Garizumako elizkizunak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Garizumako elizkizunak

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Garizumako elizkizunak



GU gazteak giñala, gure errian, Gaintza-n, gañerako erri txikietan ere bai, noski, dotriña zaar ari pasadatxo bat eman bear izaten genion. Etxean giñanak, beintzat, txartelen billa erretorearen etxera edo elizara joateko.

Dotriña galdetzen zuan arek, mandamenturen bat geienean, edo beste zerbait igoal. Beldurrak bezela egoten giñan txartel billa joateko; erretorearen galderari nola erantzun pentsatzen, askotan.

Baita esposatu aurreko egun batean ere, galdetzen zuan dotriña. Ni neroni ere joan nintzan, eta gogoan det ez niola ondo erantzun egindako galderari.

* * *



Orduan, garizuman, erriko denak egiten zuten Pazkoakoa. Gañerakoan, igandetan, etzan kasik iñor ikusten komunioa artzen.

Banaka batzuk joaten ziran bakarrik. Urtean bein Pazkoakoa egiteko konfesatu eta Jauna artu, eta urte guztirako pakeak egiñak.

Gaur berriz, meza entzuten degunok, nik uste, geienak joaten gerala Jauna artzera. Meza osoagoa izan dedin, ala agintzen ote duan pentsatzen det nik.

Txartel kontuari buruz, nik entzun izan det Pernando Amezketarra-ri gertatua edo berak esana. Ala esaten dute. Txarteletara joan omen zan, eta, erretoreari onoko bertso motx au kantatu:

Errespetoa azaltzen diot
erantzirikan txapela,
Dotriña ondo badakit eta
eman bear dit txartela.


* * *



Aste Santu-ko Ostegun Santu egunean, gure errian, Pazkoakoa jende askok egiten zuan. Goizean etzan mezik izaten, baiña komunioa artu eta listo. Arratsaldean berriz, kalbarioak egiten ziran Gaintza-ko elizatik San Martin ermitara. Eta bueltakoan, ostera elizara, errosarioa errezatuz. Elizkizuna egin, egunari tokatzen zitzaiona, eta eliz-ataria edo zimitorioa jendez bete-bete egiten zan.

Ordurako an egoten zan zagi ardoa maiaren gaiñean. Aiuntamentuak jartzen zuan debalde, eta alkatea eta konzejalak, bandejan basuak eta eskuan botilla artu, eta nai zuan guztiari ardoa eman.
Dena gizonezko utsa. Emakumeak, batzuk elizara berriz, Jaunan bixita egitera, eta besteak etxera lan egitera. Gizonezkoak, geienak eramaten zuten ogia eta gazta puskaren bat patrikan. Geienak jaten ikusten ziran, beintzat, ardoa edanez. Edan ere bai, batzuk ondotxo, eta gero etxera zuzen ezin joan. Baiña urrengo goizean, Ostiral Santu egunean, kalbarioak berriz elizatik San Martin ermitara. Baita txintxo asko joan ere geienak.

Gero arratsaldean, Billafranka edo Ordizi-ra joaten zan al zuan guztia prozesioa ikustera. Izugarri ederra izaten zan, eta jendea ere ikaragarri bildu oi zan.

Famili osoak joaten ziran prozesio ura ikustera. Neroni ere izan nintzan urte batzutan. Orrela zelebratzen zan, orduan, Aste Santua, eta egin bearrak obeto egiteko eta fedean sendo jarraitzeko bearrezkoak zirala pentsatzen det. Indar-berritu egiten gaituztela uste det orrelako gauzak; ni artan nago beintzat. Ortan sendo iraun det gaztetatik zartzaroraiño.



Bertso-zale amorratu oietakoa naizelako edo, naiz orain orrelako konturik izan ez, bertsoa eta erlijioa elkarrekin ondo konpondu oi ziran, garai aietan batez ere. Adibide bezela esango det, nik ezagutu nituala gure errian, Gaintza-n, gizasemea eta emakume bat kalbarioaren eztazio denak bertsotan esaten zituztenak. Etzan meritu txikia ura ala egitea.

Gai onekin bukatzeko, bi bertso dijoaz. Lenengoa ez dakit ziur zeñena dan, baiña, uste det Basarri aundiak jarria izango dala:



Euskalerria bertso-zale da
animaz eta gorputzaz,
oitura ederra indartu zagun
txarra bazterrera bultzaz.
Gauzak zein gozo esateitugun
ikasi gendun izkuntzaz,
bertsolariak asko dezake
Jaungoikoaren laguntzaz.


Bigarren au Pello Errota-k kantatua omen da, ikusi edo igarri zionean eriotza alderatzen ari zitzaiola:



Auxe esan bear det
azken-azkenean,
zer egin beazuten
iltzen naizenean:
errosaioa esan
nere izenean,
zerura joan dedin,
Pello, zuzenean.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org