Erlezaintza gaztetatik gaurarteraiño


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Erlezaintza gaztetatik gaurarteraiño

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Erlezaintza gaztetatik gaur arteraiño



Erlezaintzan. Erle artean, baiña bear diran jantzi eta neurriak artuta.



GURE jaoitetxean, Goierrian, erle asko izaten genduan. Gure aita zanak izugarrizko lanak egiten zituan. Afizio aundia zuan erlezaintzarako, eta garai artan gaurko aurrerapenik ere etzan eta, alperrik ere lana pranko egiña zan.

Erleentzako kajak berak egiten zituan, lau olekin. Bereala egin ere erdian gurutze batekin. Gero, bi aldetan tapak, eta gurutzearen parean zirrikitua, eta apal bat erleak gelditzeko lanean zebiltzanean.

Kaja ari erleuntza deitzeni genion. Neguan eginda edukitzen zituan kaja batzuk, baiña, askotan, geiago bear, eta orduan ibiltzen zan gaizki. Uste baiño erle-seme geiago ateratzen ziranean denak sartzeko aiña kaja ez, eta orduan komeriak.

Ala ere, egingo zuan kaja azkar. Ola aukeran edukitzen zuan etxean bada ezpada ere-ta. Illunabarrerako pronto egongo zan erleuntza, baiña nola sartu erle-semea? Al zan bezela.

Oso goian edo altuan bazan, gaizki ibiltzen zala esaten zuan; baiña etzuan lagun bearrik izaten. Bakarrik moldatzen zan, nola edo ala. Erle-semea bajuan bazan, berriz, errez sartzen zuan. Aldamio gisako bat edukitzen zuan artarako egiña, bi eskillerakin bezela; eta ura jarri erle-semearen alturan, kaja ondo-ondoan, erle-semea jotzen zuala, eta bera sartzen zan kajara.

Ortarako, kajako gurutzea eta inguruak eztiarekin igurtzita eramaten zituan etxetik. Gure etxean nola beti egoten zan eztia, oso errez sartzen zirala erle denak kajara esaten zuan gure aitak, erle-semea zegoan adarra pixkat jo edo dantzatuta.

Urrengo egunean, illunabarrean, kajari bi aldeak itxi, eta bear zan tokian jarri, eta kitto.

Gure aitak etzuan burua edo aurpegia tapatzeko jantzirik erabiltzen; ezta goanterik ere gaurko egunetan bezela. Brusa zaarren batekin tapatu burua, eta aurrera. Makiña bat zaztako artua izango zan bere denboran; baiña etzan beiñere erneatzen eta asarretzen. Gustoko lana, nunbait.

Gurean, sagastian egoten ziran erleak eta geienetan baju-xamar gelditzen ziran erle-semeak. Orrek lana asko errezten zion gure aitari.

Kajak edo erleuntzak arri gañean jarri bear, eta artarako tokia ere prestatuta edukitzen zuan. Neguan egiten zituan lan oiek geienetan.

Arbola gañetan ere edukitzen zituan kajak erleentzako; baita sartu ere, iñoiz, beren gisa erleak kajara. Baiña oso gutxitan gertatzen zan ori. Erleak umeak botatzen asten ziranean esaten zigun:

Gaur joan erletegira, eta ikusten dezutenean erle-semea ateratzen, jo pertza makillarekin, zarta-zarta, eta oju egin, etxera ea sartzen dan bera bakarrik, kajara.

Sartu izan ziran beren gisa, bai, baiña oso gutxitan, len esan bezela. Gure aita izketan aritzen zan erleak kajan sartzen ari zan bitartean:

Txintxoak, txintxoak zerate, eta sartu etxera... egin lana, maiteok...

Maldizioka aritzea baiño obea izango zan, noski, lan artan ere ondo itzegitea.

* * *



Udazkenean, San Mielak inguruan, beti ilberan, aritzen giñan eztia kentzen. Gure aitak esan oi zuan erleak, ilberan mantsoagoak egoten zirala ilberrian baiño.

Eztia kentzerakoan, iru lagun joaten giñan, geienean illunabarrean, illunarekin batera. Ordurako markatuta edukitzen zituan zeiñek zeukan eztirik geien. Batzuei ez genien kentzen, indarrean zeudenai bakarrik. Ez pentsa, iru lagun izanagatik, egun bateko lana zanik; iru edo lau egun bear izaten genituan lan ura egiteko.

