|
Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz
ORAIN dala irurogeitamar urteko kontuak dira, Goierrian ikusiak edo egiten ziranak, jakiña, ikusteko egin-egin bear baita.
Gaztak nola egiten ziran? Gatzagia-rekin. Zer dan gatzagia? Esneko arkumearen maskubia da gatzagia. Arkumea larrutu eta garbitzeko irikitzean, barruan poltsa bat egoten da, esne galduarekin betea. Poltsa ura sekatzeko, lokarriarekin lotuta zintzilik jarri. Sekatzen danean kolore gorrixta artzen du gatzagiak.
Gazta egin bear zanean, azala kendu eta barrengo mamia xerra me-meak egin eta uretan jarri; ura bero-xamarra bada, azkarrago urtutzen da, beatzarekin zanpatuz pixkat laguntzen bazaio. Ez du gatzagi asko bear, kafe katillu erdi bat ur naikoa da gazta bat egiteko.
Nun saltzen ziran gatzagiak? Karnizeri edo arategietan. An egoten ziran salgai zintzilik. Sekatu ezkero ondo, denbora askoan irauten du maskubiak; eta aundi-xamarra bada gatzagia, gazta asko egiten da.
Kolorea ere aixa ematen genion gaztari, ara nola: garai artan tximini kanpanak ziran, eta barrengo aldean parrilla izaten zuten tximiniak. Gaztak pixkat sekatzen an jarrita, egun gutxitan kolore ederra artzen zuten. Artzaiak ere kearekin ematen zioten kolorea eta brillua gaztari, orduan beintzat. Nik ikusi izan nituan artzai-txabolak ez zuten tximinirik, eta sua egitean, txabola dena kez bete, eta ala artzen zuten kolore ederra gaztak.
Aralar mendian eta oietan gutxi ibilia naiz, baiña nik ikusi nituan txabolak ez zuten beste gauzik: barrenean apalak gaztak jartzeko, su-tokia eta lotarako oia, txillarrarekin egiña azpia, eta gañean koltxoia eta tapakiak. Ura zan orduko artzaien etxebizitza, mendian zeuden bitartean.
Txabolaren inguruan, berriz, txerri-tokia izaten zuten, txerrikumeak gatzurarekin azitzeko. Azitzen zituzten guri askoak! Perian ezagun izaten omen zuten artzaien txerrikumeak.
Oraingo berri ez dakit nik, baiña pentsatzen det gaurko artzaien bizitzak ez dula orduko antzik izango, kanbiatuta egongo dala ederki, orain irurogeitamar urtetik onera.
Nik ezagutu nituan artzaiak Abaltzisketa, Zaldibi eta Amezketa-koak ziran. Gaintza-koa bakarra ezagutu nuan. Ni andik ertetzerako saldu zituan ardiak. Baiña entzun det orain badirala artzai gazteak, eta ez nolanaikoak. Lareun arditik gora bai omen dituzte, eta ez da txorakeria. Suerte ona opa diet danei.
* * *
Len gazta nola egiten genduan esaten asi naiz, eta beste kontu batzuk bururatu, eta jarri egin ditut aaztutzeko beldurragatik. Orain esango det guk gazta nola egiten genduan eta nik ikusitako beste erak. Askok jakingo dute, baiña izango dira ezjakiñak ere, eta nik, jarriko ditut auek jakin dezaten.
Naiz beiarena edo ardiarena izan esnea, ganaduari kendu eta bereala izaten da une ona gatzagia edo lebadura bota eta naasteko. Esnearen kantidadearen neurrian, ondo naastuta, mamia egiten da. Naiz ardiarena edo beiarena izan esnea, igoal mamitzen da. Begiratu batean, igoalak ematen dute, baiña alde aundia dago jatekoan. Ardi esnearekin egindakoak askoz gusto obea du bei esnearekin egindakoak baiño. Alimentua ere, beiarenak alako doblea baduela esango nuke, ardi esneak.
|
Eta ori bakarrik ez, pixu igoaleko gazta egiteko, bei esnetik doble edo geiago bear du.
Gatzagia botata esnea mamitu ondoren, mamia dana berriz ondo naastu egin bear da, batidora berezi batekin. Kasik esne biurtuta bezela gelditzen da; eta piska baten utzita, bere gisa asten da matoi egiten. Gero, eskuakin lagundu egin bear zaio poliki-poliki matoiari bera jeixten. Gatzura goian gelditzen da, eta orduan asi gazta egiten.
