Guriña edo mantekilla


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Guriña edo mantekilla

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Guriña edo mantekilla



BEI umatu berriak ziralako edo, esne bolara zanean batez ere, gazta egiten aritzen giñan etxerako. Ondo etortzen zan jaki ordez jateko. Gaztarik ez genduan beiñere saltzen, baiña sosak ere nai, eta naiko lan zalla garai aietan.

Bederatzi laguneko familia giñan, eta bazan zeñek gastatua, baiña diru asko gabe ibili bear, al zan moduan, arrokeriak utzita, umill eta txintxo.

Ala genbiltzala, Altzaga-n jarrri zuan mantekilla egiteko fabrika gizon batek. Azeria deitzen zioten ezizenez. Nik ez nuan ikasi ere nola zuan bere izena; entzungo nuan, baiña ez daukat gogoan. Altzaga-n izango dira oraindik aren berri nik baiño obeto dakitenak.

Ala asi giñan Altzaga-ko fabrika artara esnea eramaten, eta beste geiago ere bai. Gaintza-tik gure jaiotetxea izango zan urrutikoena. Ordubete ia bear zuan gure etxetik Gaintza errira, eta andik Altzaga-ra beste ainbeste, astoarekin beintzat. Pertsonak ibiltzeko baziran atajuak edo bidelasterrak, baiña astoarekin gurdi-bidez ibili bear. Goizean goiz irten eta eguerdirako ezin buelta egin.

Udara batean ala ibili giñan, eta txintxo pagatu ere egiten zigun eta konforme. Baiña udazkenean an asi zan gure Azeria pagatu eziñik. Gauzak gaizki irten zitzaizkiola, etzuala dirurik,... Aiek saltsak jarri zituanak baserritarren artean!

Uste det, azken aldera eramandako esneak kobratu gabe gelditu zirala baserritarrak. Kiebra jo zuan gure Azeria-k eta orra gure ibilleren ordaiña!

Litro esnea lau txakur aundi pagatzen zigula uste det. Etzan diru asko, baina, orduan diru gutxik asko balio, eta batere gabe gelditu bearra, ura bai zala tristea benetan.

* * *



Sos batzuk aterako baziran saiatu egin bear nola edo ala, eta orduan baserri batzutan mantekilla etxean egiten asi ziran, astean bein perira eramateko. Guri ere beste batek erakutsi zigun nola egin, eta ikasi genduan; baita egin ere.

Esnea beiak jeztean, plateretan jartzen genduan goizean eta gauean. Gauean, plateretan dagon esneari gaiña egiten zaio. Gaiña, kutxararekin kontuz-kontuz kenduta, beste ontzi aundiago batera bota, al bazan lurreko ontzira.

Aste guztian mordoa egiten zan, eta asteartean mantekilla egin, asteazkenean perira eramateko. Arekin txanpon batzuk artzen zituan gure amak eta zerbaiten bearra ere bai, gajoak.



Mantekilla nola egiten genduan jarriko det orain: barrika gisako ontzi bat izaten zan, biribilla eta egurrezkoa. Lendabizi, esne gaiña dena ontzi artara bota. Gero, ontziaren barruko neurri juxtu-juxtuko eta txulo askoko pala moduko bat bere kertenarekin gora eta bera ibillita, esne ura mantekilla biurtzen zan. Denbora asko bear izaten genduan, baiña arian-arian, mantekilla bean gelditzen zan. Eta, egia esan, oso ona ateratzen zitzaigun guri mantekilla.

Bein mantekilla egindakoan, ur freskoarekin garbitzen genduan. Gaua pasa eta urrengo egunean, komeni bezela, trozoka jarri eta, ara, tratu polita amarentzat!

Esnea, jakiña, aulagoa gelditzen zan Familirako, baiña dirua ere bear, eta etzegoan beste erremediorik.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org