Nola egiten genduan? Zartagi aundi batean jartzen zuan egur-ikatzarekin egindako brasa, luzaroan iraun zezan itzali gabe; eta nola kea bear duan ortarako, zaku zaar puskak, lokotxa puskatuta , tabako zuztarrak etabar brasaren gañera bota kea ateratzeko. Lendik prestatuta egolen ziran oiek ere.

Gero kajari, erleuntzari, zirrikitu bat egin, eta andik kea bota, aberaska kentzen asterako. Erlea keak asko umiltzen du, eta gañera alde egiten dute. Ez da orrelako xixtima edo adelanturik erleari eztia kentzeko.

Orain ere ala segitzen degu guk, eta besteak ere bai. Kea bear da erleak mantsotzeko edo bidaltzeko. Bestela zalla izango litzake eztia kentzea erleari.

* * *



Beste lanetan bezelaxe, orain, asko aurreratu da erle lanetan ere, nola zaindu bear diran etabar. Gure gazte-denboran eta orain, oso ezberdiñak dira erle kontuak.

Guk, Goierrian giñan denboran, ez genekien kajak bastidorearekin ziranik ere. An, kajak utsak izaten ziran, eta erleak egin bear aberaska eta argizaia. Askoz lan geiago egin bear, beraz.
Gaur, eztia kentzeko makinak daude, eta eztia kendutakoan, bastidorea osorik gelditzen da, bereala eztia egiten asteko. Guk ez genekien gauz oien berri batere.

Goierri-ko garaiarekin jarraituz, guk, batzutan geiago, bestetan gutxiago, baiña eztia bastante izaten genduan. Ez giñan iñoiz eztirik gabe gelditzen.

Inguru artan apenas zan erlerik iñun. Nik ez nuan sentitzen edo ikusten beintzat. Gure etxera bai joaten ziran inguruko baserrietatik norbaitek eztarriko miña zuanean, “ea ezti pixkat ematen didazun, mesedez” esanez. Bai eman ere gure amak.

Eztia kentzeko makinarik etzanean, aberaska puskak egin eta eskuakin estututa kendu bear eztia. Lan ura, geiena, aitak egiten zuan bere gustora; baiña lan aundia zan batek egiteko, eta laguntzen genion guk ere, ezti asko baldin bazan, beintzat.

Gero argizaia gelditzen zan aberaskan, eta uretan irakiten eduki ondoren, argizai garbi-garbia biurtzen da, oztutzean, uraren gañean. Argizai asko ateratzen genduan, eta arekin ondo baliatzen zan gure ama.

Argizai aren truke argizai-listai edo bildumena asko ematen zioten argizai-oletan jartzeko elizan eta etxean ere bai. Argi-indarrik etzan artean, eta aren bearra izaten zan, petroleokiko kinke aietaz aparte, ikullu, sukalde eta koartoetan argi egingo bazan.

* * *



Ni Goierri-tik onera etorri nintzanean, egon giñan erlerik gabe urte batzutan; baiña aitak emandako griña edo bendizioa izan nunbait, eta berriz asi nintzan erleakin. Gaur ere segitzen diot nere neurrian. Eta emen nola asi nintzan esango det orain.

Altza-ko Gazteluene baserrian zituan erleak Joxe Ramon Erauskin-ek, eta ondo jarriak gañera. Bera nola baitzan arotza edo ebanista, kajak, bere bastidore eta guzti, dotore egiten zituan bere etxean.

Oso lagun egin giñan biok Altza-n, eta egun baten ala esan zidan:

Etorri zaitez jai arratsalde batean gure etxera, eta ikusiko dituzu gure erleak; eta gustatzen bazaizkizu, nik emango dizut kaja bat zuretzat.

Joan nintzan, eta an ikusi nuan lenengo aldiz kajak eta bastidoreak nolakoak ziran. Guk, orain ere, kaja klase aiekin jarraitzen degu.

Ala, gurean ere asi ziran erleak ugaritzen. Joxe Ramon-ek uzten zidan makina ere bastidoreai eztia kentzeko. Oso ondo portatu zan nerekin Joxe Ramon.

Erlea nola ekarri nuan? Joxe Ramon-en etxera erleak ikustera joan nintzanean, esan zidan:

Biar jarri tokia pronto erlea jartzeko zuk, aztu gabe. Biar gauean jarriko det nik kaja ondo itxita, eta zu, etorri etzi goizean karretillarekin eta eraman.

Pozik asko ekarri nuan nere lenengo erlea edo kaja.

