Ganadu ermandade edo kofradiak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Ganadu ermandade edo kofradiak

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Ganadu ermandade edo kofradiak



NERE gazte denboran, Goierrian nintzala, bazan ganaduen ermandadea esaten zitzaiona. Emen, berriz, kofradia deitzen genion; baiña orain batere ez, bukatu ziran kontu aiek.

Goierrian nintzanean, ganaduen gora-beretan ez nintzan metitzen, baiña dakidana jarriko det. Gero esango ditut emengoak.

Badakit, an ere, urtean bein mudatzen zirala ermandadeko gizonak, galtzen zan beia edo txekorraren jabeari zenbat ordaindu bear zitzaion eta abar erabakitzeko. Baiña beterinarioren esanera egin bear ziran gauzak: al bazan aprobetxatu; bestela berriz, zuloa egin eta an sartu. Gaitz txarren bat ez bazuan, kofradian aprobetxatzen zan zeziña egiteko, geienetan.

An, Goierrian, gizon bat bazan ortan ibiltzen zana, ganaduak larrutzen. Gero, aragi puska asko egin bear izaten zan eta etzan lantegi erreza denari razio igoala jartzen. Danen gustoa egiten oso zalla. Ortarako, aragi mordo bakoitzaren gañean, numeroa jartzen zitzaion; unotik asi eta zenbat baserri, ainbeste numero. Bakoitzari tokatzen zitzaiona artu, eta kitto! Aundiagoa edo txikiagoa, arekin konformatu bear. Aragia baiño ezurra geiago izango zan igoal, baiña dena ona zan orduan, ez baizan aukera aundirik.

Zeziña eginda eltzean sartu puska bat eta gusto ederra ematen zion olioaren partez. Olioa ere kontuz erabili bear orduan, ez baizan aukera aundirik.

Zeziña kontuakin ari naizen ezkero, au ere jarri bear det. Zeziñik goxoena ardikiena da. Guk eta beste askok, Goierrian, mendi baserrietan batez ere, Eguberri jaietarako, ardi edo aari zaarren bat il oi genduan mondejuak egiteko eta mondeju-zopak jateko. A ze nolako poza eukitzen genduan Eguberriak etortzeko...!

Mondejuak beltzak egiten ziran gure gazte denboran. Esteak, aundiak eta txikiak ere, betetzen ziran odola, tipula, porrua eta seguarekin, ardiaren segua ederki aprobetxatuz. Jateko, lendabizi mondeju-zopak eta gero mondejuak. Apari ederra izaten zan.

Gero ikasi zuten mondeju txuri eta fiñagoak egiten. Orain ez da egingo, noski, mondeju beltzik. Nik ez det aspaldian jan eta ezin esan nolakoak egiten dituzten. Baiña oraindik ere badauka naiko fama, Goierri alde ortan, mondejuak eta mondeju-zopak.

* * *



Goierrian nola egilen zan jarri det; esan det dakidana. Orain Altza parte ontakoak esango ditut. Emen ere bagendun, Goierrian bezela, ermandadea, baiña emen guk kofradia deitzen genion, edo obeto esanda, konpadria, eta oso ezberdiña zan Goierri-koen aldean.

Altza-k baserri asko zuan ni onera etorri nintzanean, gaur askorik ez badu ere. Jende asko giñan konpadrian; denak ez, baiña geientsuenak bai. Emen listeroa genduan eta kajero ere berak egiten zuan.

Illean bein biltzen giñan Altza-ko Martillun tabernan, jai arratsaldez, ordu jakiñean. Tabernako nagusia bera genduan kajero eta listero eta lista pasatzen zuan zenbat ganadu zan jakiteko. Buruko tokatzen zana kajara bota eta ganaduren bat galtzean, kajan zegoan dirutik pagatu ganadu jabeari, baiña beterinarioak esan bear zuan zer egin.

Emen geienak saldu egiten ziran, oso derrepente ezpazan galtzen beintzat. Zutik joateko gauza izan ezkero, koartelean bazan mataderia, ta an iltzen ziran geienak. Gutxi pagatzen zuten, baiña lanik errezena ura zan konpadrian zeuden baserritarrentzat.

