Altza-tik Loiola-ra salto


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Altza-tik Loiola-ra salto

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Altza-tik Loiola-ra salto



Loiola’ko UBEGI, Barlolo Aierbe bizi dan baserria.



ALTZA-KO kontuak eta Altza-ri buruz dezente idatzi detala uste det. Ez dira nik asMatuak, guk geronek ikusiak eta egiñak baizik. Egi mardulak, beraz.

Ni, izan ere, Altza aldera joan-etorri asko egiña naiz, egia esan, gutxienez, berrogei urtean. Urruti egon arren, ni ez nintzan nekatzen. “Gustoko tokian aldapik ez” dio esaerak, eta neri ere, ori gertatuko zitzaidan, seguru asko.

Len esan bezela, bein konpadria bukatu edo desegin eta baserri botatze ikaragarri ura egin geroztik, oso gutxitan izan naiz ni Altza-n.

Artean, eta gero ere bai pixka batean, jaietan Uba-n meza izaten genduan. Baiña orko apaiza ezkondu egin zan, eta or gelditu giñan mezik gabe. Orduan meza entzutera Loiola-ra edo Martutene-ra joan bear. Biak ere, naiko urruti; ia iru bat kilometro egongo dira-ta.

Ni Loiola-ra asi nintzan, eta ala segitzen det azken urte auetan. Beti-beti ez, baiña eguraldiak laguntzean eta aldarte ona daukatenean, oraindik ere jexten naiz, jai egunetan meza entzutera.

Bereala egin nituan lagunak, batez ere euskaldun zaarrak. Jubilatuen etxean zeuden geienak, eta ni ere an sartu nintzan. Euskaldun gutxi; erdaldun geiago an ere, beste toki askotan bezela. Baiña ala ere, denok lagun.



Garai artan buru egiten zuana edo presidentea euskalduna genduan, bokalak ere bai batzuk, eta ibillaldi ederrak egiten genituan Arantzazu-ra, Arrate-ra, Loiola-ko Santutegira, etabar.

Nik esaten nion, autobusean abiatu aurretik:

Aitagure bat errezatuko al degu?

Bai, bai, errezatuko degu. Txalo joko zuan eta nik aitagurea errezatu. Jendeak erantzun ere bai. Ondo iruditzen zitzaien.

Bilbo-n, Iruña-n, Gasteiz-en eta Lierni-n ere izan giñan. Eta neri, toki oietan, Arantzazu-n, Arrate-n eta Lierni-n adibidez, bazkal aurretik errosarioa errezatzea gustatzen zitzaidan elizan. Jende geienari ere bai. Oso ondo artzen zidaten, batez ere euskaldunak, eta eskertu egiten zidaten. Ni, berriz, oso pozik gelditzen nintzan ura egiñarekin egun guztirako.



Azpeiti-ko Loiola-ra joan giñan batean esan nioten:

Elizara sartu aurretik eztazio bat errezatu eta San Inazio-ren martxa kantatu bear degu .

Eta denak konforme. Nere gisako lagun bat banuan, bertso eta kantuak gustatzen zitzaizkiona, eta arek asko laguntzen zidan. Oso ondo konpontzen giñan alkarrekin. San Inazio-ren martxa kantatzen ari giñala, bertako pralle batek entzun egin gindun eta eskerrak ematera etorri zitzaigun. Nungoak giñan galdetuz, oso ondo egin genduala esan zigun eta eskerrak eman zizkigun. Lagunak, berriz, neregatik, apaiz baten zerbitzua egiten nuala esan zion.

Orain ez naiz joaten iñora, baiña nere lagunak joaten dira, eta urruti-xamarrera, esaten dutenez, Fraintzi-ra eta ez dakit noraiño. Nun eta nola dabillzan esaten didate eta ni konforme gelditzen naiz. Dabiltzala, orrelaxe, urte askoan.

* * *

Altza-tik Loiola-ra salto egin edo jexten asi nintzala amasei bat urte izango dira gutxienez-ta, loiolatar egiña nago. Mezetara joaten naizenean, euskaldun abarrak, gutxi batzuk, kontu-kontari egoten gera.

Lagun bat badet, baserritarra, len Altza-n bizitua, orain Irun-en bizi dana, eta andik Loiola-raiño etortzen da mezetara. Lagunak baditu emen, eta meza entzunda gero, soziedadean egiten dute tertulia. Baserrian bizitu zanean, esne-parrokia Loiola-n zuan eta jende asko ezagutzen du.

Lagun orrek, orain dala urte batzuk, bost bat izango dira, San Isidro eguna igandean tokatu zan batean, esan zidan:

Bartolo, arratsaldean Altza-ra joango al gera? An izango dira idi-apustuak, eta bertsolariak ere bai. Gaur gure eguna da-ta, goazen...

Ez, ni ez naiz joango -esan nion.

Ni joango naiz-ba. Ondoan zegoan beste lagun batek ala esan zigun:

Emen bertan zelebratu bear genduke guk San Isidro eguna. Baserritar asko ez gera baiña, len baserrian bizituak bastante gera Loiola-n oraindik. Eguerdian, amabitan edo, meza jarriko degu, eta gero, ordubik edo irurak aldean, bazkaria. Nik enkargatuko ditut meza eta bazkaria; eta bertsolariak ere bai, nai izan ezkero. Zer iruditzen zaizute?

Ez giñan asko an, zazpi edo zortzi geienez, baiña giñanak konforme aren esanera. Bertan artu zituan gure izenak eta enkargu au eman zigun

Zuen auzoko lagunai ere esan; nai badute etorri, nik listan jarriko ditut.

Ala asi, eta amabi bildu giñan lenengo urtean. Eta gero, urtetik urtera, ugaritzen. Martutene aldetik ere etortzen dira bastante, eta lengo urtean ogeitaseitaraiño bildu giñan.

Azkeneko bi urtetan auzoko Kultur Etxeak ere parte artu du gurekin. Bertako enkargatuak ordaindu dizkigu bertsolariak, eta lagun egin gera berarekin. Orrek guri gastuak arindu egiten dizkigu. Aurten ikusiko degu nola moldatzen geran.

Elizan, meza garaian, iru edo lau bertso kantatzen ditut nik, eta asko ixtimatzen dit jendeak. Bazkal-orduan, berriz, bertsolariakin batera aritzen naiz bertso zaarrak kantatzen, Txirrita, Xenpelar, Zapirain eta abarrenak. Berriak ere kantatzen ditut, nolako edo alako, bertsolariakin batera, eta oso ondo pasatzen degu San Isidro eguna, gizatasun ederrean. Aurten ainbestean konforme nintzake.

* * *



San Inaziotan, berriz, Loiola-ko jaiak izaten dira, eta beste gauza askoren artean, bertsolariak ekartzen dituzte. Gure semea nola ibiltzen baidan gai-jartzen eta abar, azken urte auetan gonbidatu egiten naute.

Eguerdian, saioa egin aurretik, amaiketakoa egiten degu, soziedade batean edo bestean, bertso-zale batzuk bertsolariakin. Amaiketakoa egindakoan bertso saioska bat egiteko oitura da, eta, jakiña, orduan ere zirikatu egiten naute, eta ixilik ezin egon.

Ordubatean edo izaten da saio aundia, ta ura entzun ondoren, bazkaltzera famili dena. Egun ortan biltzeko oitura degu-ta. Bazkalondoan ere saiatzen gera aita-semeak, nola edo ala, bertso zaar eta berriak kantatzen.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org