Erakutsi zidan, baitere, nola jarri bastidoreari alanbreak eta argizaia, eta nola ibili erleakin etabar. Esan zidan, gañera, Donosti-n bazeudela aurpegia tapatzeko maskara, eskuetako goanteak eta bear ziran gauz guztiak, Mokoroa azi-dendan, eta erosi egin bear nituala ondo ibiltzeko ta erleak ez eltzeko. Baita erosi ere nik.

Ala nenbillela, nere erleakin, gizon bat etorri zitzaidan, emen erleak ikusi zituala nola zeuden, eta oso toki ona iruiditzen zitzaiola erleentzat esanez.

Gallegoa da gizon ori, oso ona eta jatorra, eta arotza gañera ofizioz. Afizioa izan arek ere, eta esan zidan gustatuko zitzaiokela ementxe erleak jartzea, ni konforme banintzan. Berak egingo zituala kajak, bastidoreak eta bear zuanak. Erle-semeak sartzen ere bai, lagunduko zidala.

Biok konforme giñan, eta nik ematen nion materiala kajak egiteko. Gaztain-ola zan materiala, eta oso ondo egiten zituan kajak eta bastidoreak. Primeran moldatzen giñan alkarri lagunduz. Arek egin zuan makina berria bastidoreai eztia kentzeko ere.

Orrela ibili giñan bastante urtetan, ateratzen genduan eztia, gutxi gora-bera erdibana partituz. Allegatu giñain amabost kaja edo erlauntza edukitzera, bi pisukoak.

Bi pisu izaten ditu, bi kaja beraz, erlauntza bakoitzak bata bestearen gañean. Azpiko kajatik etzaiote eztirik kentzen. Beko kajakoa beraientzat, erleentzat utzi bear zaie, negurako jatena izan dezaten.

Askotan ez dute izaten geiegirik, eta zenbait aldiz ill ere bai, goseak, negu gogorra egiten badu. Begiratu egin bear noizik bein.

Eziñean dabiltzanean ezagun izaten dute, eta jatena jarri bear: eztia edo azukre egosiaren ura.

Azukrea gustora jaten dute, baiña ez omen da ona egosi gabeko azukrea jatea. Diarrea ematen omen diote azukreak. Ala esan digute erleen bizitza nolakoa dan estudiatutako gizonak.


* * *



Erleak nola zaindu bear diran laguntzeko Fraisoro-n dago orain bazkuna edo soziedadea, eta an daude ikasitako gizonak eta bear diran gauz guztiak salgai.

Gu ere egin giñan ango sozio, eta bidaltzen dizkigute iru illabetetik bein liburutxo batzuk, erleak nola zaindu, tratatu etabar jakiteko.

Beren gaitzak badituzte erleak ere. Orain dala bost edo sei bat urte, emen izugarrizko gaitz txarra sortu zan; gu, berriz, nekez konturatu, eta ia gelditu giñan erlerik gabe.

Egun batean emen etorri zitzaidan Astigarraga-ko don Jose Agirre apaiz jauna. Urte askoan erleakin ibilia zan, eta lendik alkar ezagutzen genduan. Arek esan zidan:

Ba al dakizu erleetan gaitz izugarria dabillela edo sortu dala? Barreiros omen da bere izena, eta azkar ibili bearko degu. Gaur arratsaldean bertan joango gera Fraisoro-ra. An bai omen dute gaitz orren kontrako erremedioa.

Esan, eta bai joan ere, biok Fraisoro-ra; eta an esan zigun batek: Nik emango dizkizuet listoi batzuk, eta sartu beko kajan, erdi-erdian, beraiño, eta ez da ilko erlerik andik aurrera, baiña biar bertan jarri listoi oiek.

Urrengo egunean, joan erletegira, eta asi naiz begiratzen nola dauden, eta batekoak, bestekoak, emengoak eta orkoak, bost kajetan erlearen arrastorik ez. Seigarrena miatu, eta oso erle gutxi. Ura pena nerea!

Amar, dozena bat erlauntza izango ziran, orduan, gurean; eta, batez ere, don Jose Agirre apaizari eta Fraisoro-n eman zizkiguten listoi aiei esker, batzuk bederen salbatu ziran. Bestela or gelditzen gera batere gabe. Orain iru bat urte il zan don Jose. Zerutik lagun dezaigula.

* * *



Erleak oso bizi laburra omen du. Kasik orain arte ez degu entzun, nik beintzat, eta ezin sinisturik bezela gelditu naiz.

Udaberrian jaiotzen diranak, berrogei egunetik gora ez omen dira bizitzen. Lanean dabiltzala kemenik gabe gelditzen dira, eta beren tokira joateko indarrik ez-ta, kanpoan il bear geienak.

