiak oso planta txarrekoak gelditu zirala ikusirik, onela esan zidan mutil gazte orrek, Joxe Irizar'ek:

Nik ekarriko ditut idiak, karroa eramateko bear dan tokira.

Baita ekarri ere idiak berealaxe, etxera joanda. Ta arek lagundu zidan gure etxeraiño. Ura bai portatu zala nerekin oso ondo eta jator. Bixente baiño obeto, nere ustez.

Etxera iritxi giñan. Berandu zan ordurako. Gutxienez, bai amarrak edo geiago noski. Gure etxekoak apuratuta zeuden, zer pasatzen ote zitzaidan, arrazoiarekin.

Nik negar egiten nuan ume batek bezela, eta Joxek kontatu zioten zer gertatu zitzaidan gure etxekoai .

Ni geioztik asko gogoratzen naiz bi gizon aietzaz: Joxe Anjel, zeruan izan dedilla, eta Joxe Irizar'ek urte askoan osasuna ta pakea izan dezala. Ala bedi.

Urrengo egunean, bei bat motel ikusten zan zegoala, ta albaiteroa edo beterinarioa ekarri genduan.

Otzak pasea zegoala esan zigun. Baiñu beroa emateko eta manta jartzeko. Egin genduan eta beia bereala sendatu zan.

Orduko beterinarioa Don Markos Artola zan. Beti oiñez ibiltzen zan, etxez etxe, basarririk basarri; eta arek bazekian zulo aundi ura nola zegoan oso gaizki, eta esan zidan:

Nik adieraziko diot kontzejal bati, zulo ura ixteko modua egin dezatela.

Andik laster itxi zuten zulo ura. Beterinario jaunak berak aitortu zuan naiko milagroa zala, zulo artan erori ta beiak ondo ateratzea. Eta beste geiagok ere bai, ura entzun zutenak.

Gaur ia gutxi biziko gera, orduan sasoiko giñanak. Nik neronek ere milagrotzat artu nuan gertakizun ura: neu nola ez nintzen erori beiakin batean gau illun artan. Ura zan milagrorik aundiena, nere ustetan.

Esaera zarrak onela dio: «Jainkoak, lepotik estutu arren, ez duela itotzen». Neri ala gertatuko zitzaidan noski.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org