ORDUAN ere etziran danak berdiñak izango, baiña guk ezagutu genitun apaiz jaun geienak oso serio artzen zituzten ezkontza kontuak. Errespeto aundia zioten sakramentu orri. Pregoiak asi aurretik galderak egiten zizkieten, gurasoen baimenik bai al zuten eta abar.
Dotriña esatera ere joan bear izaten zan zenbait apaizengana. Gure erriko errretoreak aginduta, ura ere alakoa zan-da, ni neroni ere joandakoa naiz dotriña esatera. Gu, egun batean, iru matrimonio egin giñan, eta besteai ere berdin egin omen zizkioten galderak eta dotriña esan arazi. Ala esan ziguten beintzat.
Orain jarriko ditut gertaera batzuk. Au, emen, Donosti inguruko mutil bati gertatua da. Baserri on bateko semea gañera. Kanpoan egiten zuan lana, igeltseritzan. Ondo-xamar irabaziko zuan, baserrian ari giñanak baiño geiago, noski. Dirua barra-barra eta arro ibiltzen omen zan. Dirua ona da eta bearrezkoa bizitzeko munduan; baiña batzuentzat onerako, eta besteentzat izan liteke kalterako ere. Eta mutil ari alako zerbait geitatu zitzaion, nunbait.
Ezkontzeko asmotan pregoietan zegoala, erriko erretore jaunak abixua artu zuan Goierri-ko neskatxa baten partetik, esanez berarekin esposatzeko agindua emana zegoala mutilla. Eta jakiña, erretoreak, etzituala ezkonduko. Aien pregoiak alperrik izan ziran.
Gero mutil ura, lotsatuta edo, kanpora joan omen zan lanera. Badakit esposatu zala ere, baiña ez det uste oso bizitza pozgarria izan zuanik, eta gizon sasoikoa il zan. Jaungoikoa errukitsua dala esaten dute eta arekin ala izan bazan, zeruan izan dedilla opa diot nere partetik.
* * *
Beste au neri kontatu zidan gizona bizi da oraindik. Larogeitamabi urtetik gora dijoala esan zidan, eta emaztea ere bizi du oraindik. Ez dakit seguru, baiña irurogei urtetik gora izango dira matrimonio egin zirala.
Ezkontza kontuak esaten ari giñala, ez dakit nungoa, baiña erri txiki bateko kontua zala esan zidan. Senar-emazteen artean gertatua. Aspaldikoa izango da, noski.
Matrimonioa oso aserre omen zebillen alkarrekin, emaztea batez ere. Senarra edanean pasatu egiten, nunbait, askotan, eta esan omen zion emazteak:
Ni ez naiz orrela biziko eta apartatu egingo gera; erretorearengana joango naiz ea zer esaten didan.
Eta senarrak:
Bai, bai, joan nai dezunean eta esan...
Joan da erretorearengana, esan dio nola pentsatzen duan apartatzea senarrarengandik, eta orretarako zer egin liteken eta abar. Erretore jaunak orduan:
Biar etorri olako ordutarako elizara, biok, eta erabakiko degu asuntua.
Ala, biaramonean, joan ziran biak eta esposatu ziranean bezela jarri arazi omen zituan, bi silletan, alkarren ondoan, erretoreak. Gero artu ur bedeinkatua botatzeko isopua eta asi senar-emazte aiei kanka! bati eta kanka! besteari buruan jotzen.
Eta orduan batek aiii... ! eta besteak aiii...! egiñaz, ala esan omen zuen emazteak:
|
Noiz arte onela, apaiz jauna...?
Eta apaizak erantzun:
Biotatik bat ill arte, bestela ez dago apartatzerik!
Ez, ez, biziko gera alkarrekin utzi ezaiguzu mesedez... –senar-emazteak, biak negarrez buruari elduaz etxera joan omen ziran.
Andik aurrera oso ondo eta pakean bizitu omen ziran, senarrak geiegi edateari utzi ere bai. Senar-emazteak apartatu naiean, eta nola apartatu erakutsi ziotenean erretore jaunak, orra pakeak egin arek azkar!
* * *
Au ere entzun det orain berriro samar. Parrokiren bateko erretoreak egin omen zioten: aurra bataiatzeko asmotan joan elizara eta apaizak jakin nola bizi ziran elkarganatuak, ez esposatuak elizak agintzen duan moduan, eta etziotela aurra bataiatuko, ezkontzako sakramentua ez bazuten artzen. Elizak eta kristautasunak agintzen zuan bezela egin bear zirala gauzak.
Orduan, ezkontzeko konfornne zirala esan omen zioten apaizari; eta esposatu ta aurra bataiatu, biak bertan eginda, konforme etxera matrimonioa. Umil eta pozik gañera, beren aurrarekin.
Gaurko egunetan entzuten diran gauzakin, orrelako kasuak edo antzekoak, geiago ere gertatuko dirala esango nuke nik.
* * *
Kontu auekin bukatzeko, orain dala illabete pare bat edo geixeago, ezkontza edo boda bat ikusi nuan eliza batean; eta esan nion nere ondoan zegoanari:
Olako parejaren boda omen da.
Bai, ala esaten dute.
Baiña alako aide txar batekin eman zidan erantzuna. Arek ezagutzen zituan, eta nik ere bai.
Orain oien boda...? Len ere naikoa eginda daude, bai... -urrengo itzak.
Eta orduan nik erantzun nion:
Ori ez dakit, baiña len neska-mutillak ziran; emendik aurrera, berriz, senar-emazteak izango dira. -eta ara zer erantzun zidan:
Oiek txorakeriak dira, gizona...
Ixilik gelditu nintzan, ez nion geiago erantzun. Etzan oso gaztea ere, baiña gaur aren iritziko asko sortu zaigu gure inguruan.
Gure garaian etzan orrelakorik. Nik, egia esan, ez nuan ezagutu matrimonio ezagunik apartatzen. Baiña entzun izan genduan, orduan ere, apartatutakoak bazirala, eta izengoiti bezela edo esaten zitzaien aiei bizirik alargunak. Eta pekatari zirala esan oi zan aiengatik.
Orain entzuten diran kontuak, berriz, nazka emateko modukoak dira, neretzat beintzat. Beste askorentzat ere ala izango dirala derizkiot, batez ere gu bezelako zar-abarrentzat.
|