Illargiaren inguruko esamesak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Illargiaren inguruko esamesak

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Illargiaren inguruko esamesak



NIK entzun izan dedana, bat beintzat, esaera au da:

“Urriko ilberrian, elurra Aizkorri-an”.

Beste au ere bai:

“Urriko ilberrian elurra noraiño, beste sei ilberritan araiño”.

Eta askotan konturatu izan naiz, eta ez dula oker aundirik ibiltzen esango nuke.

Gu Goierrian giñan garaian etzitzaion kasu askorik egiten illargi kontuari laborea ereiterakoan eta olako lanetan. Egur kontuan bai, materiala botatzerakoan kontuz ibilli oi zan; egurrak diferentzi aundia baitu, ze egur klase dan, batetik bestera, ilberan ebaki edo ilberrian ebaki.

Adibidez, urritz-makillak, babarrun-arbetako-ta, ilberrian ebaki bear dira. Alde aundia du, busti-legorrean; ilberan ebakitakoak baiño askoz geiago irauten du.

Len baserritarrak akullu billa joaten ziran Urdaburu-ra edo ez dakit noraiño, eta ekarri ere bai akullu-gai ederrik. Baiña urriko ilberrian joango ziran beti. Ikusi izan genituan Ernani-n eta Tolosa-n, peri egunetan saltzen ere.

Gaurko egunean baserrietan akullu gutxi izango da, eta nik uste det ala obe dala gañera. Idi dema asko jokatzen da eta an erabiliko dituzte akulluak. Gu geroni ere ibilliak gera ortatik naikoa ta geiegi ere, tamalez, irurogei urte ta geiagoan. Ganaduarekin ibili bear duanak akullua bearrezkoa du, baiña nola ibiltzen dan, or dago koska...

Beste arbola bat bada, altza, au ere ilberrian bota bear dana, baiña maiatzeko ilberrian. Asko irauten du ala-ta. Orduan oso zimela du materiala. Bestela oso material txarra ateratzen zaio altza arbolari. Oso ustelkorra da altza, busti-legorretan ez du agoantatzen, baiña material ariña nola dan, apareju edo tresnak egiteko oso ondo etortzen da.

Bestalde, gaztain zepa edo arbola ilberan ebaki bear da ondo iraungo badu busti-legorrean.

Askok esango du txorakeriak dirala esan auek, baiña ez dira txorakeriak. Guk prueba egiñak eta ondo ikasiak aurreko zarrengandik. Nik entzun izan diet arbola guztiak dutela beren garaia ebakitzeko. Adibidez, ostoa borobilla duten arbolak ilberrian moztu bear dira, ta osto luzea dutenak, ilberan. Alegia, batzuk esateko, altzak eta urritzak osto borobilla dute eta gaztaiñak mutur zorrotza. Jakin egin bear arbola bakoitzaren garaia ebakitzeko!

Emen, be-alde ontan batez ere, barazkiekin lana egiten degunok, illargiarekin zer egin bear degun ondo pentsatuta ibiltzen gerala uste det nik. Barazkiak ereiterakoan, edozein azi klase, ilberaren zai egoten gera. Ilberrian ereiten dan aziak azitzeko arrixkua du bear baiño lenago. Burutzeko garaian, burua egiteko partez, zuztar utsa gelditzen da; batez ere, tipula, porru, azenario etabar. Guk beintzat, kontu aundia ibiltzen degu, aziak ereiterakoan illargiarekin.

Nik entzun nion baserritar bati, orain dala urte asko, ilberriko ostirala ilbera izaten omen zala, baiña nik ez diot federik gauz orri. Guk illargiaren martxari dan bezela segitzen diogu, deskuidatzen ezpagera beintzat, aziak ilberan ereiten.

* * *



Orain dala urte batzuk sekulako kontuak zabaldu ziran mundu guztian: izan zirala illargian eta ekarri zutela bere puska edo zerbait, eta ez dakit zer eta badakit zer.

Egun batez jubilatuen etxean bazkaltzen ari giñala, gizon batekin izketatu giñan illargi kontu oietaz eta ala esan zidan:

Zuk sinisten al dezu kontu oiek egiak dirala? Nik ez det sinisten. Pruebak egiten ibiliko dira; baiña joaten badira ere, arekin ez dute ezeren probetxurik izango sekula.

Nik ez nion kontrako gauzik esan. Bere alde nintzan ni ere nere iritziz. Nik esan niona au izan zan:

Nolaz ari dira, orduan, orrenbeste milla milloi alperrik gastatzen?

Bai, orixe, alperrik arituko dira orain eta gero ere. Illargiak len bezela segituko du munduaren azkeneraiño.

