SAN Martzialak ni onera, Altza-ra etorri nintzanean, aundikiro ospatzen genituan, etxetik urruti egon arren. Meza nagusira joan gabe etzan geldituko. Al zuan guztia joango zan, gizonezkoa beintzat.
Emakumezko gutxiago joan oi zan. Askok etxean naiko lan bazkari goxoak moldatzen egun ortan. Gaur ainbeste txorakeri gabe, baiña ondo jateko moduko bazkariak izaten ziran .
Orrela ibili giñan bastante urtetan; baiña nere emaztea nola baitzan alaba bakarra, jende gutxi biltzen giñan. San Martzial eguna aste eguna izan, eta Goierri-tik ere inor gutxi etortzen zitzaigun.
Gero pentsatu genduan, familian, San Inazio egunean zelebratzea, San Martzial eguneko partez. Batetik, nere urtebetetzea, seme zarrena ere Inazio dalako, eta bestetik Loiola auzoko jaiak ere orduan diralako.
Andik aurrera jende geiago biltzen giñan, nere senideak ia denak beren emazte eta senarrekin, famili giro ederrean. Geroztik ala segitzen degu San Inazio egunean, al bada famili dena bilduta. Une goxoak izaten dira neretzat, eta besteentzat ere bai, noski. Ala izango al dira, orain eta gero ere...
San Inaziotan Loiola auzoan nola izaten diran jaiak, bertsolariak ekartzen dituzte, eta Joxe gureak izaten du aien kargua, gaiak jarri eta abar. Orain dala bost urte edo, Loiola-n saioa eginda, etorri ziran gure etxera, bazkaltzera Joxemiel Argiñarena eta Lazkao-Txiki difuntua, eta ura zan bazkaria eta bazkalondoa igaro genduana...!
Bertso eta txiste,
iñor ez giñan gelditu triste.
Kostako zaigu, berriz,
egiten beste orrenbeste.
|
* * *
Berriro Altza-ra bueltatuz, esan bezela, San Martzial egunez, meza nagusi ederra autoridade eta guzti. Gero amaiketakoa, konzejuan nai zuanak, eta plazan ttun-ttun jotzalleak dantzan egiteko. Etzan beste soñurik garai artan.
Eguerdian eta arratsaldean pelota partiduak. Altza-n bertan ere baziran pelotari onak garai batean, nik ezagutu nituanak. Esate baterako, onenetako bat Joxe Orbegozo zan. Orain il berria da. Aurki dedilla zeruan. Baiña kanpotik ere etortzen ziran pelotariak, etxekoen kontra jokatzeko.
San Martzial biaramonari esan oi zioten gure aurrekoak:
Gaur Santeon, jan da egon.
Lanerako gogo gutxi baizegon.
|
Baiña ganadu-jatekoak egiteak ematen zigun naiko lan, onetik egin arren.
San Martzial irugarrena, berriz, Santa Isabel, baserritarren eguna. Egun ortan ere meza nagusia eta ondoren bertsolariak konzejuko balkoitik: Txirrita, Saiburu -bere lengusua-, Telleri-Txiki eta besteren bat ere bai batzuetan.
Gero idi-apustuak edo demalariak; Altza bertakoak izaten ziran bata bestearen leian. Baziran, garai artan, idi pare onak zituzten baserritarrak. Iru edo lau bai, alkarren setan ibiltzen ziranak eta apustuak ere jokatzen zituzten tarteka.
Arratsaldean, bigarren saioa bertsolariak eta demalariak. Aiek bukatutakoan, illunabarrean, etxeko lanak egitera baserritarrak. Eta, lanak egindakoan, baserritar-matrimonioen afaria Martillun tabernan.
Gu ez giñan joan izan afari ortara. Etzuan nai izaten nere emazte difuntak, gero gauean etortzeko urruti gelditzen baizan gure baserria.
|
Baiña matrimonio asko biltzen omen zan, eta oso afari atsegiñak egiten zituztela esaten zuten, jaiei bukaera emateko.
Ala bukatu ziran gure San Martzialak eta Santa Isabelak.
* * *
Baiña badet oraindik, jaiei buruz zerbait esateko. Familiko oiturak kanbiatu egiten dira, kanpoko bat sartzen danean askotan. Idea askotako gizonak bait gera emen.
Nik ondo ezagutzen nuan aitona batek esanak, Altza-ko baserri bateko aitonak, Santa Isabel biaramon batean.
Igandea zan, ain zuzen, urte artan, eta konpadrira illekoa pagatzera joana nintzan, eta aitona ura ere bai.
Illaren lenengo igandean egiten zan konpadriko billera eta, biok an geunden kontu-kontari zerbait artuaz.
Aitonaren familian, nunbait, oitura zuten Altza-ko jaiak zirala-ta, beren familiko billera Santa Isabel egunean zelebratzekoa.
Alaba zuten etxera esposatua, eta an ere, esan bezela, oitura kanbiatu, nunbait. Beste egun batean zelebratzen asi Santa Isabel eguneko partez. Aitonak pena zuan eguna kanbiatu eta Santa Isabel eguna lanerako jarri zutelako.
Ain zan zelebrea, ta ala esan zidan:
Aizak, Bartolo, esango dit kontu berri-berria, iri, gaur. Bart arratsean zer esan nion andreari oera joan giñanean: “Aizan, i, Santa Isabel eguna ederki zelebratu iñau, egun guztia arta-jorran pasatu iñau-ta...”
Pena ura ezin izan zuan barrenean eduki, nunbait. Aitona, umore onekoa eta bertso-zale amorratua zan gañera. Neri askotan, konpadrira joandakoan ala esaten zidan:
Kantatu itzak bertso zaar batzuk, Bartolo, ik asko dakik-eta.
Ori egia da. Nik orduan bertso asko nekien, eta kantatzen asten nintzanean, pozik egoten zan entzuten.
Gizona ona zan oso. Ez nuan entzun, ez etxean eta ez kanpoan, sesiorik izan zuanik beiñere.
Baiña denok badegu zeozer, eta arek ere bazuan: iñoizka geitxo edaten. Nik, ordea, ez nuan beiñere ikusi itxura txarrean.
Entzun bai izan nion bere auzoko bati, nola bein, geiegi kargatuta etxera zijoala erori eta lagundu ziola. Lurrean zegoala ala esaten omen zion bere buruari:
Altxa adi orain, alu alena...! Len edateko baitzan, ba... eta orain eramateko ez...
Etxe ondora iritxi ziranean, esan omen zion lagundu zionari:
Eskerrikasko, motel, lagundu nakelako. Diru geitxo eraman diat patrikan, eta orrek ondatu niok. Berriz ez al diat egingo olakorik...
Geroztikako konturik ez dakit, baiña bai eiztari amorratua zala. Eiztari gutxi izango zan orduan, eta esaten zuten tiro batekin, bein, bost azeri il zituala. Eta ori etzan gezurra izango, jende askok esaten zuan. beintzat, marka ederra utzita joan zala mundu ontatik eiztari ziranentzat. Nik ez dakit nola izango zan, baiña pentsatzen det azerien kabia billatuko zuala eta kabian bertan ilko zituala. Bestela ezin zitezken bost azeri il tiro batekin. Nolanai ere, bazuan meritua, aurrena kabia billatu, eta gero ori egiteko.
Eta, orrenbestez, bukatu ditzadan aitonaren kontuak. Nik uste det zeruan egongo dala. Andik lagundu dezaiela ondorengoei.
|