LABOREA, garia, artoa, babarruna etabar neurtzeko etzan pixurik orduan. Bestela moldatzen ziran baserritarrak. Kaja batzuk ziran neurri baserrietan: lakaria bat eta gaitzerua bestea. Aiekin neurtzen zan laborea naiz errotara eramateko, naiz perira eramateko. Lakariak luzaroan iraun zuan, ia esaterako orain arte. Gaur ez da entzuten aien arrastorik.
Kaja edo neurri aiek beteta, regla batekin pasa bear gañetik berdin-berdin jarri arte. Lakariak iru kilo zituela esaten zuten, gutxi gora-bera. Gaitzeruak lau lakari, eta lau gaitzerurekin, anega esan oi zana. Orrela bazan, berrogeitazortzi kilo izango zan anega.
Gu eta besteak ere, ala moldatzen giñan. Guk, garia, aldiko gaitzerua eramaten genduan errotara; eta errotariak ematen zizkigun lau ogi, kilokoak izango ziranak eta beste bat kilo erdikoa, txikiagoa, baiña ogi oso ona.
Astean bein joaten giñan errotara, gutxi gora-bera, eta zortzi egunekoa izan arren ogia, guk gustora jaten genduan; izatea ditxa.
Neguan, taloarekin moldatzen giñan geienean; garia etzan izaten, ogia urte erdian jateko ere-ta. Garia kontu aundiarekin ibiltzen zan; erriko pestetan, Eguberri jaietan eta orrelako egunetan jaten zan ogia.
Talua ez, talua etzan paltatzen urte guztian. Artoa errotara eramateko anega kontuarekin ibiltzen giñan eta errotariak jakingo zuan zer egiten zuan. Arek bai, pixua ona edukiko zuan, bere alderako noski. Etzan ezer pagatu bearrik izaten, pixuaren konformidadean kentzen zion laka esaten zitzaiona. Zakutik egiten zuan berak nai zuana.
Laka konturik ez da orain entzuten, baiña lengo kontuekin ari naizen ezkero, Txirrita-k Pello Errota-ri kantatutako bertsoa eta Pello-k emandako erantzuna jarriko ditut.
Txirrita-k:
Bost alper mantentzeizkik
errotako trankak,
doblatuan kenduaz
zakuari lakak.
Jazten ditukanian
deabruen prakak,
inpernuko atetan
ai zer mutur jokak,
Pello, ixtillu gorrik
ikusteko dauzkak
|
Pello Errotaren erantzuna:
Laka kontua nai dit
iri adierazi:
lengo lege zarrian,
anegako zortzi.
Gañerakua, berriz,
jabeari utzi;
Pellok ez dik zakuan
pixurikan jetxi.
Zerua nai duenak
lapurreta gutxi.
|
Errota lanean ari zan garaian, iriña egiten “trak” eta “trank” soñua ateratzen zuan. Soiñu orrekin batera, laborea zana zala, kajatik erortzen zan iriña egiteko arri tartera. Bi arri ziran bueltaka eta aien tartean pasata iriña eginda gelditzen zan. Orregatik, nik ala pentsatzen det, soñu ura gogoratuta esango zuala Txirrita-k: “Bost alper mantentzeizkik errotako trankak”.
* * *
Neurri kontuakin jarraituz, ni Goierrian nintzan garaian, sagarra ere neurtu egiten zala esango det. Egurrezko kaja aundi bat izaten zan; ura bete lendabizi sagarrez, eta gero zakura ustu. Kajakada bakoitzarekin zakua betetzen zan, eta sei zakurekin, karga sagarra.
|
Emen, gu bizi geran tokian eta inguruan, beste modu batera moldatzen giñan. Emen zakua izaten zan neurrri, baiña Goierri-ko neurrikoak baiño zaku aundixeagoak, nere ustetan.