Gizon au asko ibillia da munduan, bai Ameriketan, Txile-n, Puerto Riko-n eta
ez dakit zenbat tokitan. Ez da gu bezela ezjakiña, asko ikusia baizik sasoi zuan arte. Orain, besteak bezela, zartzaroak menderatuta, erretiratua dago bera ere. Eta jarraitu zuan esanez:

Neri pena ematen didate orrelako kontuak, alperrik gastatzen milloiak eta milloiak txorakeri oietan; eta emen esaten dutenez, milloika lagun goseak iltzen. Obe litzake illargiari pakean utzita mundu ontako egin bearretan saiatuko balira... Emen bertan ere diru asko gastatzen da, bai jazten eta bai jan-edanean.

Gero kontu geiago ere esan zizkigun, baiña ez daukat denak emen jartzerik, asko esan zizkigun-da. Ala ere, au gogoan artu nion:

Konturatzen al zerate, eguraldi on batean, illuntzean, lañorik gabe dagonean? Goi ori eta illargia betea edo bete-xamarra dagonean, ez dezute ikusiko, len bezela, goia urdin-urdin eta izarrez betea. Ez da lengo laurdenik ere ikusten. Ori zerk egin duan? Mundua dena zikindua dagola, betik asita goraiño, kontaminazioa esaten zaion orrekin, noski.

Bai, egia da ori -erantzun nion- nik ere begiratzen diot iñoizka klaro dagonean, eta ez det ikusten len aiña izar, eta gutxiagorik ere.

* * *



Badira beste kontu edo esames geiago gure aurrekoai entzunak, au adibidez: gizon bat ari omen zan, illargitan, egurrak ostutzen besteren basotik; eta sorta aundiegia egin nunbait, eta ezin jaso bizkarrera. Eziñean maldizioka ari zala, esan omen zuan:

Jaso bear diat, ba, illargiak eramaten ez banau beintzat.

Eta illargiak beregana eraman gizon ura, bere egur sorta ta guzi. Illargi betea eta argi dagonean ikusten omen da nola dagoan illargian, gizonaren irudia bere sortarekin.

Gauza bat da ikusten dana: illargia ez dala garbia, erdi parean illunagoa dala. Ori nik ez dakit zergatik izango dan. Nik baiño obeto dakitenak izango dira gauza oien berri, ez da zalla-ta. Ala esan oi dute batzuk: illuna ikusten dan sail ura lurra dala, eta gañerakoa, itxasoa edo olako zerbait.

Nik besteai entzunak eta neronek ikusiak jarri ditut, geienak, baiña ontara ezkero, au ere esan bear det: udaran eguzkia bezela, neguan illargia altuago edo gorago izaten dala. Ori edozeiñek dakigu, eta zergatik ote da? Nere ustetan, neguan gauak luzeak eta argi palta geiago izaten dalako izango da.

Eizak ere illargitan joaten dira beren pasea dutenean. Ni ez naiz eiztaria, baiña ondo dakigu pase garaian, goia garbi dala, emen ez dala eizik gelditzen. Eta arrazoi dute, emen gelditu ezkero ez diete pakean uzten-da. Pakea dagoan tokira joaten dira.

Illargiaren kontuakin naikoa luzatzen ari naiz, baiña au ere esan bear det. Askotan egon izan naiz pentsatzen illargia betea danean eta oskarbi, gu bizi geran tokitik begiratuta, San Markos alde ortatik, illunabarrean azaltzen danean, oso bertan dagola ematen dula. Baiña urruti egongo da dudarik gabe, eta ala obe, aldean balitz ez lioteke pakean utziko-ta.

* * *



Orain prallea eta Pernando Amezketarra-ren arteko kontuakin bukatuko det. Pralleak gure gazte denboran, eskean ibiltzen ziran. Baserrietan biltzen zuten geiena; babarruna eta dirua ere berdin ematen zieten.

Apropos artarako egiñak izaten zituzten eta morralak esaten zitzaien, bi aldetan poltsa eta erdian utsa, bizkarrean ibiltzeko babanunarekin .

Eskean ibiltzen ziran pralle oiek, eguerdi aldera, bikarioaren etxera bazkaltzera joateko oitura zuten nunbait, eta Pernando-k ori jakin.

Bein asi omen zan pralle bat Pernando zirikatzen, illargira zenbat bide, edo zenbat denbora bearko luken joan eta etortzen, etabar galdezka. Nik ikasi nituan Pernandori buruz jarritako bertso batzuk. Bi dijoaz, eta baten Pernando-k pralleari emandako erantzuna:


Pralle bat joan zitzaion
galde egitera:
“Illargirako zenbat
bide ote da?”.
Garrondoari azka
orduko tankera,
egin zion beldurrak
zegoan papera:
“Araiño joatera
bastante neke da
dudatutzen gera,
baiña andik bera...”
Bereala kontua
zion atera.
“Bedorri jartzen bada
illargian bertan
ordulaurden bateko
bidea bueltan.
Amabiak laurdena
gutxiagoetan,
zuzen abiatuta
minutu oietan;
zer moduz goietan?
leku argietan,
eguardietan,
sabela dietan,
Bikarioan maian
amabietan” .












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org