Zurdille-soka


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Zurdille-soka

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Zurdille-soka



Zurdille-soka egiteko txaratillarekin aria egiten.



SEGURU asko, gaurko gazte gutxik jakingo dute zurdea edo zurdillea zer dan, eta ori esatea komeniko da aurrena.

Zurdillea da ganadu eta abereen isatzeko eta lepo gaiñeko illea. Ta baserritarrak soka egiteko erabiltzen zuten garai batean. Orain apenas iñor aritzen da lan oietan. Nik ez det ikusten beintzat.

Ganadua eta aberea esan det, eta ori argituko det aurrena. Guretzat, beikia da ganadua; eta, zaldikia, aberea. Ondo edo gaizki, orrela bereizten ditugu.

Zurdillea askoz luzeagoa du, normalean, abereak edo zaldikiak, eta zenbat eta luzeagoa, orduan eta obea soka egiteko. Baiña, guk beintzat, gutxi izaten genduan ortatik, eta ganaduarenakin naastuta aritzen giñan.

Gezurra dirudi, baiña nik entzun izan det Aralar mendian abereai zurdea moztu eta eramaten zutenak bazirala. Ortik pentsa nolako ixtimazioa zuan garai artan.

Zurdilleakin egindako sokak zertarako? Gauz geiagotarako ere bai, noski, baiña guk batipat, ganaduen uztarriko burutakoa edo bularrekoa lotzeko, eta bide batez, apaintzeko erabiltzen genduan. Oso txukun eta dotore ematen du, izan ere, ardi-larruzko burutako zuriak kolore illuneko sokarekin lotuta. Alde ederra dago, adibidez, buruan, zaku zaarra jarri edo ardi-larrua jarri!

Burutakoa bearrezkoa da, baitere, beiak edo idiak uztarrian lotzeko, edeak eguzkiak jota ez legortzeko eta euriak busti ta ez gogortzeko.

Burutakoa aariarena edo ardiarena izan, alde aundia dago. Batetik, aundiagoa da aariarena, eta bestetik, illea ere sendoagoa, obeagoa du. Baiña, jakiña, aariak gutxiago izaten.

* * *



Zurdille-soka, erosturakoa, kañamo, algodoi, plastiko eta abarrekikoa baiño aulagoa da, ez du tiraka eta indarkarako alako agoanterik. Azkarrago eteten da, baiña busti-legorrerako ona da. Ez da gogortzen, bestea bezela, bustiagatik.

Aulagoa dala esan det eta, badet eskarmentua eta motiboa ori esaleko: bein Donosti-ko Egia auzoko aldapan zan Pedro eta Antonioren perratokira joan nintzan bei pareakin.
Ta bei bat perratzen ari giñan bitartean, perratoki atarian, kanpoan argollari lotuta zegoan beste beiaren ondotik pasa zaldikarroa, eta arekin ikaratuta, egin zuan tirazoarekin, soka eten eta an joan zan beia Tabakalera-n barrena igesi. Ura zirkoa armatu genduan! Nerbio utsa zan bei ura, ta etzala geldituko! Batzuk dibertitu ere egingo ziran. Ni, berriz, estu ta larri, atzetik segika. Ez nuan tratu ederra artu!

Nik nai orduko ez-baiña, alako batean nekatu zanean, ura ere gelditu nunbait, eta norbaitek arrapatu zuan. Laguntza ere izan nuan, beraz. Eta ala bukatu zan festa. Soka zurdillezkoa zan, ori gogoan daukat. Baiña bestelakoa izan balitz ere, bei arek puskatzea ez nintzan batere arrituko.

* * *



Soka nola egiten genduan: Nik Goierritik etortzerako ikasi nuan soka egiten, eta emen egiten nituan nere gisara. Auzokoei ere bai, bein edo bein zurdillearen truk. Baiña gure etxean soldaduzka garaian egon ziran mutil batzuk oso ondo zekiten soka egiten. Getariarrak ziran, langilleak eta jatorrak gaiñera. Aiekin asko ikasi nuan sokagintzan, eta beste lanetan ere bai.

Zurdillea ondo garbitu eta arro-arro egin bear da lenengo. Gero, artillearekin bezela, aria egin, baiña txaratilla pixuagoarekin. Aria biurri-biurri egin eta tirante edukitzeko.

Soka egiteko bear aiña ari badala ikusitakoan, bear zan tartea utziz, palanka edo laiak lurrean sartu, eta aietan batetik bestera, lau ari jarri tira-tiran. Eta alkarrekin biurri-biurri egiñaz, iru edo lau lokarri egin aurrena. Ori egindakoan, iru edo lau lokarri oiekin operazio bera, alkarrekin biurrituz, soka egin arte.

Iru lokarrirekin, jakiña, soka meagoa ateratzen zan, eta ganadu janaritarako edo sortaketarako erabiltzen genduan batipat. Laukoa, ganaduaren burutakoa lotzeko. Luzeagoa izaten zan zortzi bat metrokoa bai, gutxienez. Iru edo lau buelta emateko modukoa.

Ez dira presaka egiteko lanak. Negu-partean egitekoa, bestetarako girorik etzanean. Gaur presaka bezela bizi da jendea. Ez dago, jakinda ere, lan oietarako denborik eta pazientzirik.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org