Konpadrikoak ziranak eta ez ziranak ere bai, egiten genituan jai bereziak. San Anton egunean, adibidez, meza-nagusia. Sermoiegillea kanpotik ekartzen genduan. Eta gero, bazkaria.
Baiña bazkari aurretik, urteko kontuak garbitu, kajan zenbat diru zegon ikusi, konpadriko gizonak gonbiratu eta abar.

Andik urrengo igandean jartzen ziran gizon berriak, eta ganaduak ikusten ibiltzen giñan baserriz-baserri. Listeroa ere bai, baiña beti etzan ibiltzen. Urte batean, beiak ikusten zebiltzala, baserri batean, billatu omen zuan tranpa: lau beirena pagatzen eta sei edo zazpi ikuilluan. Orduan, listeroak kargu artu esanaz:

Listan, liburuan, lau bei dauzkazu eta, emen, bei asko ikusten ditut nik!

Eta bei jabeak esan omen zion:

Bai, urrengo illean listan sartzeko asmotan nengoan eta...

Listeroak esan omen zion, orduan:

Ortarako beterinarioaren zertifikadua bear dezu...

Eta bei jabeak:

Ni ez naiz ibilliko olako lanetan eta borratu nazazu listatik eta kitto. Biziko al gera nola edo ala.

Oitura zan, bei bat kenduta beste bat erosten bazan, bei ura konpadrian sartzeko, beterinanoak ikusi eta sanidadeko zertifikadua bear izatea. Gero, aldeen bizi zan konpadriko gizonak ikusi bei berria listan apuntatzeko. Orrela ziran orduko konpadriko legeak eta oiturak.

* * *



Listero egiten zuana aspertu egin zan azkenean. Urteetan ere aurrera zijoala-ta, uztea pentsatzen zuala esan zigun. Beste batek artu nai bazuan, arek entregatuko zituala listak, liburuak, kaja eta giltzak. Kargu ura etzuan iñork artu nai izan eta orra gure konpadria deseginda gelditu.

Kajan bazegoan diru mordo polita eta San Anton eguna nola bait zan, danon bazkaria kajan zegoan dirutik ordaindu zan. Sobratu zanarekin, berriz, partitu bei edo bakoitzeko tokatzen zan moduan. Eta debalde bazkaldu, ta diruarekin bakoitza gure etxeetara.

Baiña nere ustez, konpadria desegitearekin, laguntasuna asko galdu zan; sakabanatu egin giñan gauza ura gertatu zalako. Konpadriak iraun zuan garaian elizkizunak egiten genituan San Anton-etan, meza-nagusia kanpotik sermoilaria ekarrita. Sermoi ederrak entzuten genituan. Geienetan Atotxa-ko prailleren bat joango zan, aita Lasa edo besteren bat.

Aingeru Goarda-ko egunez ere meza-nagusia izaten zan sermoigille eta guzti. Nai zuanak bazkaria ere bai Altza-ko Martillun tabernan. Baiña egun ontan ez giñan San Anton-etan aiña jende biltzen. Meza entzun, amaiketakoa egin eta etxera joaten zan asko.

Gero, San Isidro egunean, zer esanik ez, baserritarren eguna danez, meza, sermoia eta San Isidro-ren irudiarekin prozesio legea egiten zan plazan buelta bat emanez. Ondoren, amaiketakoa eta bazkaria ere bai Martillun tabernan gelditu nai zuanarentzat. Baiña egun artan ere, ez ziran danak gelditzen. Urte garaia alakoa-ta, batzuk arratsaldean lana egiten zuten baserrian.

Orrelakoak eta lagunarteko gauza pranko egiten zan konpadria zan bitartean, bera zala medio. Ni onera, Altza-ra etorri nintzanean, bereala egin nintzan bertako baserritarren lagun, eta gure etxetik urruti egon arren, pozik joaten nintzan ni Altza-ko lagunengana. Tertuli ederrak egiten genituan, umore ederrean, Martillun tabernan.

Koadrillan bagenituan gizon jator askoak eta, amaiketakoa egiten ari giñala, amabiak entzuten bagenituan Anjelus errezatu. Gauzak kanbiatu dira, ederki, ordutik onera.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org