Baziran neurri geiago ere ibiltzen ziranak, aietako bat arrabete esaten zitzaiona: arrabete egin oi zan, atzaparra zabalduta, beatz lodiaren puntatik beatz txikiaren puntara; ori da arrabetea.
Guk geien erabiltzen genduan bizitarako ganadua sal-erosketetan. Kordela edo listaia esaten zitzaiona erabiltzen zan, eta ala da gañera. Listai orrek arrabetetik arrabetera izaten ditu seiñaleak, eta berarekin gerria neurtzen zitzaion ganaduari; zenbat arra, ainbeste erralde, eta ez pentsa oker aundirik ibiltzen zuanik.
Nik esan bear banu, tratanteak, ortan ere, zenbaitek tranparen bat egiten zuan, bere alderako noski: zenbat eta geiago tiratu kordela, orduan eta neurri gutxiago. Neronek ikusi izan nuan, tira bearrarekin, kordela etetzen ere, baiña izango zuan besteren bat berarekin. Seguru asko esango zuan: “aspaldikoa zan da...”
Beste neurri bat bazan, eta oraindik ere segitzen duala esango nuke: kana. Nik ez dakit ze neurri izango dun kanak; nik dakidana da guk egiten genduana: besoa jarri luzatuta, zuzen-zuzen, eta beatz muturretik petxu erdiraiño. Ura zan kana guretzat. Zortzi arra omen ditu kanak.
Orain ez da entzuten kana konturik ia, aizkolarien artean ezpada; baiña len asko itzegiten zan, eta ez aizkolarien artean bakarrik. Dendetan ere kana erabiltzen zan: orrenbeste kana tela bear zirala trajea egiteko pertsona normal batentzat, etabar.
Orain gogoratu zait; ontza eta oiña neurri izenak ere entzuten dira oraindik, nik uste det, euskal-jokoetan. Adibidez: ainbeste ontzako oinbiko enborrak, aizkolarien artean; tokan berriz, berrogei edo ez dakit zenbat oiñeko tira-bidea, eta abar. Ontzak beatzaren neurria du, ala kalkulatzen da beintzat. Eta oiñak, berak dion bezela, pertsona normal baten oiñarena.
Gure denboran, eta gero ere bai, orain apenas, aur-jolasetan, arrastoak eta nundik norakoak neurtzeko, oiñak, arrabete eta beatzak ziran erabiltzen genituan neurriak.
* * *
Eta neurri kontuakin buka dezadan. Denbora bateko baserri erosketak egiterakoan, edo terreno saillen bat erosi edo saltzerakoan, etzan iñor ikusten terrenoak neurtzen. Bestela egiten zituzten tratuak, golde kontuan geienak. Ainbeste golde zituala labrantiak, eta belardi, baso, zakartoki eta abarrek beste ainbeste, eta orrela. Nik beti entzun izan det goldearen neurria lau irurekin egiten dala, au da, 3.333 metro koadratu. Ortik aterako zuten kontua zenbat metro ziran gutxi gora-bera eta zenbat golde zituan baserriak.
Orain jakin ditut kontu geiago goldeari buruz. Ez omen da igoala, adibidez, goldea Castillan eta Euskalerrian. An, 64 area eta emen, segun zein tokitan, 23-tik 27-ra bitarte. Beraz, ez daude gauzak ain garbi.
Kontu auek aspaldikoak dira, gure gazte denborakoak. Gauzak kanbiatu dira lendik onera. Len maiztarrak giñan baserritar geienak. Baiña urte auetan maiztarrak berak baserri asko erosi dutela esaten dute. Guk ere erosi genduan, orain bost urte, baiña emen etzan golde konturik aitatu. Bestela egin ziran tratuak, ederki neurtuta zenbat metro zituan gu bizi geran baserriak; ainbeste ektarea zituala eta, guk aien esanera konformatu egin bear erosiko bagenduan. Naiz sasiak eta larrak artuta egon, metrajeak balio aientzat.
|