Udazkenean edo negu aldera jaiotzen diranak bizi luzeagoa dute, sei edo zazpi illabetekoa. Urte garai ortan lan gutxiago egiten dutelako omen da.

Erregiña da bizirik geien irauten duana. Bi urtetan, ezeren okerrik edo gaitzik ezbadu. Baiña irugarren urtera ezkero zaartu egiten, eta ortan kontu aundia bear izaten omen da.

Bein bi urte pasa ezkero, erregiña gaztea jarri bear zaio erleuntzan, erlearen bizitza, osasunerako, lanean segitzeko, eta, jakiña, eztia egiteko. Ni eta beste askorentzat naiko zalla izango da gauz oiek danak ondo eramaten. Nik ala uste det.

Lagun bat badet, nik baiño askoz geiago dakiana, eta arek asko laguntzen dit, erle-semeak kajetan sartzen etabar, erlategiak alkarren ondoan dauzkagu-ta. Jubilatua dago, eta arotza da gañera. Kajak eta bastidoreak egiteko ez da gaizki etortzen.

Ari ez diote zast egiten erleak orain dauden jantzi berezi oiek jantzita. Beldurrik gabe ibiltzen da erleen lanak egiten. Oiekin ibili bear duanak ez dauka beste erremediorik.

Kea da geien ikaratzen dituan gauza. Ortarako ere badaude, orain, auspo bereziak, oso onak; eta derrior bear da, ezer egingo bada. Inguruko belarrak ebakitzera ere illunabarrean edo illunduta, kasik, joan bear da: eta euria dala, obe. Ez dute iñor errespetatzen. Oiekin dabillenak, berak bear du errespetoa eta pazientzia.

Badira esaera gisako batzuk nik gogoan dauzkadanak: “ilberan mantsoago daude ilberrian baiño”, “nagusia ezagutzen dute”, “ondo itzegin bear zaie”, “erleakin dabillena edo familikoren bat iltzen danean esan bear zaie argizaia egiteko elizan jartzeko”, etabar.

Onelako gauzak entzun izan ditugu, baiña nik ez det oiengan asko sinisten. Baiña esango det, al dan txukunena, xuabe eta patxadan ibiltzea dala onena. Ondo prestatuta joan, beti, erleengana.

* * *



Gizon bat ezagutu nuan, Zamora-koa zan eta edade aundikoa, baiña erleakin asko ibilia, bera ere. Emen erleak ikusi zituan eta konseju asko eman zizkidan. Gertakizun pranko kontatu ere bai, eta orain esango dedan onek arritu nindun geiena.

Erleen eldua edo zastakoa osasungarria zala zion, aurpegiz kanpo; batez ere erreuma sendatzeko. Berak prueba egin zuala eta erreuma sendatu egin zitzaiola.

Beste batek esanda egin zuan, nunbait, prueba ori: erleuntza edo kajaren gañean exerita jarri, erleari bi egoetatik eldu eta pantorrillean eta iztarrean eltzen utzi, dozenerdi bati gutxienez. Medikuarengana joan gabe, ala sendatu omen zuan erreuma. Pixka baterako otzak aterako zizkioten, eta saltoka astea ere ez arritu.

Nik ez dakit egia ala gezurra izango dan, baiña nik ez det egin nai olako pruebarik, bada ezpadare.



Beste au ere esan zidan: asko zekiten gizon batzuk pentsatu zutela erle ontzia kristalezkoa egitea, eztia nola egiten zuan ikusteko. Baita egin ere prueba, baiña alperrik; erleak argizaiarekin kristala tapatu zioten. Barrena illunduta utzi, eta ikusterik ez barrenean argizaia eta eztia nola egiten duten. Eta iñork ez dakila nola egiten dituzten illunpetan.

“Arrigarriak dira erleak egiten dituzten gauzak -zion-. Bein gizon batek besteari galdetu omen zion, ea zergatik diran ain gaiztoak erleak; eta onela erantzun zion: gauza guztiak Jainkoak nola egiñak diran, erleari gauz zoragarri oiek egiteko birtutea eman dio, eta iñor ez arrimatzeko zaztada ori ez balute emango, egiten dituzten ezti ta argizaiak lapurrentzat izango lirake, eta ori ez da komeni munduan”.

Eztia eta argizaiarekin gauza asko egiten dira mundu zabalean, eta oso bearrezkoak dira. Ain da ona eztia... Gaitzak sendatu eta gorputzari indarra eman egiten ditu batean, nola artu jakin ezkero.

Kontu auek eta geiago esan zizkidan neri Zamora-ko gizon alek.