Bi postura edo eratan ikusi izan det, nik neronek, gazta egiten. Ni morroi egon nintzan etxeko nagusiak, gatzurik etzion kentzen batere gazta egin arte. Bere gatzura bertan zuala matoia labanarekin ebaki eta eskuakin atera matoia. Arek esaten zuan, matoia oztu eta elkortu egiten zala gatzura kenduta.
Guk berriz, beste era batera egiten genduan: gatzura dena kenduta asten giñan gazta egiten. Zein ote da postura edo era oietan onena? Nik ez dakit, baiña artzaiak jakingo dute gauz orren berri ondo asko, dudarik gabe.
Gazta egitea ez da presaka egiteko lana; pazientziarekin egin bear, eta bere denbora eskatzen du gazta ona aterako bada. Eskuakin ondo estutuz, gatzura kendu eta ontzian bueltak emanez, ondo txukatu. Gaztari etzaio utzi bear gatzurik batere.
Nik ezagutu nituan gazta egiteko moldeak zumitzarekin egiñak ere; nere nagusiak ala erabiltzen zituan beintzat. Guk ez, ojalatazkoarekin egiten genituan gaztak. Azpian txulo asko zuten gatzura ateratzeko. Badira, oraindik, gure etxean, ez degu aien bearrik izango baña. Ez, neregatik libre dira, moldeak eta gañerakoak, baiña zenbat diran ez badakit ere, oraindik ez dira ainbeste urte gazta egiteari utzi niola.
Orain beste gauz bat gogoratu zait. Gure gazte denboran, gaztari arrak egiten zitzaizkion, bastante alditan; eta guk, gustora jaten genduan ala ere. Etzan alperrik galtzen. Jateko oso pikantea, bixi-bixia izaten zan.
Gustora jakingo nuke zergatik egiten zaizkion arrak gaztari. Nik ez dakit, baiña pentsatzen det gatzura gelditzen zitzaiolako ote dan. Artzaiak jakingo dute orrenbeste, noski.
* * *
Gazta eta artzaien kontuakin bukatzeko, esan nai nuke, orduko artzaien bizimodua tristea zala. Geienez ere, igandetan jetxiko zan, al zuana, errira meza entzutera, eta gero, amaiketakoa egiñez, lagun artean egotera.
Zaldibi-n orrelako zerbait izango zan gertatua. Artzai koadrilla juntatzen zan nunbait, eta broman edo benetan, apustua bezela egin omen zuan koadrilla orrek.
Solteroak izango ziran itxura danez, baiña ezkontzeko desiatzen zeudenak. Bakarrik aspertuak egongo ziran, eta laguna nai aiek ere. Ala diote beintzat Patxi Erauskin-en bertsoak. Nik Patxi ez nuan ikusi beiñere bertso kantari, baiña bai berak jarritako bertso-paperak saltzen. Eta gure erriko pestetan, Gaintzan, erosi ere izan nizkion eta baita ikasi ere, gaurko gazteak baiño geiago.
Denak ezpada ere, oraindik badauzkat batzuk gogoan, artzai soltero edo mutilzarrak gai artuta jarritakoak, eta gogoratzen zaizkidanak jarriko ditut orain, artzai eta gazta kontuak bukatzeko.
|
Amar artzai-mutillak
egin degu junta;
aurten ezkontze ez danak
andrea artzen ez dunak
milla pezta multa.
Galduta gertatzean
itza damututa,
dirua dagolako,
geuk jarri degulako
depositatuta.
|
Ogei eta amarnaz
goitik gera urtez,
mutilzar aspertuta,
bizi nai uztartuta,
asmo onak ustez.
Gabiltzalako geuren
buruaren kaltez;
soldatak pagatutzen,
morroiak mantendutzen
emaztien partez.
|
Udaran bizimodu
guztiz ona dakau,
nola gabiltzan askok
ikusitzen gaituzte,
ezin bada, ukau.
Aize sanoa artu,
gaztak egin goiz-gau,
ardi esnean zurrut,
gatzureari purrust,
matoiari mokau.
|
Jeiki ta ardiak jetzi
larrera bialdu,
apaz esnearekin,
txistu-joz gaztak egin
ondoren gosaldu.
Zear etzanean lo
pasa zenbait ordu,
guk bizimodu txarra
udaran daukagula,
nork esan bear du?
|
Artaldeak geureak
diru apur bat bai,
jokurikan ez degu,
erretiro zintzoa,
nola aste ta jai.
Gañera, berriz, alai
gabiltzanak nunai;
gero zartzarorako,
geure anparorako,
andretxo bana nai.
|
|