* * *



Guri Fraisoro-n esaten digutenez, urte auetan asko ugaritu da erlea Euskalerria-n. Nola zaindu bear diran ikasi ere bai, baiña oraindik gauz asko gelditzen zaigula ikasteko.

Ala ere, azken aldi ontan, asko ari omen dira animatzen eta erleak jartzen gure erri ontan; eta Fraisoro-koak prest daudela erakusteko eta laguntzeko. Astean bein edo bi aldiz ematen dituzte itzaldiak, eta jende asko joaten omen da zerbait ikasi naiean.

Ni ere joan izan naiz prankotan, eta jende gaztea eta sasoikoa ikusten zan, geienak euskaldunak, baiña erdaldunak ere dexente. Orregatik, euskeraz eta erderaz, bietara itzegiten dute ango langilleak.

* * *



Orain, bukatzeko, jarriko det baserri batean gertatu zana.

Erleakin ibiltzen zana ill egin zan nunbait, eta etxeko semea edo norbait joan omen zan erletegi inguruko belarra ebakitzera, xano-xano, batere jantzi eta preparatu gabe.

Belarra ebakitzen asi zanean, batek zast, eta besteak zasta, or ekin diote erleak. Eta jakiña, komeriak izango ziran an, eta agoantatu eziñik amorrazi zaio eta ala esan omen zion bere buruari: “ez didazute neri geiago elduko, ez...”. Eta jarri omen zituan erle kajak belar onduakin estalita, eta illundu zanean, su eman eta denak erre, kajak eta erle gaixoak. Ori krimena dala iruditzen zait neri.

* * *



Esan edo jarri ditut ikasi edo ikusi ditudanak nere bizitzan, naiz oraindik asko egon ikasteko. Baiña karrera ori bukatzeko, neretzat berandu dala derizkiot.

Bertso batzuk moldatu ditut, azkenerako, erleak gai artuta.


Erleen izaera nola dan
nai nuke adierazi,
gaztetandikan zartzaroraiño
egin detana ikusi.
Erleengandik al dan guztian
egiten degu igesi,
beraiengana nola arrimatu
ondo pentsatu lenbizi,
pazientzia bear da baiña
denak dituzte merezi.
Oiek egiten dituzten lanak
arrigarriak benetan;
lendabiziko argizaigaia
ekartzen dute anketan.
Urrena ezti-tokia egin
jartzen zaizkien kajetan,
Txukunak eta azkarrak dira
erleak beren lanetan,
argi bearrik gabe egiten
dute lana illunpetan.


Egiten duten ezti gozoa
gustatzen zaigu danori;
zenbat loretxo zurgatzen duten
iñork ez dakigu ori.
Gaitzarentzako botika dala
iruditutzen zait neri;
besteak-beste gozatutzen du
makiñatxo bat eztarri,
gaixo dagona sendatzen du ta
kalterikan ez iñori.
Janari billa oso urruti
joaten diranak badira,
iru bat milla metro bidean,
loreak dauden tokira.
Ain pizti txiki oientzat naiko
ibillerak ez al dira?
Gertuan ezer ez dagonean
bearko jun urrutira:
euria, aizea ta otza oientzat
oso etsai txarrak dira.


Erleak gauza utsarengatik
ernegatzen dira berez,
onean artu askoz obe da,
ez asi iñoiz indarrez.
Kontuz ibili, arren, bai, azkar
jartzen dirala aserrez;
zerbait egin nai zaiotenean
pentsatuta asi aurrez,
ematen duten frutua kentzen
ez da izaten ain errez.
Erleengandik zaztako asko
artu det nere bizitzan,
orain baiño len askoz geiago
adelanturik ez baitzan.
Ala ta guztiz, joan egin bear,
erremediorik etzan;
baiña orregatik maldizioka
ni nekez asiko nintzan,
nunbait eztia gustokoa ta
erleak maiteak izan.


Pizti txikiak izanagatik
langilleak eta fiñak,
gizonarentzat mesederako
gure Jainkoak egiñak.
Ezti gozoa egiten dute
sendatzeko gure miñak,
lantegi ontan naiz eta izan
asko, beintzat, ezjakiñak,
errespetatzen da zaintzen egin
ditzagun guk alegiñak.
Erleak Jaunak jarriak dira
gu guztioi laguntzeko,
baiña ez dakit zenbat maitasun
daukagun guk oientzako...
Sei kilo ezti bear ditut nik,
urtean neronentzako,
beraz motibo paltik ez daukat
pizti oiek goraltzeko,
ta ara emen nere iritziak
nai dunak irakurtzeko.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org